Aritza Monasterio Bilbao. Andinista

«Mendian arriskua kudea dezakezu, baina ezin duzu desagerrarazi»

Mendi gidaria da, eta gidarigaien irakaslea. 30 urte daramatza Huarazen, Peruko Mendikate Zurian, eta ezagun du. 'Pucha', 'cachuelo', 'chibolo'... Ande-kontrako gaztelaniaren hitzak darabiltza, eta hango airea ere badu haren jardunak: 'empesar', ahoskatzen du, 'haser'... «Euskalperutarra» dela dio; herrialdeko mendigoizalerik onena dela esan izan dute hangoek.

Aritza Monasterio, BERRIArekin izandako solasaldian. JON ARTANO IZETA.
Jon Artano
Huaraz (Peru)
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
2018an Urrezko Pioleta sarirako izendatu zuten Aritza Monasterio (Elorrio, Bizkaia, 1965), Alik Berg kanadarrarekin Hualcan mendian (6.125 metro) irekitako bide bategatik. Mendi horretan beste bide bat ireki berri du, lehendabizikoa Ekialdeko aurpegian. «Porru eginda» dago, baina «pozik», dioenez, «mendiko lanak behera onik iristean amaitzen baitira». Fango Fiesta jarri diote bideari. Fango (lohia) esaten diote andinistek, argotean, elur hautsari, eta, azaldu duenez, «belaunetik ondo gora» izan dute tarte batzuetan. Aspalditik zuen begiz joa, eta Anja Petek eta Andrej Jez gazte esloveniarrekin eskalatu du.

Noizkoak dituzu mendiaren inguruko lehen oroitzapenak?

Umemokotakoak... Elgoibarko Sigma auzoan hazi ginen, langile barrio bat Eibarreranzko bidean. Eta, mutil koskorrak, frontoian ez bagenbiltzan atzealdeko mendira joanda ibiliko ginen, Idotorbe aldera.

Madari lapurtzera…

Edo gereziak. Gero baserritarra etorriko zen belarrondoko bana eman nahian, eta guk hanka. Eta errekaren batera joango ginen amuarrain bila.

Nolakoa zen bizimodua Sigman?

Ona. Ume-zahar denak kale gorrian batetik bestera. Pucha! Merienda amak ematen ez bazizun, auzoko andreak emango zizun. Denok ezagutzen genuen elkar; ez da orain bezala. Andaluziakoak, Gaztelakoak, galegoak, Extremadurakoak, euskaldunak...

Eskolan zer moduz?

Hainbestean. Gehiago gozatzen nuen aitarekin noizik eta behin egindako ibilaldietan: Karakatera, Kalamuara, Durangaldeko mendietara...

Adoleszentzian jarraitu al zenuen mendian?

Ez. Garai zaila izan zen: gurasoak apartatu egin ziren, eta dena asko aldatu zitzaidan kolpetik. Amarekin herri kaxkora jaitsi nintzen eta, gajoak, ezin zuen nirekin burutu. 16 urterekin ikasketak utzi, eta kuadrillan ibiltzen nintzen... astean zehar hor nonbait, baina asteburuetan parrandan geratu ere egin gabe; ostiralean irten eta astelehenera arte.

1980ko hamarkadaren hasierakoak urte konplikatuak kalean, eta parrandan, hainbeste ibiltzeko...

Bai, heroina asko sartu zen.

Izan al zenuen horretan erori zen lagunik?

Mordoa, gertukoak ere bai. Nola ez ba? Elgoibar izan zen gogorren jo zuen herrietako bat. Hiltzen ziren, eta zerk eraman zituen ez genekien ongi... Hiesa zen, noski. Urte latzak ziren oso. Estatu politikarekin zerikusia du hainbeste heroina sartu izanak.

Probatu al zenuen?

Bai.

Zein izan zen mendekotasunean ez jausteko gakoa?

Ez dakit... Zortea izan dudala uste dut, beste batzuek baino gehiago behintzat.

Nola atera zinen krisi hartatik?

Kostata, luze jo zidan. 20 urte nituenetik-edo gurpil horretatik irteteko ahaleginean hasi nintzen, alkohol dezente edaten nuelako eta horrela jarraituz gero zulora nindoalako. Garai hartan, herriko lagun batzuk eskalatzen hasi berriak ziren. 23 urte neuzkan, sekula ez nuen aurrez probatu, baina estetikoki beti erakarri izan ninduen. Ihesbidea izan zen.

Orduan joan al zinen Pirinioetara aurreneko aldiz?

Ez, lehenengoz aitarekin joan nintzen, 14 urte nituela, Auñamendi ingurura Hiru Behien Zerga ikustera, Morkaiko taldekoekin. Iritsi aurretxoan, guardia zibilek alto eman eta agiriak eskatu zizkiguten. Aitak ezin zituen ikusi ere egin, eta nik ez dakit dokumentaziorik ba ote neraman ere. Iskanbila piztu, eta autobusetik atera gintuzten biok. Eta aitak esan zidan: «Ba al dakik zer? Oinez joango gaituk». Esan eta egin.

Eta noiz itzuli zinen hurrena?

Eskalatzen hasi ostean. Vignemale izan nuen lehen hirumilakoa, glaziar bat ikusten nuen estreinako aldia. Arrastoa utzi zidaten irteera haiek. Gero, 1991n, Gaube korridorea egin genuen; lehen igoera serioa. Eta, urte hartan, Azkoiti-Azpeitiko eta Elgoibarko boskote bat etorri ginen aurrenekoz Perura. Huarazen western pelikulak akordatu zitzaizkigun. Etorbide nagusia ez beste bide guztiak lurrezkoak ziren. Gustatu egin zitzaidan. Gainera, nire emazte izango zena, Gisela, ezagutu nuen, bazkaritara joaten ginen jatetxea berak gobernatzen zuelako. Giselaren amak ikaragarri gozo hartzen gintuen chibolito, gaxte, ikusiko gintuelako; eta garai hartan kanpotar gutxi zebilelako. Sendero Luminosokoak indartsu zeuden, giroa bero, eta lau katu baino ez ginen etortzen. Austriar batzuk zebiltzan, esloveniar pare bat, eta geu.

Zer moduz ibili zineten mendian?

Nahi eta ezinean. Hainbesteko grina genuen, ze lehendabiziko ekinaldia Artesonrajun egin genuen, batere egokitu gabe: 6.000 metro pasako mendi bat da. Astakeria. Eta, jakina, hormaren erdi parean, egundoko danborrada kaskezurrean. Eta behera!

Giselarekin orduan hasi zinen ezta?

Bai, etxeratu ostean idatziz-eta jarraitu genuen tratuan, eta Euskal Herrira gonbidatu nuen. Etxebizitza txiki bat alokatu, eta ezkondu egin ginen. 1993an, Perura itzuli ginen. Artean garai latzak ziren, Sendero eta estatuaren arteko gerragatik, baina, hala ere, geratzea erabaki genuen. Alpamayo lehen aldiz uda hartan igo nuen, Pepe Rayo zenarekin-eta.

Geroztik mundu osoko jendearekin eskalatu izan duzu, baina gehiena, alde handiz, esloveniarrekin.

Bazter guztietatik etortzen dira mendizaleak hona, eta esloveniarrak ez dira kopuruz ugarienak, baina halaxe izan da, bai. 1995ean hasi nintzen haiekin. Giselak eman zidan abisua: «Esloveniar talde bat izan da bazkaritan, eta batek gazteleraz hitz egiten du». Haiekin joan ote nintekeen galdetu zien.

Zeure burua haiekin ibiltzeko gai ikusten al zenuen?

Ez neukan arrastorik ere zer maila zuten! Nik norbaitekin eskalatu nahi nuen. Lau urte lehenago Huarazen begiz jotako biak ziren tartean. Geurekiko pentsatzen genuen: «Ño, horiek jugoslaviar eitea ditek…» Elkarrekin Alpamayora joan ginen, eta Piramide de Garcilasoren bide berri bat ireki genuen... Gustura sentitu nintzen haiekin. Mendian nola jokatzen zuten, haien artean zer-nolako elkartasuna zuten... Hurrengo urtean Chacrarraju mendebaldeko aurpegitik eskalatzera itzuli, eta esan zidaten: «Hi gurekin hator». Talde hartako batzuk mendi gidariak dira gaur egun. Britaniarrek Alemanian duten base militar batean egiten dute lan soldaduak trebatzen, eskaladan, mendiko eskian eta horrelakoetan. Han lan egiteko gonbita egin didate. Marka da! Militarrekin jardungo naiz agian, kar, kar, kar...

Mendia ofizio bihurtzea nola izan zen?

1994an, lagun batek eskatuta, bi australiar gidatu nituen Pisco mendira. Huraxe nuen lehen aldia. Bertako gidariei ez zien graziarik egin. Atzerritarra nintzen, ez nuen titulaziorik... Hemen suitzar batek, Camile Bournisek, prestatzen zituen gidariak. Ikastaroetan, ordea, Perun jaiotakoak bakarrik onartzen zituzten. Herritartasun agiria lortuta, 1996an hasi, eta 1999an lortu nuen titulazio ofiziala. Orduan ekin nion serioxeago gidatzeari.

Eta mendiari nola begiratzen diote huaraztarrek? Sortu al da mendizaletasunik?

Ez dago kultura hori, ez.

Bide berri bat ireki berri duzu bi esloveniar gazterekin… Ez da eguneroko kontua izango hori?

Ez, eta tipo horretako bideak are gutxiago. Ederra izan da, denboraldi osoak pasatu daitezkeelako horrelakorik egin gabe. Beste katebegi bat da, esloveniar beteranoak nire mentore modukoak izan dira, eta, orain, belaunaldi gazteek neure ahalak zukutzera naramate. Gure filosofia da gutxirekin ahalik eta gehien egitea.

Zuk egindako bideetan zein da gehien asebete zaituena?

Bakoitza dut akorduan. Siulan, mendebaldeko aurpegian, irekitako bideak, adibidez, oso oroitzapen biziak dakarzkit. Ia hiru asteko espedizioa izan zen: dena urrunago zegoen duela hogei urte, ez zen errepiderik... Noches de Juerga [parranda gauak] jarri genion, sarkasmoz, horman egindako hiru bibakengatik, azkena, gailurreriaren ertzean, 6.300 metrora, zakurik eta ezer gabe.

Ba al da oraindik bide berririk irekitzeko Mendikate Zurian? Erronkarik?

Bai, noski; bilatu egin behar! Nik badakit egin nahi nituzkeen proiektu guztiak egiteko astirik ez dudala izango.

Peruko mendietan ez ezik, Zeelanda Berriko Alpeetan ere aritu zara urte askoan gidari. Nolatan?

2009an esan zidaten gringo batzuk zebiltzala nire bila. Bi kiwi [zeelandaberritar], eta suitzar bat ziren, eta hemengo mendi batzuetara gidatu nituen. Lanak amaitzean, galdetu zidaten ea Zeelanda Berrian gidatu nahi ote nuen, gomendatuko nindutela. Eta, halaxe, urte hartan bertan joan nintzen aurrenekoz. Geroztik, hemengo eta hango denboraldiak uztartu ditut.

Mendiak berezkoa du arriskua. Larri ibiliko zinen noizbait…

Istripu asko ikusi ditut. Erreskate dezentetan aritu naiz. Eta, geuk ere, eskapada eder batzuk egin ditugu. Batzuetan baldintza batzuk elkartzen dira, eta ez dago zeure esku. Elur-jausi batek harrapatu gintuen Tocllarajun. Serakak ere erori izan zaizkigu ondo-ondoan, eta gogorragoak ere gertatu zaizkit orain gutxi.

Zer gertatu zaizu?

Jazoera oso larri bat izan nuen Zeelanda Berriko azken egonaldian... ez daki jende askok.

Gidatzen ari zinela gertatu al zitzaizun?

Bai. Eta hori eraman egin behar da.

Norbait hil al zen?

Bai. Bi pertsona. Soka... eten egin zen.

Soka ondo al zegoen?

Bai. Istripua izan zen. 2019ko azaroa zen, eta bi pertsona neramatzan, ezagutzen nuen sarritan egina nuen bide klasiko batean. Dena normal zihoan. Elkargune batean, erlaitz batetik segurtatzen ari nintzen, bezeroek zeharkaldi labur bat egin zezaten. Inguru hartako harkaitza oso zorrotza da... bietako batek labain egin izango zuen, eta erortzean bestea eraman... pendulua egin zuen, eta elkarguneak tentsio kolpeari eutsi zion bestela, neu ere ez nengoke hemen, baina istantean tentsioa askatu egin zen, arrokak soka moztu zuen...

Nola ematen zaio buelta horri?

Oso gogorra izan zen lehen hilabeteetan. Gogorra da gaur egun ere. Fisikoki ez zitzaidan ezer gertatu, baina, emozionalki, zerbait hautsi zait barnean. Hori beti hor egongo da, bizi osorako zama. Gainera, oroitzapen oso argia dut, detaile guztiak gogoratzen ditut... Hamaika buelta ematen dizkiozu; beste era batera egin banu hura edo bestea... baina ez duzu ziurtasunik gertatu zena eragotziko zenuenik, erantzun argirik ez.

Ezagutu al dituzu mendizale horien familiak?

Baten emaztea eta bi alabak etorri ziren. Jakin nahi zuten beren senarrak, aitak, nola pasatu zituen azken egunak, zoriontsu izan ote zen. Mesede egin zidan haiekin hitz egiteak.

Laguntza psikologikorik izan al duzu?

Bai, profesional batekin bildu nintzen zenbait astez. Tarte baten ostean, egin nezakeen onena gidatzen jarraitzea zela pentsatu nuen, eta halaxe adostu nuen agentziarekin. Perura itzuli izan banintz, ez dakit hura gainditzeko gai izango ote nintzatekeen. Beste gidariekin berriz mendian topo egitean, eupada bat eman, eta ni ikusteaz pozten zirela esaten zidaten. Haiek badakite... Mendian arriskua kudea dezakezu, baina ezin duzu desagerrarazi.

Itzuli al zara istripua gertatu zen mendira?

Bi aldiz egin dut ibilbide hori bera bezeroak eramanez. Aurrenekoa oso gogorra izan zen, baina aldi berean terapeutikoa. Bezeroetako bat laguna dut: nirekin joan nahi zuela esan zuen agentzian.

Ezbeharraren gunean bertan izan al zineten?

Bai. Aurre egin nahi izan nion. Eta jausitako bi mendizaleetako baten makila zati bat jaso nuen.

Mendian ibili edo sentitzeko modua aldatu al dizu?

Mendian horretan ez pentsatzen saiatzen naiz; ez dut nahi horrek duda eginaraztea goian nagoenean. Hala ere, esango nuke denean eragin didala, ez mendian bakarrik. Ordutik mendiarekiko motibazioa, neure kasa noanean ere, aldatu egin zaidala sentitzen dut. Nahi nuke lehengo hura berreskuratu, baina, agian, adinak ere badu zerikusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.