Azken urtean mendira joan den edonork nabarituko zuen: ohi baino beteagoak daude mendiak. Inoiz baino arau gehiago dauden garai honetan, anitzentzat mendia bihurtu da askabidea, eta orain arte tontor gutitara igotakoak ere hasi dira geroz eta gehiago joaten bertara. Askotan, ordea, beharrezko materialik eta ezagutzarik gabe ateratzen da jendea. Normalean arriskutsua ez bada ere, jakin behar da mendian ibiltzen, jakin behar da mendira joateko materiala aukeratzen. Eta, noski, jakin behar da norbere egoera fisikoa zein den, eta helburuak horren arabera ezartzen. Inoiz mendian ibili gabea nekez igoko da Pirinioetako tontor altuetara.
Ongi ezagutzen du mendia Mikel Arrizabalaga mendizale eta BERRIAko kolaboratzaileak. Urteak daramatza kazeta honetan ibilbideak prestatzen, eta Euskal Herriko tontor ezagun eta ezezagunetara igotzen. Bere esperientzian oinarriturik, mendira joateko hainbat gomendio eman ditu. Mendira joan aitzinetik, ibilbidea prestatzea da, Arrizabalagaren hitzetan, ezinbertzeko gomendio horietako bat: «Ibilbidea parte hartzaile guztien maila fisiko eta teknikoaren arabera aukeratu behar da. Denak ez gara berdinak: denok ez daukagu gaitasun bera». Hala, ibilbidea aukeratzeko eta atontzeko, parte hartzaile guztien gaitasunera egokitzea komeni da, mendizalearen hitzetan. «Taldeari dagokion ibilaldi bat egokitzea komeni da, eta aurretik ezagutzea». Iritzi berekoa da Bego Viela fisioterapeuta ere, eta nabarmendu du garrantzitsua dela norberak bere gaitasun fisikoak «ezagutzea». Hala, mendian hasi berri direnentzako gomendio hau egin du: «Ohiturarik ez duen inor ezingo da mendi altu batera igo lehen egunean. Pixkanaka hasi behar da, hasieran terreno errazetan kilometro gutxi eginez. Eta pixkanaka gehituko dira kilometroak eta handituko da terrenoaren zailtasuna ere».
Behin ibilbidea prestatuta, Arrizabalagaren hitzetan, iragarpen meteorologikoa begiratzea da hurrengo urratsa, horren arabera erabaki beharko baita mendira irten edo ez: «Iragarpen txarrak baldin badira, hobe da ibilaldia bertan behera uztea». Gainera, meteorologia agentziek ezarritako alertei kasu egitea gomendatu du: «Alerta laranja, gorria edo hori egon, horrek bestelako ondorioak ere baditu. Istripu bat gertatzen bada, eta federatu gabe bagaude, eta alerta horiei ez bazaie kasurik egiten, horrek ondorio ekonomikoak izan ditzake erreskatatzen dutenarentzat».
Mendi ibilaldia egiteko ekipamendu egokia erabiltzea ere beharrezkotzat dauka mendizaleak: «Garaian garaiko ekipamendu egokia eraman behar da. Udan udakoa, eta neguan negukoa: oinetakoak eta jantzi egokiak. Eta botikin txiki bat eramatea ere beti da gomendagarria». Iritzi berekoa da Viela, eta nabarmendu du ezinbertzekoa dela ibiliko den lurraren araberako oinetakoa aukeratzea: «Pista bat bada, nahikoa izango da zapatila batzuekin, baina lurra aldatu ahala, oinetakoa ere aldatu beharko dugu. Aldapak eta harri solteak dauden mendietara bagoaz, komeni da lurrera ongi itsasten diren oinetakoak eramatea».
Lesioak saihesteko
Bertze datu argigarri bat ere eman du Vielak: norbere egoera fisikoaren arabera erabaki beharko duela oinetakoa: «Ibilbide bera egiteko, bi pertsonak oinetako mota ezberdinak eramaten ahal dituzte. Ez da gauza bera mendian ibiltzera ohituta dagoen baten gorputza eta inoiz ibili gabearena». Hala, inoiz ibili gabeak lesionatzeko arrisku handiagoa duela dio, eta oreka ariketak egitea gomendatu du mendian ibili aitzinetik. Materiala aukeratzeko orduan eguraldiak duen garrantzia ere nabarmendu du: «Euria egiten duenean ateratzen bagara, komeni da goretexa duten oinetakoak aukeratzea, ez baita ona hankak denbora anitzez bustiak izatea».
Material egokia aukeratuta, motxilan janaria eta edaria nahikoa hartu behar da. Zer da nahikoa? Arrizabalagaren hitzetan, ibilbidea aurretik ezagutzea da gakoa hori jakiteko: «Ibilbidea osatzeko zenbat denbora beharko dugun jakitea komeni da, horren arabera antolatu beharko baitugu motxilan eraman beharreko janaria eta edaria». Komeni da, beraz, motxila edariz eta janariz betetzea, baina neurrian.
Behin aitzineko prestaketa lan horiek denak eginda, segurtasuna bermatzea izanen da hurrengo urratsa. Horretarako, mendian geolokalizatzeko aplikazioren bat telefonoan izatea gomendatu du mendizaleak: «Gaur egun, badaude botoi bati eman eta geolokalizatzen gaituzten aplikazioak. Garrantzitsua da horietako bat instalatzea, eta, noski, bateria duen telefonoa eramatea mendira». Bertze aholku bat ere eman du: «Ez atera inoiz inguruko norbaiti erran gabe nora goazen».
Entrenamendu zehatza
Ekintza fisikoa da mendira joatea, eta, horregatik, aipatu aholkuez harago, garrantzitsua da norbere burua eta gaitasun fisikoak ezagutzea. Vielaren hitzetan, badago mendian lesionatzeko arriskua, noski, baina arrisku hori hein handi batean norberak saihestu dezakeela uste du: «Pixkanaka ohitu behar du gorputza, egunetik egunera kilometroak gehituz». Mendiak bere zailtasun eta bere entrenamendu espezifikoak ditu. Hori dela eta, bereziki indarra, malgutasuna eta oreka lantzea interesgarria dela uste du, eta, mendira joan aitzin, luzaketak ez baina giltzadurak martxan paratzeko ariketak egitea. Batez ere belaunak, orkatilak eta gerria aktibatu behar dira. Alta, helburuaren arabera egokitu beharko da hori, noski: «Ez da gauza bera paseo txiki bat egitea edo mendi altu batera igotzea. Ez du deus ikustekorik baten exijentziak eta bestearenak».
Behin lesionatuz gero, zer? Gorputzari kasu egitea gomendatu du Vielak: «Lesio bakoitza aztertu behar da. Guk ezagutzen dugu gure gorputza inork baino hobeki, eta norberak jakingo du zenbaterainokoa den lesio horrek eragindako ezintasuna. Batzuetan, ez dira lesio larriak behar egun batzuez mendira ez joateko: hankako baba bat nahikoa da». Zentzuz jokatzeko deia egin du: «Batzuetan, hobe da itxoitea, lesioek okerrera egin dezakete eta».
Nabarmena da azkenaldian mendian ibiltzeko sortutako boom-a, eta hori nabaritu du Arrizabalagak. Joan-etorriak debekatzeko onartutako murrizketek federatu kopurua handitzeko orduan eragina izan dutela uste du: «Euskal mendizale federazioan federatuta gaudenok joan-etorriak baimenduak izan ditugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean —iragan den astean aldatu zuen arau hori Eusko Jaurlaritzak—, eta horrek igoera eragin du». Garrantzitsua da federatuta egotea haren hitzetan, ez bakarrik federazioak eskaintzen duen aseguruagatik, baita bertze abantailengatik ere.
Aspaldiko afizioa
Vielak bere kontsultan ez du izan mendian lesionatutakoen gorakada nabarmenik; horren atzean, ordea, lehenagotik zegoen afizioa dagoela nabarmendu du: «Nik Elizondon [Baztan, Nafarroa] daukat kontsulta, eta, hemen, lehenagotik ere bazegoen mendira joateko afizioa: ez da oraingo modaren kontua». Izan ere, aspaldikoa da mendira joateko afizioa Euskal Herrian, eta, orain kirolarekin lotuta egon arren, joan den mendean mendizaletasunak bertzelako kutsua ere bazuela uste du Arrizabalagak: «Kirola baino gehiago izan da mendia: hizkuntzaren berpiztearekin, jarduera politikoarekin eta zientifikoarekin lotuta egon da, eta egun ematen du hori alde batera geratu dela».
Jendea mendira masiboki joateak izan ditu bere ondorioak. Autoz beteta azaldu dira hainbat herri, eta haserrea eragin du hainbat herritarren artean. Hain zuzen ere, hori da Arrizabalagaren azken aholkua: ingurunea errespetatzea: «Ohartu behar dugu mendi eremua ez dela nahi duzuna egin dezakezun eremu libre bat». Mendian hainbat agente daudela oroitarazi du, eta mendizalea horien artean bertze agente soil bat bertzerik ez dela: «Jabego pribatuak daude, animaliak, animalia basatiak, nekazariak... Horiek hor bizi dira betidanik». Horregatik, bizikidetza bultzatzeko ahalegina egin behar dela dio: «Joan gaitezke gomendio denak beteta, baina ingurunea errespetatu behar dugu».
Mendiaz osasuntsu gozatzeko
Mendizaletasunak tradizio luzea du Euskal Herrian. Alta, azken urtean nabarmen jende gehiago hasi da mendira joaten. Horietako anitz lehen aldiz joan dira mendira, eta esperientziarik gabeak dira. Oinarrizko aholku erraz batzuk beteta, osasuntsu eta arriskurik gabe goza daiteke mendiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu