Tolosako Oargi mendi elkartean eskalatzen ibiltzen zen garaietatik datorkio espeleologiarako zaletasuna Iñaki Alonsori (Tolosa, Gipuzkoa, 1971). «Orduan denetik egiten genuen, baina nik gustukoagoa nuen espeleologia. Nire lehen kobazuloa 1990ean egin nuen, oso gazte nintzela. Orduan ere, ez zen jende asko ibiltzen honetan, eta gaur egun ere, ez da asko aldatu. Pentsa, tartean 30 urte joan dira». Alonsok aitortu du, halere, urte batzuetan, seme-alabak medio, espeleologia alde batera utzita izan zuela. «Denbora asko eskatzen duen diziplina da, eta seme zaharrena jaio zenean, uztea erabaki nuen. Hamar urtez inguru utzita izan nuen. Halere, orain dela zazpi urte edo, berriro ere ekin nion. Leonera [Espainia] joan nintzen hilabete baterako gidari izateko ikastaro bat egitera. Geroztik, ez naiz gelditu», azaldu du Alonsok. Gaur egun, Tolosako Akerbeltz Espeleo eta Kultura taldea gidatzen du, eta irteera askotan semea ere bidelagun izaten du.
Imanol Errazkini (Donostia, 1968) ere mendian ibiltzetik datorkio zaletasuna. «Txikitan askotan joaten nintzen Landarbaso eremura, eta bertan edozein zulotan sartzen nintzen ordurako». Mendiaren beste alde asko probatzeko grina betidanik izan du, eta arroila jaitsierak eta kobazuloetarako jauzia egiteko hautua ere egin zuen. Aitzitik, inoiz ez da goi mendietan ibilitakoa. «Ez naiz goi mendietako alpinista izan, beti nahiago izan ditut altuera erdiko mendiak. Agian, animaliak asko gustatzen zaizkidalako izango da».
Halere, espeleologian bete-betean aritzeko aukera ez da aspaldikoa Errazkinentzat. Orain dela hamabost urte inguru eginiko ikastaro batean hasi zen serioago. «Konturatu nintzen zuloak askotan gorabeheratsuak izaten zirela, eta ezinbestekoa zela sokak ondo erabiltzen jakitea», arrazoitu du Errazkinek, hasieraz gogoratzean. Geroztik, Felix Ugarte espeleologo handia zenaren izena hartu zuen FUE elkartean dabil.
Alonsok ere ongi gogoan ditu hastapenak. «Hasi nintzenean, adrenalina bilatzen nuen. Eskaladaren antzekoa da, zuloetan sartzea, ezagutu gabe, lehenbizikoz sartzea... Nire lehen irteera oso erraza izan zen. Ahoz aho gomendatutako bat izan zen Iturriotzeko eremuan [Gipuzkoa]. Lehen egunean zuloz nahastu ginen, gainera. Oso leku estua da, eta kilometro bat baino luzeagoa da. Oso oroitzapen polita dut lehen hartaz». Gaur egun sei edo zazpi talde besterik ez dira Gipuzkoan espeleologian dabiltzanak.
Informazio falta
Ez da erraza mendian ezkutuan dauden altxor miragarriak aurkitzen ibiltzea. Alonso, esaterako, bi asteburuero joaten saiatzen da, eremuak ikuskatzera edo kobak bilatzera. «Gauza berriak bilatzen, gehienetan, bakarrik ibiltzen naiz, baina zerbait bilatzen dudanean, jendearekin gerturatzen naiz», esplikatu du. Aitortu du askotan galtzen direla zuloak bilatzeko garaian. Gipuzkoako Foru Aldundiak gehienak sailkatuta dituen arren, gehienak ez daudela ondo; hala salatzen dute espeleologo gehienek. «Koordenatuak ez daude ondo, erreferentzia zaharrak dira, eta asko, bilatzen hasita, bi urtean agian ez dituzu aurkitzen, edo jada desagertuta daude», zehaztu du Alonsok. Aldundiaren arabera, gaur egun 2.700 zulo inguru daude Gipuzkoan. Horietaz gain, talde bakoitzak izango ditu beste 30 edo sailkatuta, Alonsoren ustez.
Gauzak errazte aldera, Errazkinek eta Sabino Orbegozok Zulotoa liburua idatzi zuten. Bertan, 45 kobari buruzko informazioa aurki daiteke. Gehienak Gipuzkoan daude. «Ikusten genuen bazela hutsune antzeko bat», esplikatu du Errazkinek liburua egiteko arrazoia: «Ez nuke espeleologia sekta bat denik esango, baina mendizale askok zulo bat ikustean,aurrera jarraitzen dute. Ezjakintasun handia dago, eta guk hori bistaratu nahi genuen gehienbat. Bertan, edonor sartu daitekeen leku asko aurki daitezke».
Espeleologian ere asko dira ezagututako tokiak argitaratzen ez dituzten taldeak. Isileko asko dago. Talde bakoitzak inguruko kobak sekretuan gordetzea gustuko du. «Liburua argitaratzean, arazo asko izan genituen. Talde batzuei ez zitzaien ondo iruditu koba batzuen informazioa argitaratzea; 'euren eremukoak' direla ere entzun izan dugu. Badirudi batzuentzat koba batzuk propioak direla, baina ez da horrela», argitu du Errazkinek. Alonso ere Errazkinen iritzi berekoa da: «Taldeen artean erlazio ona daukagu oro har, baina bakoitza geure eremuak babesten saiatzen gara. Egia da gauza asko ezin direla publiko egin. Balio handiko lekuak dira asko eta asko, eta jende asko joanez gero, dena hankaz gora jarriko litzateke». Errazkinek adibide bat jarri du: «Liburuan argitaratu eta gutxira, koba bat itxi egin behar izan zuten, jende asko joaten hasi zelako».
Zientziaz harago, espeleologoen artean ere asko dira espeleologia kirol modura erabiltzen dutenak. Errazkinek argi dauka: «Kirol espeleologia egiten dudan arren, nik zientziako espeleologia nahiago dut. Edozein hezurdura dagoela jakiten badut, bertara joan eta argazkiak ateratzea gustatzen zait».
Alonsok ohiturak aldatu ditu azkenaldian. «Orain dela urtebete arte, gehiago ibiltzen nintzen kirol espeleologian. Oso kirol gogorra da, sasoiko egotea eskatzen duena. Adrenalina askatzeko bikaina da, baina exijentzia handiaeskatzen du. Azkena Hernion egin nuen, baina izugarri nekatuta amaitu nuen».
Arriskuaren itzala
Mendian egiten diren kirol askoren antzera, diziplinak dituen arriskuak ere jende askoren ahotan egoten dira istripuren bat izaten den aldiro. Gehienentzat kirol minoritarioa eta ezezaguna den arren, zorigaiztoko albisteak direnean bakarrik hitz egiten da oro har. Ñabardura bat egin nahi izan du Errazkinek: «Espeleologia ez da arriskutsua, baina istripuren bat izanez gero, gauzak asko zailtzen direla ezin dugu ukatu. Istripuak ez dira oso ohikoak, baina erreskateak oso garestiak izan daitezke, zalantzarik gabe. Pentsa, askotan oso zulo txikietatik sartzen gara kobetara, eta behin bertan, orkatilen bat edo apurtuz gero, bertatik berriro ere esku ohe batean atera behar zaituzte. Lehergaiak ere erabili behar izan dituzte, behin baino gehiagotan».
Alonsok ere nabarmendu du ezbeharrak ez direla ohikoak. «Oso istripu gutxi gertatzen dira, baina egia da baten bat zulotik ateratzeko jende asko mugitu behar izaten dela». Aitortu du bere ibilbidean pare bat aldiz besterik ez duela ezusteko txikiren bat izan. Azkena, semearekin egindako irtenaldi batean izan zuen. «Haren segurtasuna bermatzea nuen helburu nagusia, eta, nire kalterako, ez nuen nirean erreparatu».
Errazkinek erantsi du bera ez dela beldur handia pasatutakoa, baina zehaztu du beti izan diela errespetu handia zuloei. «Segurtasun handiarekin ibiltzen gara beti, eta ezinbestekoa da materiala ere ona izatea. Ni ere erori nintzen behin bost metroko altueratik, baina gauzak ondo ez nituelako egin izan zen». Halere, arriskuak ez du definitzen espeleologia, hori baino zabalagoa eta aberatsagoa da: «Kirol izugarri polita da, eta ikaragarri gozatu daiteke».
Mendiaren ezkutuko altxorren bilatzaileak
Mendian egiten diren kirolen artean, espeleologia izango da, ziurrenik, jende gutxien biltzen duen diziplina. Haitzulo eta lurpeko barrunbe naturalen jatorria, eraketa, flora eta fauna aztertzen dituen zientzia da espeleologia. Iñaki Alonso eta Imanol Errazkin buru-belarri dabiltza horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu