Mendia

Mendietxetik Annapurnara

Bihar goizean abiatuko da Alex Txikon Nepalgo zortzimilako hartara, Cheppal xerpa, Matia Contte, Waldemar Kowalewski eta Sajid Sadpara lagun dituela. Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer poloniarrak 1987ko otsailean igo zirenetik inor ez da igo neguan.

Eneko Garamendi laguna, Carlos Andres Bizkaiko Aldundiko Kirol zuzendaria, Pasang Temba, Luziano Soraluze Mendietxe museoaren eraikineko jabea, Alex Txikon eta Cheppal xerpa, espedizioaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Eneko Garamendi Txikonen laguna, Carlos Andres Bizkaiko Aldundiko Kirol zuzendaria, Pasang Temba, Luziano Soraluze Mendietxe museoaren eraikineko jabea, Alex Txikon eta Cheppal xerpa, espedizioaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
ramon olasagasti
Azpeitia
2024ko azaroaren 21a
16:00
Entzun

Jerzy Kukuczka Yurek eta Artur Hajzer, Himalaian inoiz izan den sokaldirik indartsuenetakoa, 1987ko otsailaren 3an heldu ziren Annapurna gailurrera (8.091 m), ipar aurpegitik. Neguko lehen igoera izan zen, eta geroztik ez da beste inor igo neguan. Lau hilabete lehenago, Reinhold Messnerrek 14 zortzimilakoen bilduma osatu zuen. Lehena izatearen ohore hori kendu zion Kukuczkari, bien arteko lehian. Erresuminak akuilatuta mugak behartu zituen Yurekek Annapurnako hartan. «Zopatan eroritako euli bat bezala mugitzen nintzen», onartu zuen bere liburuan. Urte berean, abenduan, lau japoniar ere gailurrera iritsi ziren, hauek hego aurpegi tentetik, baina beherakoan haietako bi amildu eta hil egin ziren. Japoniarrak abenduaren 20an heldu ziren tontorrera, negu astronomikoa hasteko bezperan, eta, beraz, haien igoera ez da negukotzat hartzen.

Mendietxe museoan dago Hajzerren lo zaku bat, poloniarrak Txikoni emandakoa. Haren eta Kukuczkaren lekukoa hartu nahi du orain lemoarrak eta Annapurna neguan igotzen bigarrena izan nahi du, haiek bezala ipar aurpegitik, 1950ean lehen zortzimilakoa igo zuten frantziarren bideari jarraituz. Talde sendoa izango du horretarako: Cheppal xerpa, 2016tik honako espedizio guztietan lagun izan duena eta 32 zortzimilako igotakoa, Matia Contte italiarra, Waldemar Kowalewski poloniarra eta Sajid Sadpara pakistandarra, duela hiru urte K2n hil zen Ali Sadpara alpinistaren semea. «Ali aitarekin igo nintzen Nanga Parbat tontorrera neguan, eta orain semearekin saiatuko naiz Annapurnan. Gaur ere deitu dit, uncle esaten dit, osaba. Niretzat oso berezia da Sajid etortzea. Horiez gain, berriki harremanetan jarri da nirekin Parveneh Kazemi irandarra, eta agian batuko zaigu». OdysseyAnnapurna25 izendatu du Txikonek espedizioa.

«Ali [Sadpara] aitarekin igo nintzen Nanga Parbat tontorrera, eta orain semearekin saiatuko naiz Annapurnan. Gaur ere deitu dit, uncle esaten dit, osaba. Niretzat oso berezia da Sajid etortzea»

ALEX TXIKONAlpinista

Annapurnara joan baino lehen, Khumbu bailaran barneratu eta Ama Dablam mendi lerdena (6.812 m) igotzen saiatuko da, eta, ondoren, Pumori mendira joango da. «Pumoriko lehen kanpalekuan hainbat gau igarotzeko asmoa dugu, 6.000 metrotan. Annapurnako bigarren edo hirugarren kanpalekuaren altuera bera da, baina Pumorin askoz arrisku gutxiago izango dugu». Gero, Annapurnan, iazko espedizioaren eskarmentuak asko lagunduko diela uste du Txikonek, eta «iaz egindako lana hobetu» ahal izango dutela. Annapurna, eta batez ere ipar aurpegia, arriskutsua da oso elur jausiengatik. «Neguan ere, nahiz eta hotz handiagoa izan, mendia orroka hasten da, iaz ederki ikusi genuen. Tenperatura gorabehera handiak izaten dira, eta, horren ondorioz, izotz egiturak askotan lehertu egiten dira eta serac-ak eta elur jausiak amiltzen dira. Kontuz ibili beharko dugu».

Txikonek azaldu du klima aldaketaren eragina «aspaldi» ari direla nabaritzen Himalaian. Horren harira, 1987ko poloniarren espedizio hartan taldean zen Krzysztof Wielickik esan ziona ekarri du gogora: «1980an Everest neguan eskalatu zutenean, ez zuten komunikaziorik kanpoarekin, eta are gutxiago eguraldi iragarpenik, baina, aldiz, segurtasun hori zuten: eguraldia egonkortzen zenean, egonkor eutsiko ziola. Gaur egun, astebetean, euria, haize bortitza, elurteak... denetarik izan dezakegu. Eta denboraldi batetik bestera ere asko aldatzen da mendia». Horren adierazle, gaurko prentsaurrekoaren aurretik, Cheppal xerpak albiste bat erakutsi dio Txikoni mugikorrean, Annapurnako eskualdean 4,2 indarreko lurrikara bat izan dela. «Horrelakoek ere eragina izaten dute mendian».

«Nire Annapurna hemen dago»

Nolanahi ere, Alex Txikonek argi du bere Annapurna hemen dagoela, etxean, Mendietxen. «Proiektu honi jarraipena eman nahi diogu, orain arteko pasio beraz. Urte osoa eman dugu hemen lanean, auzolanean, gau eta egun, eta orain, husten sumatzen dut barrua. Museoan murgilduta, iaztik ez dut kranpoirik jarri, baina beste era bateko entrenamendu intentsiboa egin dut. Orain, Annapurnan, arnasa hartuko dut apur bat».

Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendariak, Carlos Sergiok, «Txikonek mendiari dion maitasuna» azpimarratu du: «Horren erakusle da museo hau. Argi dauka, bestalde, zer den garrantzitsua eta non dagoen gailurra. Garrantzitsua itzultzea da, eta gailurra, berriz, kanpaleku nagusira jaistea da. Zorte on!».

«Urte osoa eman dugu Mendietxen auzolanean, gau eta egun, eta orain, husten sumatzen dut barrua. Iaztik ez dut kranpoirik jarri, baina orain, Annapurnan, arnasa hartuko dut apur bat»

ALEX TXIKONAlpinista

Pasang Temba xerpak ere gaurko agerraldian esan dio agur Euskal Herriari. Txikonek «bihotza apurtua» dutela adierazi du, «ez dakigulako berriro etortzeko aukerarik izango duen». Galdakao Optikari esker entzungailu berriak jarri ditu Pasangek, eta, osasun arazoak konponduta, aldi berean «triste eta pozik» doala jakinarazi du. «Egun zoragarriak izan dira Euskal Herrian, maitasun handia jaso dut han eta hemen. Euskal jendea nire ama, nire aita, nire anai-arrebak zarete», adierazi du eta, bi eskuak bularraldera eramanda, bihotzez eskertu du Euskal Herriak egin dion abegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.