Mendizaletasunean, mendiko eskian eta elkarlanean izen eta izan handia izan zuten bi lagunen itzala du probak: Antxon Bandresi eta Carlos Imirizaldu Karolo-ri zor die izena. Bandres Euskal Mendizale Federazioko presidentea izan zen, mendiko eskiaren sustatzaile; Karolo, berriz, Euskal Herriko mendiko eskiaren bultzatzaileetako bat —bera izan zen Bandres oroimenezkoaren sortzaile eta antolatzaileetako bat—. Euskal Herriko kronoigoera txapelketa gisa abiatu zen, eta, gaur egun, kronoigoera eta zeharkaldi arrakastatsu bihurtu dira. Astiz laguntzailea zen orduan. Gogoan du lehen aldi hura, «oso-oso herrikoia»: eski eta tresna astunenak zeuzkanari ardo kaxa bat eman zioten. Karoloren lagunek jarraitzen dute lehiaketa eta giro ona uztartzen dituen bi eguneko proba hau antolatzen.
Zenbat lagunek lan egiten duzue antolaketa taldean?
Hamar bat lagun ibiltzen gara irailetik aurrera dena prestatzen. Gero, ibilbideak prestatzen, hamabost pertsona inguru, eta probak izaten diren asteburuan, 70en bueltan.
Nola banatzen dituzue lanak?
Hamar pertsona horien artean banatzen ditugu lanak. Niri, esaterako, mendiko ardura, laguntzaileen koordinazioa eta komunikabideekiko harremanak dagozkit. Beste batzuei, berriz, babesleak lortzea, izen emateak, publizitatea… Hamaika lan daude. Lantalde honen gauzarik onena da lagun arteko talde bat garela [Karoloren mendi eskiko kuadrillakoak]. Ez gaitu interes ekonomiko batek mugiarazten. Mugiarazten gaituena zera da: Euskal Herrian barrena mendiko eskia bultzatzea. Horixe nahi zuten Karolok eta Antxonek.
Zer behar du proba batek arrakasta izateko?
Gure kasuan, behintzat, lana; elurra; ibilbide politak; txistorra eta xingarra helmugan; barre algarak; musika; izerdia; garagardoa; paisaiak; opari polita, lifa bat aurten; Izabako giroa larunbat arratsaldean; Euskal Herrian egitea, guk eta guretzat egina; eta kanpoko lagunak etortzea —Guadalajarako talde bat urtero etortzen da, esaterako—. Gauza asko.
2013an kolpe gogorra izan zen Carlos Imirizaldu Karolo-ren heriotza. Probaren arima zela esan izan duzue. Inoiz pentsatu zenuten proba albo batera uztea?
Bada, bai. Hala ere, hileta egunera Andoni Areizagaren, Joseba Ormazabalen eta Piruren moduko lagunak etorri ziren, eta hauxe besterik ez ziguten esaten: «Aurrera segitu behar duzue kontu honekin, e!». Ufa… Zer esango dizut, ba! Karoloren heriotzak asko kendu zigun, baina, bestalde, baita antolatzaileen taldeko laguntasuna asko estutu ere.
Zerbait falta al du probak?
Aurten, elurra, baina ari du.
Zer ematen dio zuen probak lasterkariari?
Euskaldunei, urrutira joan behar ez izatea [lasterketa asko Herrialde Katalanetan egiten dira], etxeko lasterketa izatea, denak ezagunak izatea... Niri, behintzat, kostaldeko jendea ikusteak izugarrizko poza ematen dit. Eta Kataluniako lagunei entzuteak zein ederra den lasterketa bat eski estazioetatik kanpo egitea. Izan ere, lasterketen % 80 inguru eski estazioen inguruan edo estazioetan bertan izaten dira. Gurean, lehen edizioan soilik egin genuen. Gerora, Txamantxoian, Chinebralen edota Lakhuran egin dugu proba. Hori ere eskertzen du lasterkariak.
Egun gutxi falta dira astebururako. Nolako baldintzak izango dituzue aurten?
Elurraren esperoan gaude. Europan proba pila bat kolokan gelditu dira elur faltagatik. Badirudi elurra izango dugula, baina larri ibiliko gara.
Ibilbidea aldatu beharra tokatuz gero, zein irizpide izaten dituzue kontuan?
Aurrena, elurra zein altueratan hasten den; gero, baldintzak, elurraren kalitatea eta elur-jausien arriskua, hau da, segurtasun neurriak; zer-nolako eguraldia egingo duen jakitea ere ezinbestekoa da; ibilbidearen edertasuna —paisaiak, toki ezezagunak…—; eta, azkenik, zati teknikoak, esaterako, korridore batetik igotzea, ertzen bat, basoan eskiatzea…
Aukera izango bazenu, zein lasterkari ekarriko zenituzke gustura zuen probara?
Nahia Quincoces, kar-kar. Kilian Jornet bera gurera etorria izango zen jadanik, Karolok bizirik segituz gero. Oso harreman polita zuten. Horretarako oso astuna zen mutikoa, kar-kar.
Euskal Herriko txapelketa izateak zuen lana baldintzatzen al du?
Ez. Lehenengo alditik harreman zuzena izan dugu Euskal Mendizale Federazioarekin, beti txapelketa izan baita. Bigarren aldian Nafarroakoa ere izan zen. Oso lagungarria izaten da guretzat, txapelketa izateak beti erakartzen baitu jendea, eta arlo askotan laguntzen digute.
Zeintzuk dira zuen laguntzaileak?
Dugun handiena Karpos arropa marka da. Antolatzaileoi materiala ematen digute, eta lasterkariei, opariak. Bestalde, Noaingo, Izabako [Nafarroa] eta Ansoko [Aragoi, Espainia] udalak, Euskal Mendizale Federazioa eta Nafarroako Federazioa, Izadi Kirolak eta Aralar Kirolak, Lorpen, Goikoa…
Nafarroako Gobernuaren laguntzarik izaten al duzue?
Ez.
Inoiz eskaini al dizuete Grand Coursen sartzea?
Ez. Duela bi urte, Grezian, Europako Kopako proba bat zintzilik geratu zen, eta deitu egin ziguten, ea gu antolatzera animatzen ginen jakiteko; baina gauden bezala oso ongi gaude. Grand Course beste istorio bat da, erraldoia. Gu xumeagoak gara.
Fermin Astiz. Bandres-Karoloren antolatzaileetako bat
«Mendiko eskia bultzatzeak mugiarazten gaitu»
Carlos Imirizaldu 'Karolo'-k jarri zituen ingurukoak lanean, mendiko eskiko proba bat antolatzeko. Karolo 2013an hil zen, eta haren lagunek mendiko eskiko herri proba ezaguna antolatzen segitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu