Denis Urubko (Errusia, 1973) errusiarra da jaiotzez, baina Kazakhstanen bizi izan da hainbat urtez. Hango armadan mendiko prestatzaile aritu zen, eta, geroztik, hormarik eta biderik zailenak hartu ditu oinpean, «militarrek ohi duten zorroztasunez», baina batez ere, mendizaleen umiltasunez. Ezin konta ahala lorpen ditu; baita etorkizunerako hamaika erronka ere.
Zergatik joan zinen Sakhalin uhartetik (Errusia) Kazakhstanera?
Ni txikitatik izan naiz mendizalea. Gaztetan espedizio bat egin nuen Asia erdialdean. 5.000-6.000 metroko mendiak eskalatu nituen orduan, eta itzuleran erdiguneko Pamir-etik bueltan zetorren mendizale talde bat ezagutu nuen. Kazakhstango armadako kirol taldeko soldaduak ziren. Mendiaz luze hitz egin nuen haiekin, eta esan zidaten mendi garaietara joan nahi banuen armadan sartzeko. Kazakhstanera joateko gonbita egin zidaten. Dena utzi nuen: familia, bizimodua, hezkuntza. Bizitzan hartu dudan erabaki zail eta garrantzitsuena izan zen. Erabaki hark bizitza aldatu zidan.
Nola hasi zenuen bizimodua Kazakhstanen?
Oso gogorra izan zen hasiera. Ez neukan ezer, ez dirurik, ez lagunik. 11 hilabete egin nituen kalean bizitzen, eskaleen pare. Mendia dena zen niretzat, eta hori baino ez neukan buruan. Azkenean, armadan sartu nintzen, eta horrek bi gauza eman zizkidan: soldata bat eta mendi garaietara joateko aukera.
Urteak egin zenituen Kazakhstango armadan mendiko entrenatzaile gisa. Gerora, ordea, utzi ere egin zenuen. Zer gertatu zen?
Armadako lanak mendian ibiltzeko aukera ematen zidan. Pixkanaka lagunak egin nituen mendian, Simone Moro, esaterako. Espedizio askotara gonbidatu ninduen hark, eta hala hasi nintzen mendi garaienetara joaten: Everest, Lhotse, Gasherbrum I-II, Kantchenjunga, Shisha Pangma... Mendiak bide arruntetatik igotzen nituen beti, ordea, eta horrek ez zuen nire mendizaletasuna asetzen. Niretzat lana zen, eta horregatik egiten nuen. Azkenean, ordea, lana utzi eta neure bidea hasi nuen.
Bide berriak eta estilo alpinoa iritsi ziren orduan.
Bai, beti saiatzen gara aurrekoek egindakoa hobetzen edo zailtzen. Nik ez nituen ohiko bideak egin nahi, mendiak bide berrietatik igo nahi nituen, eta modu berrian. Simonerekin Annapurnara joan nintzen lehenengo. Simone gaixotu egin zen espedizio hartan eta arrisku handia izanagatik, nik neuk bakarrik igo nuen Annapurna. Broad Peak ere igo nuen geroago, hego aurpegitik. Hori izan zen nire lehen esperientzia estilo alpinoan 8.000 metroan. Otxoa de Olzarekin Manaslura ere joan nintzen gero. K2 iparraldetik igotzea ere berezia izan zen niretzat, mendi bera erabat ezberdina baita bide batetik edo bestetik igota.
Neguko igoerak egitea izan zen hurrengo pausoa.
Bai niretzat ez zeukan zentzurik denek egiten zutena egiteak, eta mendiak neguan igotzea zen nire ametsa. 2009an Simonek eta nik Makaluko neguko lehen igoera egin genuen. Urte berean, Cho Oyura joan nahi nuen, neguan, bide berri bat zabaltzeko. Orduan, ordea, berriz ere armadan ari nintzen lanean, gazteen entrenatzaile, eta armadako buruak ez zidan utzi nahi Cho Oyura neguan joaten. Une zaila izan zen, erabaki zaila. Joanez gero ezingo nintzen-eta agian Kazakhstanera itzuli. Ondorioak latzak izan zitezkeela jakin arren, joatea erabaki nuen, dena utzita.
Cho Oyu-ko igoera harengatik alpinisten garaikur gorena, Urrezko Pioleta eman zizuten.
Bai espedizio hura handia izan zen. Bide berri batetik, hego-ekialdetik, estilo alpinoan eta neguan igo genuen Cho Oyu. Itzulerakoan armadaburuak berak ere zoriondu egin ninduen, berriz ere armadan onartu ninduten, eta, gainera, mailaz igo [barrez].
Nola entrenatzen zara?
Betidanik oso gogor entrenatu naiz. Niretzat 2.000-4.000 metro arteko garaiera da entrenatzeko onena. Garaiera horretan oxigeno gutxiago dago, baina ez goi mendian bezain gutxi. Pixkanaka gorputza ohitu egiten da garaierara, eta gero, gorago zaudenean, gorputzak hobeto erantzuten du. Bestalde, abiadura lantzea ere oso garrantzitsua da, eta horregatik mendian korrika asko egin dut eta txapelketetan ere parte hartu dut. Askok hala uste badute ere, alpinismoa ez da eskalatzea soilik, abiadura ere behar da. Tximinoek eta zaldiek biek dituzten trebeziak behar ditugu goi mendietan: tximinoak ongi eskalatzen du; zaldiak, berriz, azkar egiten du korrika. Biak behar dira mendian.
Abiadura probak ere egin dituzu.
Bai, 2003an Khan Tengriko (Tien Shan, Kazakhstan) Jaialdia irabazi nuen, behe kanpalekutik (4.200m) tontorrera (7.010 m) igo eta buelta egin behar genuen. 12 ordu eta 21 minutuan egin nuen nik. 2006an Elbruseko abiadura-eskalada txapelketa ere irabazi nuen. 3 ordu eta 55 minutuan igo nintzen Azau-ko estaziotik gailurrera (3.250 m desnibel). 2011n 7 ordu eta erdian igo nuen Gasherbrum II eta uste dut ni naizela orain arte mendi hori azkarren igo duena. Horrez gain, Snow Leopard izendapena ere badaukat; Errusiako 7.000 metroko bost gailurrak 42 egunetan igo nituen 1999an.
Zer da mendia zuretzat?
Zerbait zoragarria. Mendia bizitza ulertzeko modu bat da niretzat, askatasuna da. Hala ere, mendia ez da ezer pertsonarik gabe. Mendian sentitzen dudan guztia pertsonekin partekatzea da niretzat onena.
Zer eman dizu mendiak eta zer kendu?
Mendiak gauza asko eman dizkit, baina baita kendu ere. Lagun ikaragarri onak egin ditut mendian, neure bizitzan oso garrantzitsuak diren pertsonak. Kendu, berriz, familiakoekin eta lagunekin egoteko astia kendu dit batez ere. Lagun asko ere kendu dizkit, bidean lagun asko galdu ditut eta.
Iñaki Otxoa de Olzaren erreskatean ere parte hartu zenuen. Zer izan zen hura zuretzat?
Niretzat zorte handia izan zen Iñaki ezagutzea. Iñaki denon medikua zen, beti zegoen denoi laguntzeko eta mina edonorekin partekatzeko prest. Annapurnan ondoezak jota zegoenean, laguntzera joateko aukera suertatu zitzaidan, eta ez nuen inolako zalantzarik izan. Laguntzera joan nintzen beharrezkoa zelako. Ni ez naiz heroia horregatik, laguna laguntzera joan zen norbait baino ez naiz.
Zein izan da mendian bizi izan duzun momenturik gogorrena?
Broad Peak-en muga-mugan izan ginen. Baina Cho Oyun arriskuaren eta indarraren muga gainditu egin genuela uste dut. Hil egingo nintzela uste izan nuen han.
Inoiz izan duzu izozterik?
Ez, zorte handia daukat horretan. Belauna hautsi dut, orkatila ere bai, baina izozterik ez dut sekula eduki. Askok diote buruarekin eta ongi pentsatuta egiten ditugula gauzak eta, agian, horregatik dela. Nik uste dut pasatutako uneak pasatuta, zorteduna naizela, besterik ez. Gasherbrum II-n, esaterako, elur-jausi batek harrapatu ninduen, eta badakit zorteduna naizela, gaur hemen nagoelako.
Zer gertatu zen aurtengo apirilean Everesteko kanpalekuan?
Asko hitz egin da kontu horretaz, eta nik argi daukat zer gertatu zen. Dirua da hangoen interesa, eta edozer aukera baliatzen dute dirua eskuratzeko. Zenbait xerpa sokak ekipatzen hasi ziren horman. Ueli Steck eta Simone Morok euren bidea hasi zuten xerpengandik 100 bat metrora. Xerpak kexatu egin ziren, enbarazu egin zietela esanez. Gobernura ere jo zuten erantzukizun eske, eta iskanbila handia sortu zen. Kontuak hautsak harrotu zituen baina ez da lehen aldia. Niri gertatu izan zait argazki bat ateratzen has,i eta nepaldar emakume bat harrika hastea. Aurtengo ekainean Nanga Parbaten izandako tragedia ere gogoan daukat [11 alpinista tiroz hil zituzten]. Penagarria da mendian halakoak gertatzea, baina gertatzen dira.
Zu zeu Everesten zinen baina beste espedizio batean. Espedizio hartan sokalaguna galdu zenuen. Everestera itzuliko zara?
Itzuliko naiz, bai; agian, datorren urtean, nire ametsa da eta. Munduko mendi garaienean bide berri bat zabaltzea da nire ilusioa, hego-mendebaldeko aurpegian, estilo alpinoan. Bide garbi bat, estilo garbian.
Nola oneratzen zara une zailetatik?
Ezin zara zeure onera itzuli, hutsunea beti egongo da, baina denborak dena atzean uzten laguntzen du.
Azken urteetan zeure kasa ari zara. Zer alde nabaritzen duzu armada utzi zenuenetik?
Armada utzi nuenetik askeago sentitzen naiz mendian neure kasa ibiltzeko. Beste etapa batean nago orain, errusiarra naiz berriro. Mendiak hori dauka ona, herrialde batekoa zein bestekoa izan, lanbide bat zein bestea eduki, mendian denok gara berdinak.
Seme-alabak zure moduan ikustea gustatuko litzaizuke?
Ez, inondik ere ez [barrez].
Zertan ari zara orain?
Everesteko espedizio gorabeheratsuaren ondotik, seme-alabekin egoteko tartea hartu dut, bizitzaz haiekin gozatzeko. Hala ere, entrenatzen segitzen dut, hurrengo proiekturako. Kangchenjungara joan nahi dut 2014ko udaberrian, ipar horman bide berri bat zabaltzera. Neguan Nanga Parbatera joateko gonbita egin dit Simonek, baina ekainean gertatu zenaren ondotik ezetz esan diot. Ez dut joan nahi lagunak hil dizkidan inguru horretara.
Beste ametsik ba al duzu?
Bai, kirol eskaladan, esaterako, 7c zailtasuna gainditu nahi dut.
Zer iruditu zaizu Ueli Steckek Annapurnan egin duena?
Ikaragarria. Ikaragarria da 28 orduan Annapurna hego aurpegitik igotzea, bakar-bakarrik.
Kilian Jornet mendiko-korrikalari katalanak igoerarik azkarrena egin nahi du Everesten, sokarik gabe. Zer iruditzen zaizu?
Ez neukan horren berririk, baina posible dela uste dut. Everesten jende asko dago, bide arrunta oso ohikoa da, eta ondo prestatuz gero, posible da.
Zer iruditzen zaizu Everesten eta beste hainbat menditan horrenbeste jende pilatzea?
Ondo iruditzen zait. Horrek erakusten du jende asko dagoela nahiago duena zerbait egitea, telebistaren aurrean geldirik egotea baino. Hala ere, arazoak ere ekartzen ditu jende asko pilatzeak: 30 lagun soka berari lotuta joateak, esaterako, areagotu egiten du istripuak izateko arriskua. Jende oldearen ondorioz, mendi askotan sortzen den zabor piloa ere penagarria da. Baina hori norberaren esku dago, mendia denona baita.
Ez da zure lehen aldia Euskal Herrian. Nolako harremana daukazu gure herriarekin?
Lagun handiak dauzkat hemen: Alex Txikon, Juanra Madariaga, Jose Carlos Tamayo, Itziar Altzibar, Juanjo San Sebastian… Euskal Herrian mendizaletasun ikaragarria daukazue, eta horrek liluratu egiten nau. Hemen hitzaldi bat egin, eta ia neure herrian baino jende gehiago biltzen da (barrez). Ikusgarria da. Ulergarria ere bada, Euskal Herria mendiz inguratuta baitago. Joan den urtean Gorbeian egon nintzen Alexekin, eta oso paraje polita iruditu zitzaidan. Ahal dudan guztietan, oso gustura etortzen naiz hona.
Mendia. Denis Urubko. Himalaista
«Mendian sentitzen dudana pertsonekin partekatzea da onena»
Denis Urubko himalaista kazakhstandarra Euskal Herrian izan da bisitan. 14 zortzimilakoak igo ondotik, munduko mendi garaienetan bide berriak urratzen dihardu. 2014ko udaberrian Kangchenjungara joan nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu