Udaberrian jakinarazi zuen ESAITek, Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak, hemezortzi urtez ofizialtasuna lortzearren lanean aritu ostean, bere ibilbidea amaitutzat eman zuela. Hainbat ekintza egin zituen taldeak, Euskal Herrian eta nazioartean, ofizialtasuna aldarrikatu eta lortzeko. Horietako bat da euskal selekzioaren aldeko mendi martxa. Aurten, lehenengoz, ESAITen aterki azpitik kanpo antolatu eta egingo dute, abuztuaren 1etik aurrera.
«ESAIT desagertu arren, selekzioaren inguruko gaiak bizirik dirau», adierazi du Txumai Iturriak, euskal selekzioaren aldeko mendi martxaren antolatzaileak. Mendi martxako lantaldeak hausnarketa propioa egin zuen, erabakiaren berri izandakoan, etorkizun laburrean zer egin erabakitzeko. Orain arte egindako lanak aurrera egitea merezi duela ondorioztatu zuen lantaldeak, eta hamabosgarren mendi martxa izango da aurtengoa. Abuztuaren 1-8 artean egingo da, eta Algorta (Bizkaia)-Ziburu (Lapurdi) herriak lotuko ditu.
Euskal Selekzioa martxan, kosta ala kosta ofizialtasuna! lelopean egingo dute mendi martxa. Ibilbidea 25 kilometro inguruko zortzi etapek osatzen dute, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko lurretan barrena. Izena emateko epea, uztailaren amaiaera arte egongo da zabalik.
Leloari dagokionez, «esanahi ugari» ditu Iturriak dionaren arabera: «Batetik, ESAIT desagertuta ere hemen gaudela aldarrikatu nahi dugu; bestetik, euskal kostaldea zeharkatuko dugunez, horri ere errefentzia egiten zaio; eta azkenik, kostata bada ere, lehenago edo geroago euskal selekzioaren ofizialtasuna helduko dela aldarrikatzen dugu».
Parte hartzailearen profilak ez du zertan kirolari profesionalarena izan, mendimartxa.eus webgune ofizialean adierazten dutenez: fisikoki tonu egokian egotea komeni da, eguneroko gorabeherak eta martxen iraupenak kontuan harturik. Hala ere, ez dute inor beldurtu nahi: «Parte hartzaileen artean 8 urteko gaztetxotik hasita 75 urteko heldurartekoak daude». Adin tarte handia dago, zehaztu du Iturriak. Horrez gain, ibilbidean zehar taldearen hasieran eta bukaeran antolatzaileak joango dira, helmugara partaide guztiak heltzen direla ziurtatzeko.
Bi garraio zerbitzu jarriko ditu antolakuntzak: batetik, lehen eta azken egunean joan-etorriko autobusak; bestetik, motxilak (lo zakuak, lotarako azpiak, aldatzeko erropa, eta abar) etapa amaierara eramango dituena. Era horretara, mendi martxan zehar beharrezkoa dutena bakarrik eraman beharko dute ibiltariek.
Parte hartzaile guztiek, martxa erdia egin, osoa edo bi etapa, diru kopuru bat ordaindu beharko dute. Hala, gutxieneko azpiegiturak bermatuta egongo dira. Mendi martxa osorik egin nahi duenak 300 euro ordaindu beharko ditu, azken hiru urteetako kopuru bera. Prezioaren barruan sartzen dira: zortzi egunetako gosariak, ibilbideko janaria, lehen eta azken eguneko garraioa, herri afarietarako lekua, eta motxilak etapa hasieratik bukaerara eramateko garraioa. 200 eurorengatik ibilbide guztia egin daiteke, nahiz eta eguneroko afari eta otordu bereziak ez diren barnean sartzen. Norbaitek ibilbide erdia egin nahiko balu, 150 euroren truke izango ditu aurretik aipatutako zerbitzu guztiak bermatuta. Azkenik, norbanakoak egiten dituen egunen arabera molda daiteke prezioa.
Azken urteetatik hona 100 partaideko muga ezartzen du antolakuntzak: «Azpiegituretatik hasita, ehun pertsona nahiko jende da». Lo egiteko lekuak, adibidez, ez daude zifra horretatik gorako jende kopuruak biltzeko prestatuak. Aurten egunero 80-100 lagun artean egongo direla espero dute, kontuan izanik partaide guztiek ez dituztela egun guztiak egingo.
Bi antolakuntza talde bereizten ditu Iturriak: «Mendi martxa prestatzen, urte osoan, sei pertsona egon gara, baina ibilbidean zehar jende gehiagok osatzen du lan taldea: batzar bat egiten dugu partaide guztiekin, eta ibilbidean zehar egin beharreko lanak zein diren azaltzen diegu, haiek ere parte har dezaten». Gauza garrantzitsuenak gosaria prestatzeko txandak eta garbitasunekoak dira: «Goizeko zortzietan abiatzen gara mendira, eta gosaria prestatu behar dutenek seietarako zutik egon behar dute; horrez gain, konpromisoa hartzen dugu lotarako instalazio aurkitu baino txukunago utziko dugula», adierazi du Iturriak. Lankidetzak, beraz, garrantzi berezia du egitasmo honetan. Talde lanean egindakoa da.
Ez da mendi martxa soilik
Mendian ibiltzeaz gain, «garrantzi berezia» izango dute igarotzen diren herrietan antolatzen diren ekintzek. Besteak beste: ongi etorriak, bisitak eta herri afariak antolatu dituzte. Iturriak esan duenaren arabera: «Euskal selekzioaren aldeko aldarria egiten dugu, baina ez dugu ahazten Euskal Herrian gaudela, eta gure kultura eta historia ibilbidean txertatzen saiatzen gara». Aurten Lemoizko zentral nuklearra (Bizkaia), Zumaiako flyschak (Gipuzkoa) eta Pasaiako Albaola ontziola (Gipuzkoa) bisitatuko dituzte, besteak beste.
Ibilbidea prestatzen ari zirenean gertatu zen Ziburuko Ikastolaren afera: «Orduan erabaki genuen mendi martxaren amaiera Ziburun izango zela, eta Seaskari zein Kaskarotenea Ikastolari omenaldia egitea», azken etaparen amaieran izango da.
Menditik ofizialtasunerantz
Euskal selekzioaren aldeko mendi martxaren hamabosgarren aldia egingo dute abuztuan, ESAIT gabeko lehena. Algortatik Ziburura helduko da zortzi egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu