ATZEKOZ AURRERA

Mendiaz hausnartzeko

Euskal mendizaletasunaren historian mugarri izan diren aldiak bildu ditu 'Mendian gora' erakusketak; EHUko Gasteizko campusean dago ikusgai, hilaren 26ra arte.

Guztira hogei informazio panelez osatu dute erakusketa. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Himalaia. Andeak. Alpeak. Parez pare daude guztiak EHUko Gasteizko campuseko pabiloiko aretoan. Mendirik arriskutsuenetan euskal mendizaleen argazkiak. Joan den mendekoak asko, gaur egungoak beste asko: Edurne Pasaban, Juanito Oiartzabal, Alberto Iñurrategi... Gailurrez gailur aritu direnak, ordea, askoz gehiago dira. Erakusketan daudenek badaukate sobera zer kontatu; ehunka mugarri, ehunka istorio. Aipagarrienak ageri dira, ez dago guztientzat tokirik. Irakurtzeko. Ikusteko. Hausnartzeko.

Hain zuzen, euskal mendizaletasunaren historia hitzen eta argazkien bidez kontatzen du Mendian gora erakusketa ibiltariak. Hogei azalpen panelez osatua dago. Panel bakoitza aro bat da, abentura bat, istorio bat: 150 urte baino gehiagoko ibilbidearen kronika. Lehen urratsak XIX. mendeko aitzindarien eskutik egin ostean, zerumuga berrietara salto egin zutenen istorioak. EHUko Gasteizko campuseko errektoreordetzak eta Emmoa Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak antolatu dute erakusketa, eta campuseko pabiloiko aretoan ikusgai egongo da maiatzaren 26ra arte.

«Ez da besteak baino hobea, ez eta okerragoa ere, baina gure historia da», irakur daiteke aurkezpen panelean. Afrikan hasi zen historia, 1848an Anton Abadia euskaltzalea Etiopiako Buahit (4.437 metro) mendiaren gailurrera igo zenean, azterlan kartografikoak egiteko.

Azken panelak hala dio: «Lehenengo Zegama-Aizkorri lasterketa 2002ko uztailaren 7an egin zen». Mendian korrika egitea, hori da egungo moda. Horrek erakusten du urteek aurrera egin ahala mendizaletasuna gozamenerako zerbait bihurtu dela. Aurreko paneletan ere ikus daiteke mendizaletasunean ere modak aldatuz doazela.

Erakusketan dago Gorka Gonzalez EHUko kirol teknikaria. Lehengo mendizaleen irudiak ikustean, erabiltzen zuten materialari erreparatu, eta ondorengoa esan du: «Nola aldatu diren gauzak; lehengo materiala ez da gaur egungoa bezalakoa; asko aldatu da guztia». Bereziki, horretarako prestatu baitute erakusketa, «mendiaz hausnartzeko eta ikasteko».

Erakusgelan sartu, eta kontakizunak bisitaria inguratzen duen sentsazioa ematen dio Izaskun Corrali. Kontatu du sentitu duena: «Kronologikoki kontatzen du bilakaera, eta gustatzen zait hori: bidaia bat da». Euskal mendizaletasunean aitzindari izan zirenen istorioak eta gaur egun mendizale profesionalak bihurtu direnen istorioak ezagutzen gozatu du Corralek. Halere, «zoritxarrez mendian hil direnen istorioek» hunkitu dute batik bat.

Asko gozatzen ditu erakusketa ibiltariak Corralek, batez ere istorio ezberdinak kontatzen dituztenak. Erakusketari esker, gainera, beti pentsatu duena egiaztatu ahal izan du: «Mendizaletasuna euskaldunek DNAn duten zerbait da».

Datorren ikasturtean berriz

Azterketa astea da unibertsitateko ikasleentzat, beraz, ez dago ikaslerik erakusketan. «Haientzat ez da garairik onena erakusketa batera joateko», azaldu du Gonzalezek. Halere, erakusketak «harrera ona» izan duela uste du. Are, maiatzean bertaratu ezin denak ziurrenik aurrerago ikusteko aukera izango du.

Gonzalezek aurreratu duenez, datorren ikasturtean erakusketa berriz antolatzeko asmoa daukate. Izan ere, Euskal Herriko mendizaletasun modernoaren historia luzean milaka istorio daude oraindik kontatzeko, gailurrik garaienetatik hasi, eta herriz herriko mendi lasterketetaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.