Bizkaiko itsasora edo Mediterraneora isurtzen dituzte urak Euskal Herrian jaiotzen diren erreka eta ibaiek. Alde batera edo bestera ote doazen, muga batek bereizten ditu: herrialdea mendebaldetik ekialdera gurutzatzen duen muga batek. Urduñan (Bizkaia) hasi, eta Izabaraino (Nafarroa) iristen da lerro hori, eta Urmuga deitu ohi zaio. Ibilbide bat ere badago, eta, hori ardatz hartuta, mendia eta musika uztartuko dituen Urmuga ekinbidea jarriko da martxan uztailaren 14an. Mendizale talde bat Gorobel mendilerrotik abiatuko da Hiru Erregeen Mahaira bidean, eta mendiz mendiko hemeretzi eguneko ibilbidean bederatzi kontzertuz gozatu ahalko da ingurune naturaletan. Horrela egingo dute bat mendiak eta musikak.
Urmuga egitasmoa parte hartzailea izango da, eta nahi duenak modu ezberdinetan egin ahal izango du bat: espedizio osoa oinez eginez, astebetez parte hartuz, asteburu batez soilik ibilaldia eginez, egun batez soilik, edo kontzerturen batera joanez. Proiektu nazional gisa izendatu dute antolatzaileek, eta Euskal Herria ezagutzeko aukera on bat izan daitekeela azaldu du Felipe Uriarte mendizaleak, espedizioko gidak eta ekimenaren sustatzaileak. «Aurten, jendeak beldurra du urrutira joateko, eta aukera on bat izan daiteke gertu daukagun ondare naturala beste modu batean ezagutzeko».
Kontzertuetarako oinarria Et Incarnatus orkestra izango da. Emanaldi bakoitzean, ordea, musikari gonbidatuak izango dituzte. Besteak beste, Josu eta Gari, Maider Zabalegi, Igor Elortza eta Unai Iturriaga, Maddi Oihenart, Niko Etxart, Txomin Artola, Mikel Urdangarin edo Eñaut Elorrieta. Donostiako Orfeoiak ere bat egin du proiektuarekin, eta lau kontzertutan parte hartuko du. Agertokiak ere bereziak izango dira: Tologorri mendia, Urkiola ingurua, Aizkorri punta, Lareoko urtegia, Aizpearro, Okabe eta Hiru Erregeen Mahaia. Nafarroako Pirinioetan oraindik emanaldi bat zehazteke dago, eta Baigorrin (Nafarroa Beherea) naturguneetakoa baino emanaldi handiago bat egingo dute.
Hasierako asmoa, ordea, bestelakoa zen, Uriartek azaldu duenez: «Hainbat herritan kontzertu handiagoak egiteko asmoa zegoen, eta udalekin ere hitz egina geneukan. Baina egoera honek udalak bahituta utzi ditu, eta kontzertu handi horiek apur bat txikitu ditugu, eta herritik kanpora eraman segurtasuna bermatzeko».
Himalaian abiapuntua
Proiektuaren ideia Uriarteri bururatu zitzaion Nepalgo Khumbu eskualdean zegoela. Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere proiektuarekin izan zen bertan 2018. urtean, baina aurrez espedizioa antolatzen lagundu zietenei esker on gisa kontzertu bat antolatu zuten Oñatin (Gipuzkoa). Migel Zeberio musikariak eskaini zuen emanaldia, eta orduan esan zion Uriarteri zerbait egin beharra zeukatela mendia eta musika uztartuko zituena. Amu hori bota zion Uriarteri Nepalera joan bezperan, eta han zegoela bururatu zitzaion mendizaleari Urmuga zeharkatuko zuen espedizioa antolatzea.
«Ideia 2018an sortu zen, eta 2019an proiektua lantzen aritu gara; Gabonetarako gauzak bideratuta zeuden». Martxoan, ordea, osasun krisia iritsi zen, eta ekimena egingo ote zen zalantzak izan bazituzten ere, azkenean tamaina txikiagoan izanda ere egingo dute. «Egin beharra geneukan», dio. Aurten ez da aurreikusitakoa bezalakoa izango, baina datozen urteetan berriz egiteko asmoa dute.
Mendia
Mendiak zeharkatzeko musika
Urmuga espedizioa Ipar eta hego isurialdeak banatzen dituen mugatik abiatuko da uztailaren 14an, nahi duen orori zabalduta. Ibilbidean, naturguneetan kontzertuak emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu