Flores Kondearena anaiak. Mendiko eskiatzaileak

«Mendiko eskia kirol ezin hobea da neguan mendiaz gozatzeko»

Eskiak oinetan eta kamera eskuan edo buruan, hala ibiltzen dira mendian Jon, Mikel eta Xabier Iruñeko anaia eskiatzaileak. Paueko eski zinema jaialdian bigarren saria lortu ondotik, Mendi Film-a dute amets.

Xabier, Mikel eta Jon Flores Kondearena, artxiboko argazki batean. MJX.
Ainhoa Lendinez
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Eskia, «aitatxiren zaletasuna», zainetan eta oinetan zekartela jaio ziren Mikel (Iruñea, 1989), Jon (Iruñea, 1992) eta Xabier (Iruñea, 1992) Flores Kondearena anaiak. Ingeniaria da Mikel, eta ingeniaritza ikasleak beste biak. Zereginak amaitu orduko, mendian egiten dute bat, eta, gehienetan, eski gainean; azken elur malutak iraun bitarte aritzen dira mendiko eskian. Paueko eski filmen jaialdian bigarren egin dute aurtengo neguan. Elkarrekin erantzun dituzte galderak.

Zer esan nahi du zuentzat Paueko zinema jaialdian bigarren sailkatzeak?

Ride Pyrenees Film Festival jaialdian bigarren saria eskuratzea oso garrantzitsua izan da. Pozgarria izan zen, guretzat, han bildu ziren 400 pertsonek gure lana horren ongi puntuatzea. Ohorea izan zen Mikel Besga eta Bobi Bonnaverekin agertokira igotzea. Gainera, saria bera ere handia izan zen.

Nolako filma da Zuri guztiak ez dira irin?

Mendiko eskiko irudiak izan ziren gehienak, eski denboraldian egindako irteeren nahasketa bat. Saioan, Astunen, Aspeko haranean, Pico del Aguilako korridorean egindako ahaleginean, Arroyerasko ekialdean, Tablatoko diagonalean, Neouviellen eta Midi d'Ossaun egindako igoerak eta jaitsierak, besteak beste. Pozgarria da halako lehiaketetan mendiko eskiko filmak gustuko izatea. Dena den, azken urteetan aurkeztutako lanak gero eta profesionalagoak dira, eta gu bezalako amateurrek zail dute halako jaialdietan sariak eskuratzea.

Lehenengoz aurkeztu zarete halako lehiaketa batera?

Hirugarren aldiz hartu dugu parte Ride Pyrenees Film Festival jaialdian. eta Skimetraje-an. Filmak editatzen trebatzen garenean, Bilbao Mendi Film Festival jaialdian parte hartzea gustatuko litzaiguke.

Nola filmatzen dituzue irudiak?

Bi kamera erabiltzen ditugu normalean; Nikon D5100-a eta GoPro Hero 3 Black Edition-a. Mugimenduan filmatzeko, jaitsieretan edo foka-larruekin goazenean, GoPro-a erabiltzen dugu kaskoan edo kamera makilan jarrita. Bestalde, Nikon kamera, time-lapse-ak (irudiak azkartzeko), maketa efektuak egiteko eta geldirik gaudenean grabatzeko erabiltzen dugu. Argazkiak egiteko, berriz, normalean reflex kamera erabiltzen dugu.

Arriskutsua da eskiatuz zoaztela irudiak grabatzea?

Hasieran arriskutsua izan daiteke, ohituta ez bazaude, makila batekin kamera bati eustea eskiatzen duzun bitartean, baina proba batzuk egin eta gero berehala ohitzen zara. Elur-jausi arriskua baldin badago, ezin gara edozein lekutan geratu irudiak grabatu edo argazkiak egiteko, oso erraza baita halakoetan guk geuk eragitea elur-jauziak. Bestetik, malda handietan edo leku teknikoetan zaila da reflex kamera ateratzea, eta guretzat, behintzat, errazagoa da GoPro-a erabiltzea.

Noiz hasi zineten eskiatzen?

Txiki-txikitatik hasi ginen. Gurasoek 2 urte eta erdirekin jantzi zizkiguten lehenengoz eskiak, Candanchun. Beraiek erakutsi digute eskiatzen eta mendian ibiltzen.

Familiatik datorkizue orduan?

Bai, gure aitatxi lehenengoetarikoa izan zen Iruñean eskiatzen, Tolosako mendigoizaleek erakutsita. Nahiz eta guk ezagutu ez, aitatxik eskiatzeko zeukan zaletasuna kutsatu egin zitzaigun.

Zertan ibili zarete orain arte?

Txikitan Aragoiko eta Frantziako estazioetan ibili ginen gurasoekin. Batetik bestera joaten ginen, ez aspertzeko. Orain bost urte hasi ginen mendiko eskia egiten, eta ordutik, gero eta gutxiago eskiatu dugu estazioetan.

Pistetatik mendira pasatu zarete orduan?

Mendiko eskian ibiltzen gara gehienbat, baina pistetan ibiltzea ere gustatzen zaigu. Mendiko eskian seguru ibiltzeko, ezinbestekoa da lehenago eski estazioetan teknika eta konfiantza barneratzea. Mendieski-freeriderrak gara (barrez), mendiak foka-larruekin igo eta gero eski zabalekin malda handietatik azkar jaistea gustatzen zaigu.

Euskal Herrian zer jaitsiera egin dituzue?

Egia esan, Euskal Herrian ez dugu oraindik jaitsiera zailik egin, baina badaukagu bat edo beste buruan: San Donato-Beriaingo aurpegia, Ihurbaingo korridoretik. Iruñetik hurbil elurra egiten duenean Saioara, Iturrunburura eta Aralarrera joaten gara EuskalPOW-aren bila. Pirinioetan egin ditugun jaitsiera zailenak Arroyeras-en Ekialdeko aurpegia eta Midi d'Ossaueko La Fourche korridorea izan dira. Pico del Aguilako korridorea eskiatzen saiatu ginen iaz, baina baldintzak txarrak ziren, eta erdialdean buelta eman genuen. Beste jaitsiera ezagun batzuk ere egin ditugu Pirinioetan: Bisaurin Ekialdea, Infiernos-en Hego korridorea, Neouvielle…

Zeren arabera aukeratzen dituzue hormak eta jaitsierak?

Malda handiko korridoreak gustatzen zaizkigu. Anayet inguruan, esaterako, korridore bat ikusi dugu, eta elur baldintzak egokiak direnean eskiatzen saiatuko gara. Vignemaleko eta Gavarnieko korridoreren bat ere eskiatu nahi dugu laster. Egun bakar batean igo eta jaits daitezkeen mendiak aukeratzen ditugu gehienetan. Interneten, blogak eta foroak erabiltzen ditugu elurraren egoera, eguraldia eta mendien isurialde onenak bilatzeko. Chamonix-Zermatt eta Silvretta zeharkaldiak egitea ere gustatuko litzaiguke.

Jendea, oro har, prestatuta joaten da mendira?

Salbuespenak salbuespen, mendizaleak ongi ekipatuta joan ohi gara mendira, segurtasun material guztiarekin. Hala ere, beti da komenigarria segurtasun prestakuntza handiagoa jasotzea.

Elur-jausi arrisku betean gaude une honetan, zer nolako neurriak hartzen dituzue?

Ia egunero kontsultatzen dugu eguraldia Interneten. Ezinbestekoa da jakitea irteera bat prestatu aurretik aurreko egunetan zenbat bota duen, tenperatura nola aldatu den eta haizeak elurrean nolako eragina izan duen. Egunotan bezala arrisku handia dagoenean, malda gutxiko irteerak aukeratzen ditugu, eta normalean eski estazioetatik hurbil.

Eski pistek kalte egiten diote mendiari?

Bai, zalantzarik gabe. Eski pistek haran osoak suntsitzen dituzte, eta pista berriak irekitzeko lur mugimendu handiak egin behar dira. Gainera, inpaktu edo kalte bisuala ere handia da, udan zein neguan. Horregatik gustatzen zaigu mendiko eskia, mendian libreki ibiltzeko modua ere badelako, inguruan azpiegiturarik gabe.

Azken urteetan modan jartzen ari da mendiko eskia pistetan egitea, eta zenbait estaziotan galarazten ari dira jada.

Gure ustez, eski estazioek ez dute eskubiderik halako neurriak jartzeko, mendian badago lekua denontzat.

Eta lasterketek nolako eragina daukate mendiko eskian eta, oro har, mendian?

Ez dugu uste lasterketek kalte egiten diotenik mendiari, eta mendiko eskiari zehazki, on egiten diotela uste dugu. Batetik, material berriak eta arinak probatzeko balio dute, eta beraz, materialean aurrera egiteko. Horrez gain, lasterketek zaletasuna sustatzen dute, eta mendiko eskiari eta kirolariei oihartzuna ematen diete.

Pirinioetan asko eskiatzen duzue. Mendigune egokia da?

Pirinioak egokiak dira eskiatzeko, noski, baina elur kalitatea ez da nahi bezain ona beti. Alpeetan elurra hotzagoa izaten da normalean, eta, beraz, baldintzak ere hobeak izaten dira. Hara, ordea, ezin gara nahi bestetan joan, eta,oraingoz, hemengoarekin konformatu behar dugu (barrez).

Zein da zuen leku gustukoena eskiatzeko?

Midi d'Ossaueko Hego Zirkua da gure txokorik gustukoena. Jaitsiera zuzena eta malda handikoa, autotik hurbil dago, eta leku ezin hobea da. Gainera, elurrak bertan ia abuztura arte irauten du beti, eta denboraldiko azken jaitsiera han egin ohi dugu.

Nola ikusten duzue mendiko eskia Euskal Herrian? Kirol honek badauka etorkizunik?

Badu bai etorkizunik, gero eta jende gehiagok egiten dugu mendiko eskia Euskal Herrian. Eski estazioetan ibiltzea gero eta garestiagoa da, eta mendiko eskia kirol ezin hobea da neguan mendiaz gozatzeko.

Hiruanaiak bloga sortu berri duzue —http://hiruanaiak.blogspot.com.es/—. Zein da helburua?

Blogaren helburua egiten ditugun argazki eta bideoak jendearekin partekatzea da, mendian bizitako esperientziakpartekatuz. Gure nahia Hiruanaiak bloga gero eta jende gehiok ezagutzea da. Eski titulurik ez dugu oraindik, baina ikasketak bukatzean eski titulua eskuratzea gustatuko litzaiguke.

Zein da zuen etorkizuna?

Itxura berria eman diogu gure blogari duela gutxi. Pozik gaude blogak duen harrerarekin. Gainera Mendiak.net, Facebook-a, Twitter-a eta Instagram erabiltzen dugu gure ateraldiak partekatzeko. Laster, Nevasport.com-en idazten hasi nahiko genuke ere.

Nolako harremana daukazue hiru anaiek?

Oso harreman ona daukagu, noizbehinka liskarrak ere izan arren. Xabier eta ni beti joaten gara elkarrekin. Mikel, ordea, bere kabuz. Irteeretan hirurak elkartzen saiatzen gara.

Zein da bakoitzaren lana mendi irteeretan?

Hirurok ibiltzen gara mendian grabatzen eta argazkiak egiten. Gero, nork bere lana du: Xabierrek bideoak editatu eta argazkiak prestatzen ditu; Mikelek eta nik sare sozialak kudeatzen ditugu, irteeretako testuak idazten, eta blogari itxura ematen diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.