Xabier Ormazabal mendizale urretxuarraren oroimenezko Mendi Festa izango da larunbatean Urretxun bertan, zortzigarren edizioa aurten. 2004ko udazkenean zendu zen Ormazabal Cho Oyu zortzimilakoan, urte gutxitan ibilbide ikusgarria egin ondoren (besteak beste, elurretako lehoinabarra bilakatu zen, proiektu hori osatzen duten bost zazpimilakoetara igota: Komunismo, Khan Tengri, Pobeda, Lenin eta Korgenewskaya). Geroztik, haren familiak eta lagunarteak eta Urretxuko Udalak, bizirik eutsi diote Ormazabalen oroimenari, eta, ez hori bakarrik, hark bezala mendirako ametsak dituzten gazteei beren proiektuak gauzatzen lagundu die, Xabier Ormazabal Bekaren bidez. Hain zuzen, larunbateko festan jakinaraziko da zer proiektuk jasoko duen 2023ko deialdiko beka.
Oroitzapena eta festa lot daitezke soka berera. Eskalada eta mendi giroko lagunarte zabalak aska ditzake korapiloak, eta harrotu bizipoza eta irribarrea. Urteen joanean lagunarteko topagunea eta mendi giroko komunitate kozkor baten hitzordu goxoa bihurtu da Xabier Ormazabal Mendi Festa. «Nik uste Xabi harro egongo litzatekeela festa honekin, bere kutsua dauka eta», dio Andoni Ormazabalek, Xabiren anaiak. «Topagune bihurtu da, bai, eta oso era naturalean eta progresiboan izan da: urtez urte Xabiren lagunak, gure lagunak, gerturatzen joan dira, zirkulua zabaltzen joan da, eta mendi eta eskalada giroko jende asko biltzen da. Eta Alberto Iñurrategik esan izan duen moduan, adin guztietako jendea, gainera». Aurten bertan, 12-13 urteko selekzioko eskalatzaile gaztetxoak edo Gregorio Ariz bera etorriko dira, 80 urterekin baino gehiagorekin.
Goizeko egitaraua haur eta gaztetxoentzat izango da batez ere. Tirolinak, slack-line-ak, haurrentzako txiki boulderra... Hala, erdi kirol, erdi jolas, eskalada zer den probatzeko eta lehen urratsak egiteko aukera izango dute haurrek eta nahi duten guztiek. Beti izaten baita lehen aldi bat, eta zer ederragorik hasiera hori mendi festa honetan izan zela norbaitek aitortzea baino. Pasadizo «pozgarri» hau gertatu zitzaion duela gutxi Ormazabali: «Araotzen eskalatzen nengoela, ondoan genituen gazte batzuekin hizketan hasi, eta batek “zer, aurten festa, ezta?” galdetu ondoren esan zidan: ‘badakizu guk aurreneko aldiz festa horretan eskalatu genuela?’». Halako poz txikiek ematen duten bultzadarekin, beraz, 11:00etatik 12:30era hasiberrientzako boulderra izango da. Lehiarik ez da izango berez, baina saritu egingo da nolabait gora iristea. Eta ondoren, materiala zozkatuko da partaide guztien artean. Gero, boulder herrikoia egingo da maila handixeagoa daukan jendearekin, baina hor ere, lehia baino gehiago, partaidetza bultzatuko da.
Mendiari lotutako tailerrak ere izango dira, sormena lantzeko, naturari buruzko lehen ezaguerak eskuratzeko, hala nola animalien aztarnak interpretatzen ikasteko, PiriNATUREko Elena Pargaren eskutik...
Bazkaria etorriko da gero, paella erraldoi bat aurten. «Berrehun lagun baino gehiago bilduko gara, eta hori ere momentu polita da guretzat. Hor gure ama sartzen da, ez bera bakarrik noski, jende askoren laguntza baitu, baina une polita da, familia osoa elkartzen gara, eta bazkariak ukitu goxoa eta berezia ematen dio egunari. Ez da catering zerbitzu bat, etxekook prestatutako janaria da». Bazkalostean, Ignasi Lopez Fabregasen stop motion-eko animaziozko hiru film labur proiektatuko dituzte, txikienei krispeta batzuk banatuta: El gran hito, Egoland eta Viacruxis. «Oso film labur onak dira, eta mezu ederra dute», nabarmendu du Ormazabalek.
Arratsaldea betea dator. Mendiko literaturak tarte bat izango du egitarauan, eta Karlos Aretxabaleta Txapel idazleak Haitzak eta izarrak liburua (Sua Edizioak) aurkeztuko du. Egilea ez ezik bertan izango dira liburuko hainbat protagonista ere: Ekaitz Maiz, Mikel Zabalza, Pou anaiak, Itzi Zabala, Alex Txikon… Nolabaiteko aurkezpen-solasaldia izango da, beraz. Bestetik, Eli Azurmendi margolariak eskaladako krokisei buruz egin duten liburuaren azken aleak eramango ditu Urretxura.
Eskalada eskolen arteko erronka izango da arratsaldeko ekitaldi nagusietako bat. Aurten, Etxauri, Araotz, Kanpezu eta Atxarteko eskoletako eskalatzaileak ariko dira nor baino nor. Aurrez, ordea, eskola bakoitzeko hainbat aitzindarik bakoitzari buruzko zertzelada nagusiak emango dituzte, irudiz lagunduta. Etxauriko eskolari buruz ariko dira Gregorio Ariz historikoa eta Carlos Velazquez; Araotzi buruz, Josean Mulas; Kanpezuko eskalada eskolaren nondik norako esanguratsuenak azaltzen, Iñi Basterra eta Gotzon Gardeazabal; eta Atxarteri buruzkoak, Jabi Berasaluze eta Willy Bañales. «Gure eskalada eskoletako istorioak entzuteko aukera izango dugu. Sekulako ilusioa egiten dit, adibidez, Gregorio Ariz etortzeak, gaztetxoek ikus eta jakin dezaten garai batean ere, beste era batera, beste material eta teknika batzuekin, baina pasio berarekin nola eskalatzen zuten».
«Topagune bihurtu da, bai, eta oso era naturalean eta progresiboan izan da: urtez urte Xabiren lagunak, gure lagunak, gerturatzen joan dira, zirkulua zabaltzen joan da, eta mendi eta eskalada giroko jende asko biltzen da».
ANDONI ORMAZABAL Xabi Ormazabalen anaia eta eskalatzailea
Erronka jai girokoa izango da, eta eskola bakoitzeko lau eskalatzaile ariko dira lehian, bi neska eta bi mutil. Esaterako, Araozko eskolatik Markel Mendieta, Manex Iñurrategi, Haizea Oses eta Garazi Gurrutxaga; Etxauritik, Ekaitz Maiz, Gorka Karapeto, Amaia Oñati eta Ilargi Avila Larrageta; Kanpezutik, Berta Gorospe, Rakel Martinez, Iñigo Arzoz eta Tasio Martin; eta Atxartetik, azkenik, Ainhize Belar, Naia Amezua, Peio Ugarte eta Asier izquierdo. Lehia girotzen, eskalatzaileak xaxatzen eta erronkari gatz eta piper pixka bat jartzen, Alex Txikon eta Josean Mulas ariko dira esatari.
Bertaratuak xaxatzen ariko den bestea Jon Plazaola izango da: eskalada eskolen arteko erronkaren ondoren, Urretxuko aktore eta umoristak arriskuko edo muturreko kirolei buruzko bakarrizketa eskainiko du.
Bekara aurkeztutako 5 proiektuak
Plazaolaren saioaren ondotik, Xabier Ormazabal Bekaren irabazlea zein den iragarriko da. Bost proiektu aurkeztu dira guztira: Alfonso Martinez 22 urteko salamancarrak Yosemiten hainbat bide (Freerider, Golden Gate eta El Corazón, besteak beste) era librean eskalatzeko proposamena aurkeztu du. Mikel Etxeberria gazte arabarrak, berriz, Kolonbiako Ritacuba Blanco mendian Tierra de Cóndores bidea eskalatzeko egitasmoa aurkeztu du, 1000 metro inguruko eta 7a zailtasuneko bidea. Ainhoa Unanue urretxuarrak Alaskan mendiko eskia eta bizikleta uztartzen dituen proposamena aurkeztu du: Eklutna izeneko eski zeharkaldi lehenbizi, eta ondoren, Valdeztik Anchoragera bizikleta bidaia (480 km) inguruko mendiak, glaziarrak eta paisaiak eskiz eta bizikletaz ezagutuz. Laugarren proiektua, Ibon Mendia nafarrarena da: Trangoko Izenik Gabeko Dorrearen ipar horman (Pakistan) bide berri bat irekitzeko asmoa du Mendiak, Unai Cobos eta Joseba Iztueta eskalatzaileekin batera. Azkenik, Jon Inoriza nafarrak, Mikel anaiarekin batera, Patagonian, Paineko Erdiko Dorrean zehazki, Riders on the storm bidea eskalatzeko proiektua aurkeztu du, baina baldintzen arabera, Hegoafrikar bidea ere baztertu gabe.
Amaitzeko, maila handiko bi emanaldi izango dira plazan bertan, aire librean, pantaila handian eta edukiera mugarik gabe. Hasteko, Marc Toralles eta Bru Busom eskalatzaile kataluniarrek Peruko Siula Grande (6.344 m) mendiaren ekialdeko horman zabaldutako Anima de Corall (1.100 m, 7b, A3, AI5, M6) bideari buruzko ikus-entzunezkoa emango dute. Eta azkenik, egunari ginga jartzeko, Sean Villanueva eta Nico Favrese eskalatzaile belgikarrek Riders on the storm bidearen eskaladari buruzko emanaldia egingo dute. Eta erne, hori ez ezik musika emanalditxo bat ere iragarri dute bi belgikarrek. Beraz, ez harritu ilundu eta gero ere festak segida izatea. Hori baitu Xabier Ormazabal Mendi Festak: mendia, oroitza, topagunea, lagunartea... osagai ugari giroa eta eguna bera berezi egiten dutenak.