Duela 20 urte hasi zen dena, 2004an, K2 zortzimilakoaren maldetan: urte hartan, 1954ko K2ko lehen igoerako italiarren oxigeno botila bat aurkitu zuen Alex Txikonek 6.900 metrotan, eta jaitsi egin zuen. Huraxe izan zen lehen pieza. «Nik, ordura arte, ez nuen inolako mendi museorik ikusi, baina kezka hori banuen barnean». Eta mendiz mendiko ibilietan, hango eta hemengo piezak eskuratzen eta bilduma osatzen hasi zen. Azpeitiko Esklaben Komentuko ganbarako gela batean gordez joan zen Txikon pieza eta «traste» horiek denak, Soraluze família, 1998. urtetik eraikinaren jabea, laguna baitzuen mendizale lemoarrak.
Azkenik, iaz, Annapurnatik bueltan, bildutako pieza horiekin guztiekin zerbait egiteko garaia zela erabaki zuten Txikonek berak eta Soraluze familiak, eta hala, «zortzi hilabete eskasean», XIX. mendeko eraikina erabat birmoldatu, elizakoak ziren traste zahar pila bat 26 kamioitan atera, lekua museo-proiektu batek eskatzen dituen beharretara egokitu eta mendiko museo bat zabaldu dute: Mendietxe, etxe bat mendiarentzat. Mikel Soraluzek, eraikina laga duen familiaren izenean, nabarmendu du asmoaren «bihotza, hemen, Azpeitian, gerora ere iraungo duen zerbait uztea» izan dela. «Gu joango gara, baina hau hemen geratuko da».
Ikusi gehiago
«Planetako bildumarik handieneako bat da hau. Balio handiko piezak daude, eta pieza bakoitzaren atzean historia handi bat dago»», nabarmendu du Alex Txikonek. Bertan daude, esaterako, George Mallory eta Andrew Irvinek 1924an Everesteko kanpaleku nagusitik igorritako postal bat, Reinhold Messnerrek 1980an Everesten, montzoi betean, bakarka eta oxigenorik gabe eginiko igoeran erabilitako kanpadenda... Mendietxen dago, 1970ko otsailean, Naranjoko mendebaldeko hormako neguko lehen igoeran, Jose Luis Arrabalek zeraman jaka; 13 egun denborale batek astinduta erlaitz batean bizirik iraun ondoren, erreskatatu eta astebetera hil zen Arrabal Oviedoko erietxean. «Jaka hori, beraz, altxor bat da», azpimarratu du Txikonek. Museoan daude Mussolonik 1939an Terminilloko eski estazioan inauguratutako aulki bat, edo Leon Trotsky hiltzeko Ramon Mercader espainiarrak erabili zuen pioletaren iguala...
Mendietxen daude Espainiako eski parerik zaharrena, 1780koa, 1879ko eskaladako mazo bat, Yvon Chouinard entzutetsuaren munduko piolet bildumarik onenetakoa, 1777ko elur lera bat; Angel Cinterok Rigloseko Puro ezaguna eskalatzeko erabili zuen mazoa… «Bost ordu pasa ditzaket hemen dauden piezen kalitatea eta balioa azaltzen, baina egokiena etortzea eta jendeak bere begiz ikustea da». Eskiak, kaskoak, betaurrekoak, kranpoiak, bastoiak, botak, erraketak, arnesak, 250 piolet baino gehiago, horien artean François Simondena izandako bat, «historia bizia dago museo honetan» nabarmendu du Txikonek.
Lagun Onak-en bilduma
Museoak hiru gune ditu. Arestian aipatutako pieza historiko horiek osatzen duten bilduma iraunkorra dago ikusgai gune nagusian. Ondokoan, berriz, Txikonen espedizioetako artikuluen bilduma pribatua dago, eta hor daude, besteak beste, alpinista lemoarrak Nanga Parbateko eta Manasluko neguko lehen igoeretan erabilitako buzoak. Areto horretan dago Azpeitiko Lagun Onak Klubaren bilduma ere, eta hortxe, Beñat Arrue mendizale azpeitiarrak 2001. urteko Pumoriko zorigaiztoko istripuan zeraman motxila, Joxe Urbieta Takolo zenarena, balio sentimental eta historiko handikoa hori ere, edo Benantxio Irureta zenaren ondarea. Hirugarren aretoan, berriz, Ramon Garoz taxidermistaren animalia disekatuak daude: benetako tamainako basahuntzak, hartzak...
«Planetako bildumarik handieneako bat da hau. Balio handiko piezak daude, eta pieza bakoitzaren atzean historia handi bat dago»
ALEX TXIKONAlpinista eta Mendietxeren Sustatzailea
Areto horretan dago Everesteko jasangarritasunari eta, oro har, mendiko turismoak eragindako masifikazio arazoei loturiko The NeverRest proiektuaren gunea ere. Frederic Kauffmann proiektuaren sortzaileak eta arduradunak berak azaldu du egitasmoaren funtsa: «Everesteko turistifikazio larregizko hori ez da jasangarria. Hori jasangarriago egiteko eta beste mendi eta parke natural batzuetara hedatzeko ari gara lanean. Azken batean, jendearen atzetik garbitzen joatea baino eraginkorragoa da jendea heztea eta nork bere alea jartzea».
Museoari itsasita, Jesusen Bihotzaren elizan, Dean Fidelman argazkilariak Yosemiteko Stonemasers famatuei, Jim Bridwell, John Bachar, Billy Westbay, John Long, Lynn Hill, Ron Kauk eta enparauei atera zizkien argazki ikonikoen erakusketa dago. Fedelman bera Azpeitian dabil egunotan, erakusketa hori atontzen, eta erabat liluratuta geratu da Txikonen museoarekin: «Nik neuk ere, pandemia betean, Yosemiteko museo txiki bat atondu nuen parkearen sarreran, ia dirurik gabe, auzolanean, bailarako arotzei eta adiskideei laguntza eskatuta. Urtebete egin nuen museoan bertan bizitzen eta, orain, Alexen museora etorri naizenean, guztiz konektatuta sentitu naiz bere filosofia eta egiteko moduarekin». Aurreko egunetan, goizean goizetik erratza pasatzen ere ibili da Fidelman.
«Asmoaren bihotza, hemen, Azpeitian, gerora ere iraungo duen zerbait uztea izan da. Gu joango gara, baina hau hemen geratuko da»
MIKEL SORALUZEEraikinaren jabea eta Mendietxeren sustatzailea
Elizaren aldarean, gurutze baten ordez, Jean Christophe Lafaille alpinista zenaren piolet bat dago, frantziarrak Makaluko ipar aurpegian bide berri bat zabaltzeko eginiko ahaleginaren ondoren Alex Txikoni Makalun bertan oparitutakoa. «Ahalegin hartatik zetorrela, ekaitzaren erdian, gure dendetako batean egin genion lekua, eta, esker onez, piolet hori eman zidan. Zoritxarrez, handik bi urtera desagertu zen Lafaille, Makalun bertan. Esan bezala, pieza bakoitzaren atzean historia handi bat dago».
Mendietxek zabaldu ditu ateak. «Gustatuko litzaiguke hau hasiera bat izatea. Goian beste 500 metro daude, hutsik oraingoz, eta ederra litzateke hori ere berregokitzea eta janzten joatea. Orain arte, inolako diru publikorik gabe, babesle askori esker, gauzatu dugu proiektua, baina aurrerantzean ezinbestekoa izango da erakunde publikoen babesa, Mendietxe zabaltzen eta hobetzen jarraitzeko», nabarmendu dute Soraluzek eta Txikonek.
Arratsaldean izan zen inaugurazio ekitaldi ofiziala. Politika, enpresa, gizarte, kultura eta mendi giroko ordezkari ugarik leporaino bete zuten Esklaben Komentuko eliza. Txikonek hala nabarmendu zuen ekitaldiaren hasieran: «Mendia, mendizaletasuna, garrantzi handikoa da Euskal Herrian, euskal kulturaren parte da, eta Mendietxe Museoak horri guztiari balioa eman nahi dio».