Xabier Erro

Mendizale naturala

1980an Everestera igo zen lehen espedizioko kide izan zen Erro. Zortzimilakoak aspaldi utzi zituen, baina mendiari lotuta segitzen zuen, gidari lana egiten. Herenegun hil zen, buruko tumore baten eraginez.

ainara arratibel gascon
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun

«Grinatsua, abertzalea, euskaltzalea, umore handikoa, baina batez ere bere lagunen laguna». Felipe Uriarte mendizaleak hitz horiekin definitu zuen atzo Xabier Erro, (Lesaka, Nafarroa, 1946) «aspaldiko soka laguna». Erro 1980an Everestera (8.848 m) igo zen lehen euskal espedizioko kide izan zen, eta herenegun zendu zen, Hondarribian (Gipuzkoa), buruko tumore baten eraginez. Mendizaletasuna bizitzeko Errok zuen modua nabarmendu du Felipe Uriarte lagun eta espediziokideak. «Modu zintzoan, irekian, naturalean eta xumean egiten zuen. Berdin disfrutatzen zuen Balerdin edo Gasherbrumen».

Hiru urterekin hasi zen mendira joaten, aitarekin. Orduan ezagutu zituen gerora estimu handitan izan zituen Frain eta Larhun mendi inguruak. Zaletasuna areagotu, eta adinean aurrera joan ahala hasi zen gain altuagoetara igotzen. Goi mendizaletasuna, dena den, Mexikon ezagutu zuen. Donostiako Contadores fabrikan egiten zuen lan orduan, ur kontagailuak egiten. Enpresak Mexikon lantegia muntatu zuela baliatu zuen, hara joan eta mendiaz gozatzeko.

Andeetako makina bat mendi igo zuen, tartean Aconcagua (6.960 m). Erro izan zen hura igo zuen lehen mendizale nafarra. «Ia-ia lehen euskal mendizalea izan zen, baina egun batzuk lehenago igo ziren [Angel Alexandre] Rosen eta [Juan Ignacio] Lorente».

Andeetako igoera haiek oihartzuna izan zuten Euskal Herrian, eta hala jaso zuen 1980an Everestera joateko gonbita. Hain zuzen ere, hiru urte lehenago, Chopicalqui mendira (Huascaran, Peru, 6.354 metro) igo zen, Everesteko espedizio hartako hiru kiderekin: Rosenekin, Lorenterekin eta Martin Zabaletarekin. Gainera, orduan lana utzi zuen, enpresak Mexikoko planta itxi baitzuen, eta, lanean segitu nahi bazuen, Kolonbiara joan behar zuen. «Baina horrek ez zuen konbentzitzen, eta Everestera joateko gonbita erabakigarria izan zen».

Uriarte ere Everesterako espedizio hartako kide izan zen, eta oso gogoan du hura prestatzen Errok egindako lan eskerga. «Buru-belarri aritu zen. Espedizioko arimetako bat izan zen. Orduan, hemendik material eta janari asko eraman behar izaten zen halako espedizio bat egiteko, eta Erro arduratu zen hortaz. Gainera, oso gertukoa zen, eta xerpekin oso harreman estua egin zuen. Hori funtsezkoa izan zen espedizioa ondo ateratzeko». Ondoren, gainera, guztia jasotzen geratu zen. Igoerari erreparatuz, «soka lagun paregabe» gisa gogoratzen du. «Ez hor bakarrik, baita denda txikian solasaldi bat izateko edo janaria prestatzeko ere. Dena errazten zizun».

Espedizio hartan Martin Zabaletak bakarrik lortu zuen gailurrera igotzea, Pasang Tenbarekin batera. Errok beti esan izan zuen «poza eta desengainua» sentitu zituela. Hala berretsi du Uriartek. Biak elkarrekin egon ziren. «Haiek lortu ez balute, gu ginen ahalegina egingo zuten hurrengoak». Uriarte eta Erro hirugarren kanpalekuan zeuden. «Oso jaitsiera zaila izan zuten; eguraldi txarraz gain, oso nekatuta zeudelako. Beraz, lagundu egin genien. Bitan pentsatu gabe. Gailurrera iritsi ez arren, lortu bagenu bezala sentitu genuen. Baina, egia da, denborarekin, tontorrera ez igotzearen arantza hori geratu zitzaigula».

Everesteko tontorrera ez zen iritsi; bai, ordea, Gasherbrum II-kora (8.035 m). Baina espedizio hartan, Antton Ibarguren laguna hil zen, azken kanpalekuan irrist eginda. Mendian bizi izan zuen «nahigaberik handiena» izan zen harentzat. «Nire hutsegite gisa hartu izan dut beti. Beti pentsatu dut: zenbat hutsegite egin ditut hau gertatzeko? Zergatik ez generaman soka lotuta? Zergatik jaitsi nintzen lehenago? Bizkarrean motxila bat daramadala sentitu izan dut beti», aitortu zuen duela urtebete BERRIAn egindako elkarrizketa batean.

Horren ostean erabaki zuen zortzimilakoetara ez itzultzea. «Bi seme, emaztea, lana, bertan hartutako egurra... Horrez gain, beti pentsatu izan dut gauza guztietarako gure garaia izaten dugula: lehenik, Pirinioak; gero, Alpeak; geroago, Andeak, Himalaia... Baina hau ere bihurgune baten antzekoa da; lehenik gora, eta gero jaitsi egiten zara, eta askotan jakin behar izaten da pauso bat atzera egiten».

Baina mendiari lotuta jarraitu zuen, mendi gidari lanetan. Izan ere, Uriarterekin batera Mendiak eta Herriak elkartearen bultzatzaileetako bat izan zen. Irakasle gisa erretiroa hartu zuenetik horretara emanda zegoen. «Disfrutatu egiten zuen jendea mendira eramaten, eta bere txokoak erakusten. Niri makina bat leku erakutsi zizkidan. Ez dut sekula ahaztuko, Arantza inguruko Mendaur mendian egin genuen ibilaldia».

Kritiko zen egungo espedizio komertzialekin. «Iruditzen zait askok eta askok hedabideei begira egiten dituztela. Badirudi gaur egun kontatzeak egiteak baino gehiago balio duela. Gailurrera heltzeak garrantzi handiegia du, lortzeko moduak baino gehiago». Uriartek behin baino gehiagotan hitz egin zuen harekin gaiaz. «Zortzimilakoen inguruan dagoen lehia hori ez zuen batere gustuko».

Azken aldiz duela urtebete inguru egon zen harekin mendian, Gaintzan. «ETBko Ur Handitan saiorako grabaketa bat egin behar zuela eta hara joan ginen, eta elkarrekin mendi buelta bat egin eta batera bazkaldu genuen». Asko maite zuen ibilbide bat: Hondarribi eta Pasaia arteko Talaia bidea. «Gaixotu eta gero, tematu egin zen berriz egin behar zuela, eta lortu zuen. Adoretsua zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.