Garai batean, mendira joaten zen zalea bere argazki kamera, GPS gailua, sakelako telefonoa eta beste zenbait traste hartuta ibiltzen zen bere saltsan. Telefono adimendunen garapenarekin, posible da gailu bakar horrekin hainbat funtzio pilatzea: argazkiak ateratzeko gai dira, GPS hargailua badute eta, zer esanik ez, telefono deiak ere egin daitezke. Smartphone batek ez dio GPS hargailu on bati itzalik egiten, argazki kamerekin gertatzen den bezala, baina gure beharrak ez badira oso profesionalak, nahikoa izan daiteke horrelako gailu bat mendira joan eta gure bideak grabatu edo beste batek egindako bideari jarraitu ahal izateko.
Telefono adimendun horien erabilera posible bat azaltzen saiatuko gara. Inork egindako ibilbide bati jarraituz, leku berriak ezagutzeko parada izango dugu, eta guk egindako ibilbideak grabatu eta inon publikatzen baditugu, beste batzuei ere gure txoko eta guneak ezagutzeko aukera emango diegu. Hainbat smartphone modelo edo marka erabiltzea posible bada ere, orain Android sistema eragilea darabilten gailuak izango ditugu hizpide.
Telefonoaren GPSafin ez dabilenean
Gure Android telefonoek darabilten sistema eragilea Googlek garatutako sistema eragilea da, Linux oinarrian duena. Telefonia operadoreek, batzuetan, oinarrizko sistema eragileari hainbat aldaketa egiten dizkiote, erabiltzaileei erraztasunak eta beste baliabide batzuk eskaintzeko asmoarekin. Batzuetan gertatzen da operadoreek egiten dituzten aldaketak zenbait arazo sortzen dituztela telefonoaren funtzionamenduan, eta GPSaren funtzionamenduan eragina izatea ere gerta daiteke. Horrelakoetan, GPSari kosta egiten zaio gure kokapena sateliteetatik jasotzea, eta haren erabilera oso nekagarria suertatzen da. Horrelakoak gertatu izan direnean, erabiltzaile batzuek jatorrizko Android sistema eragilea instalatu diote telefonoari, eta hainbat kasutan, GPSaren funtzionamendu okerra zuzendu egin da. Hori ez da, ordea, edonork egin dezakeen gauza bat, eta ez da segurua ere gure arazo guztiak konponduko direnik. Horrelakoetan, hoberena Interneten gure arazoen moduko berriak ematen dituzten erabiltzaileen ekarpenei behatzea izaten da, eta ematen dituzten irtenbideak irakurri eta aplikatzea.
Telefonoa mendian erabiltzeko zenbait aholku
Gure telefonoek duten arazo handienetakoa bateriaren iraupen laburra da. Telefonoaren baliabide gehiago erabiltzen ditugun heinean (GPSa, Wifi sareak, 3G konexioa, pantaila, Bluetooth, argazki kamera...), bateriaren iraupenak behera egiten du nabarmen. Mendian gure telefonoa erabiltzeko, beraz, ondorengo aholku hauek bete ditzakegu:
1. Ordezko bateria bat erostea. Dendetan baino dezente merkeago lor daitezke Interneteko dendetan (ebay eta horrelakoetan). Ordezko bateria eramaten badugu, telefonoak darabilena ahitzen denean, zerekin ordezkatu izango dugu.
2. Gure gailuaren bateria gastatzen duten hainbat zerbitzu itzali eta ahal den neurrian telefonoaren pantaila ere itzalita izatea. Mendian wifia piztuta eramateak ere ez du zentzurik. Telefonoaren datu konexioari dagokionez, hobe hori ere itzalita eramatea. Pentsa daiteke gure telefonoan mapak ikusteko beharrezkoa izango dugula datuak aktibatu behar izatea, baina badago behar izango ditugun mapak etxean kargatzeko aukera ere. Horrela eginda, ez dugu mapak on line hartu eta erabiltzeko beharrik izango. Hala eta guztiz ere, whatsapp edo horrelako mezularitza zerbitzu baten beharra izan eta datu konexioa behar badugu, 3G konexioak desgaitu ditzakegu eta 2G bakarrik erabili. Energia behar gutxiago dute sare horiek, eta mezuak abiadura txukunean trukatzeko, nahikoak dira.
3. Eguraldi txarra dagoenean telefonoa bustitzen bada, harenak egin du. Beraz, kontu handia izan behar da telefonoa ateratzearekin. Horretarako ere, hainbat dendatan telefono estalkiak saltzen dituzte.
Ibilbideak prestatzen
Telefonoan mapak erabili nahi baditugu, hobe izaten da atera aurretik telefonoan kargatzea eta sareko datu konexioak ekiditea. Mapak kargatu, ibilbideak grabatu edo besteen ibilbideei jarraitu ahal izateko, Oruxmaps (http:// www.oruxmaps.com/) izena duen aplikazio bat instalatuko dugu gure sakelako telefonoan. Instalatzeko, Googleren aplikazio biltegira jo (Play Store) eta bertatik har dezakegu. Ibilbideak prestatzeko, Google Earth (http:// earth.google.com) aplikazio ezaguna erabil daiteke, eta horko satelite argazki eta planoak baliatuz, gure ibilbidea sor dezakegu bertan. Jendeak ibilbideak partekatzeko erabiltzen duen Wikiloc (http://wikiloc.com) gune ezagunak eskaintzen dituen ibilbideak ere Google Earthen bistaratu ditzakegu, eta gure ibilbidea marrazteko gida gisa erabili. Funtsean, Google Earthen gure ibilbidea sortzen dugunean, gure sakelako telefonora pasatu ahal izango dugun fitxategi bat sortuko dugu. Lan horiek nola egiten diren xehetasunez azaltzen dira hemen: http://bit.ly/L0oD4T.
Ibilbideak mendian erabiltzen
Guk sortu ditugun ibilbideak (track edo route esaten zaie) egin ahal izateko edo Wikiloc bezalako guneetatik hartu ditugunak egiteko, Oruxmaps aplikazioa erabiliko dugu. Android sistema eragilerako garatutako doako aplikazioa da, eta hainbat eta hainbat aukera ematen ditu.
Esan bezala, ibilbideei jarraitu eta haiek grabatzeaz landa, offline-ko mapak karga ditzakegu bertan. Hainbat formatu onartzen ditu eta behin telefonoaren txartelean gordeta dauzkagula, ez dugu sareko mapen (google maps edo OpenStreetMap) beharrik izango.
Mapak lortzeko hainbat gune daude, eta norberak ere sor ditzake. Mapak nondik lortu edo norberak nola sor ditzakeen jakiteko, lehen aipatutako helbidea izan daiteke abiapuntu egokia, El Toledano Errante blogeko artikulu hau: http://bit.ly/ L0oD4T.
Zibergela
Mendira, telefonoa sakelan dugula
Sakelako telefono adimendun bat nahikoa izan daiteke mendiko txangoetan norberak egindako ibilbideak grabatzeko edo besteek partekatutako ibilbideak egiteko. Orain, Android sistema eragilea erabiliko dugu lan hauetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu