Mendizale bat hil zen atzo amilduta, Hiru Erregeen Mahaitikjaisten ari zela. Hildako gizonak 38 urte zituen eta Leongoa (Espainia) zen. Harekin batera zihoan mendizaleak eman zuen abisua larrialdi zerbitzuetara. Azaldu zienez, izoztuta zegoen gune batetik igarotzen ari zirela, irrist egin eta amildu egin zen gizona. Ez zuen nora erori zen ikusten, eta telefonoz deitzen saiatu zen. Baina ez zion erantzuten.
Nafarroako Gobernuko eta Paueko larrialdi zerbitzuetakotalde bana hara bertaratu ziren, eta mendizalea bilatzen ahalegindu ziren helikopteroz eta oinez. Paueko suhiltzaileek aurkitu zuten gorpua. Helikopteroz Erronkarira (Nafarroa) eraman zuten.
Aurreko asteburuan Iruñeko 53 urteko mendizale bat hil zen, Huescako Pirinioetako Aspe mendia (Espainia) igotzen ari zela. Beste hiru mendizalerekin batera ari zen bidea egiten. Irristatu, oreka galdu eta 300 metro inguru amildu zen. Beste hiru mendizaleek eman zuten abisua larrialdietara, baina iritsi zirenerako hilda zegoen.
Euskal Mendizale federazioak abisua eman du azken egunetan izotza handia dela Pirinioetan. Azken egun eta asteetako euriteek, muturreko tenperatura aldaketek eta haizete indartsuek elur geruza trinko eta izoztua bihurtu dute goi mendietan. Ondorioz,tentuz ibiltzeko gomendioa egin die hara doazen mendizaleei. Hala, material egokia ematearen garrantziaz ohartarazi du.
Mendizale bat zendu da amilduta, Hiru Erregeen Mahaitik jaisten ari zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu