Urmuga

Mendiben, Luis XIV.aren gortean bezala

Lanbroak ezkutatutako bazterretan barrena ibili dira urmugalariak, Iratiko basoaren bihotzean, Okabeko harrespilen artean, eta Euskal Barrokensembleren kontzertua izan dute Mendibeko San Salbatore kaperan.

Mendiben, Luis XIV.aren gortean bezala.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Urmugaren proiektuaren berri eman zutenean, norbaitek pentsatuko zuen mendi, haran, zelai eta erreketatik oinez zihoazen bitartean mendizaleek musikariak topatuko zituztela nonahi. Imajinatzen zuten Enrike Solinis ur-jauzi baten ondoan lauda jotzen, ilea urrezko orraziz orrazten ari diren laminez inguratuta; Xabier Leturia basajauna koba batean tarrapatatan eginez panderoarekin; Kristina eta Leire sorginak arbolen adarretan kantari; Maddi Oihenart Mari gisa basoan zehar oinez kantari; Petti artalde baten erdian, bere gitarrarekin; Et Incarnatus orkestrakoak erreka baten ertzean, bere instrumentuekin; Donostiako Orfeoikoak mendian gora kantari; Alex Sardui pago baten atzean ezkutatuta... Horrelakorik ez dituzte topatu ibiltariek, baina ez dute itxaropenik galtzen falta diren egun gutxietan horrelako ustekaberen bat izango ote duten. Asteartean Okabe inguruko Hilarrieta mairu baratzean topatzea espero zuten, baina, eguraldiak behartuta, lekuz aldatu dute programatutako kontzertua.

Okabetik Mendibera

Azpegiko aterpetik abiatu dira goizean, eta goizetik lanbroa izan da protagonista egun osoan. Ortzolako oihezkiatik barrena, trikuharriak ikusiz, Ezkanda lepotik pasatu, Mendizar tontorra ezkerretara utzi, eta Armorieta lepotik Egurgoako errekara jaitsi dira, Irabia urtegitik eta Elurretako Amaren ermitatik gertu, Urtzuria eta Urbeltza ibaiak elkartzen diren puntua. Irati erdian gaude, 12.000 hektareako parke batean, Europako garrantzitsuenetakoan, gehienbat pagoa eta izeia. Maldan gora berriz, Urkulu, Kurutxe eta Orate lepoak zeharkatuz, Okaberaino igo dira (1.466 metro, Nafarroa Behereako garaiena). Euskal Herriko estazio megalitikorik garrantzitsuena dago gertu, Hilarrietako belaze lauan: hamazazpi harrespil daude, 5 eta 7 metro arteko diametroko borobila dutenak, Brontze Arokoak, mairu eta jentilak lurperatutako tokiak. Artzaintza hasi zen lekuan daude erromesak. Lainoa da nagusi, Joseba Sarrionandiaren moroak behe lainoan bezala dabiltza. «Maite ditut maite zure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean» kantatzen zuen Mikel Laboak. Gaurko sintonia horixe dute bidelagun.

Doinu hori buruan, Surzai eta Burdinkurutzeta lepoetara jaitsi dira, Zuberoa eta Nafarroa Beherearen artean. Eta antolaketako furgonetari esker, gertu dagoen Mendibeko San Salbatore kaperara joateko aukera izan dute, Lekunberriko mugan, bertara aldatu baitute kontzertua, ortzantzaren arriskuagatik. Kapera xumea, natura ingurune eder batean.

Euskal Barrokensembleko bost kideak daude zain kaperaren barruan, beren emanaldia hasteko prest: Ernike Solinis laud eta gitarra, Miren Zeberio biolina, Alejandro Martinez biolontxeloa, Ismael Campanero kontrabaxua eta Daniel Oiarzabal organoa. Barroko garaiko soinu tresnak dituzte eskuetan, eta Antonio Vivaldirekin hasi dute emanaldia. Harien fineziak Luis XIV.a erregearen gortera eraman ditu entzuleak, mendizaleak izerdia kendu gabe eta botak belazetako hezetasunez bustita izan arren. Joseph Haydn eta François Couperin konpositoreen piezak izan dira jarraian. Iratiko mendietatik Europako beste txoko eta garai batzuetara eraman ditu bidaian entzuleak.

Musika lasaigarria, entzuteko erraza, giro intimo batean, erregearen gazteluko areto ederrenean bezala, eguneko nekeak sendatzeko modukoak, arima eta gorputzerako terapia ezin aproposagoa.

biharko etapa

18. Etapa: Larraine-Belagua (uztailak 31) 17 km; 915 m igo, 924 m jaitsi; 7 ordu; Holtzarte eta Kakueta ingurua, Gaztarria, Otsogorrigaina, Barazea, Kartxela, Binbaleta, Hego Lakora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.