Herriko rokodromoan da hitzordua, Xabier Zarranz mendi korrikalariarekin (Iruñea, 1981) eta Luis Arrieta zinemagilearekin (Iruñea, 1983). Ez dira egun asko elkarrekin egon direla, baina, halere, iritsi orduko besarkada estu batekin eman diote ongietorria elkarri. Aspaldiko lagunak dira biak, eta konplizitate handia dutela nabari da. Hizketan hasi orduko, aurpegian nabari dute gustura daudela amaitu berri duten lanarekin: 212 mountains dokumentala; Mendi Film jaialdian estreinatuko dute, abenduaren 16an. Hitz etorri handikoak dira biak.
Nondik sortu zen dokumentala grabatzeko ideia?
LUIS ARRIETA: Xabierri otu zitzaion ideia. Bere kirol ibilbideko azken urteetan murgiltzera zihoan, eta, horren aitzakian, batera zerbait egin behar genuela aipatu zidan. Lehen ideia hura izan zen, eta ametsetan ere hasi ginen. Nik, Pirinioetako 3.000 metroko mendi guztiak kateatzea pentsatu nuen, eta, aldi berean, Zarranzen kirol ibilbidea errepasatzea. Baina, horretarako zenbat egun beharko genituen begiratzen hasi ginenean, ezinezkoa zela konturatu ginen. Sinplifikatu beharrean izan ginen, eta azkenean, gu biok, bizikletak, sokak eta kamerak bakarrik osatu dugu espedizioa.
XABIR ZARRANZ: Pirinioetako denak kateatzearen ideia oso ona zen, baina, aldi berean, oso zaila. Azkenean Balaitus [3.144 metro], eta Pica d’Estats [3.143 metro] mendietara igotzea erabaki genuen, baina, tarteko kilometro guztiak bizikletan eta eskalatuz eginez. Ni, esaterako, Balaitusera igoa nintzen, baina Pica d´Estatsera ez. Arazo bakarra geneukan: behin azken mendi horretara igota, nola itzuli etxera. Azkenean, nahiz eta nire emazteak ez zuen dokumentalean irten nahi, haren laguntzarekin amaitu genuen erronka.
Luis, zergatik aukeratu zenuen Xabier protagonista gisa?
ARRIETA: Urte batzuetan batera ibili ginen txirrindularitzan, baina bakoitzak bere bidea aukeratu genuen. Hala ere, urte hauetan guztietan harremana mantendu dugu. Betidanik lagunak izanda, haren proposamenari ezin nion ezezkoa eman. Gainera, grabatzearena aitzakia izango zen guretzat, Pirinioetan astebete igarotzeko. Nik ezin nuen gehiago eskatu. Aldi berean, bizikleta eta nire pasioa, mendia, uztartuko nituen. Oso erraza izan zen akordio bat adostea [barrezka].
Ibilbidearen egitura egitea erraza izan al zen?
ZARRANZ: Ibilbidea Luisen kontua izan zen. Hasieran, mendi gehiagotara igo nahi genuen, baina, horretarako, beste egitarau bat eskatzen zuen erronkak. Argi geneukan bizikleta ere sartu nahi genuela.
ARRIETA: Ideiak argi genituen, baina eguraldiak gauzak baldintzatu zizkigun. Ia egunero ekaitza iragarrita zegoen, nahiz eta azkenean zori ona izan genuen. Aurreikusita geneuzkan gauza batzuk aldatu behar izan genituen, eta aterpetxe batzuetan lo egiteko aukera ere zapuztu zitzaigun egun batean. Balaitusera igo ginen egunean ere, eguraldiak ez zigun asko lagundu, eta, horrek, grabazioak egiteko zailtasunak ekarri zizkigun. Hori bai, Xabierrekin mendian azkar ibil daitekeela konturatu naiz.
Espedizio honetan zure bi pasioak uztartu dituzu, Luis: mendia eta ikus-entzunezkoa.
ARRIETA: Bi gauzak uztartzea, eta, gainera, Xabier bezalako lagun batekin egitea, luxu bat izan da niretzat. Nire oporraldia izan zen, sanferminen atarian. Batzuetan, arduratuta ere ibili nintzen. Biak bakarrik egonda, agian, gauza batzuen hutsunea izango nuela ikusten nuen. Halere, aste osoan, pertsona hobeto ezagutzeko aukera izan nuen. Aurretik ezagutzen nuen arren, haren alde humanoa ezagutzeko aukera ere izan nuen. Izugarri miresten dut bizikleta utzi zuenetik mendi lasterketetan egin duen ibilbidea. Izugarri pozten nau ikusteak oraindik ere kirola pasioz bizi duela. Horretaz gain, pertsona irekia eta gertukoa da. Oso erraza izan da harekin lan egitea.
Zu, Xabier, grabazio lanetan ere ibilitakoa zara telebistako Gailurra Xtrem saiorako. Orain, aldiz, beste aldean kokatu zara. Zer egin zaizu errazagoa?
ZARRANZ: Ez dakit, ba, zer esan! Niri ez zait batere kostatu beste aldean egotea. Horretarako ez naiz batere lotsatia. Naizen bezalakoa azaltzen saiatu naiz, eta oso lasai egon naiz. Kamerari gisa, askoz ere erantzukizun handiagoa neukan.
Dokumentalean, kirolarekiko eta familiarekiko hausnarketa bat egiten duzue. Hori bilatu duzue?
ZARRANZ: Bai. Nire bizitzaz hitz egiten dut, baina orokorrean mendi lasterketen inguruan izaten ditugun hausnarketei buruz hitz egiten dut. Bakoitza nola sentitzen den aipatzen dut, baina ez bakarrik entrenatzen edo lasterketetan aritzen garenetan, baizik eta lanean edo etxean izaten ditugun eragozpenez ere bai. Luisi ez zaio asko kostatu niri nahi zuen guztia ateratzea. Biak oso antzekoak gara, adinez ere oso gertukoak, eta bioi asko gustatzen zaigu mendia. Oso gustura gelditu naiz egin dugun lanarekin. Gauzak barru-barrutik kontatzen ditut.
Zein izan dira zailtasun handienak dokumentala egiteko?
ARRIETA: Pirinioetan pasatutako asteaz gain, beste grabazio batzuk egitea ere aurreikusita neukan, esaterako, Zegama-Aizkorriko lasterketa. Zoritxarrez, izugarrizko eguraldi txarra egin zuen, eta irteera bakarrik grabatu nuen. Ondoren, beste lasterketa batera aurrean ibil zitekeen aitzakiarekin ere joan nintzen, baina, azkenean, laugarren amaitu zuen. Gehiago ez grabatzea erabaki ondoren, jokatu zituen hurrengo bi lasterketak irabazi zituen, eta ia ez dugu irudirik. Gutxienez, bi lasterketetako irudi batzuk errekuperatu ditut. Inoiz ez da jakiten noiz gerta daitezkeen sorpresarik handienak.
Irudiak ere garrantzia hartzen du dokumental guztian. Hori ere garrantzitsua zen zuentzat?
ARRIETA: Bai, bi gauzak lortu nahi nituen. Lehenik, Xabierri berari eman nahi nion protagonismoa. Haren ibilbide oparoa erakutsi nahi nuen. Baina protagonista jantzi ere egin nahi nuen. Irudiak ikusgarriak dira. Gehien kosta izan zaidana zera da, Xabierren oso gertuko jendea dokumentalean ateratzea. Emazteak ez zuen ezer jakin nahi ateratzeaz. Horrek arantza txiki bat utzi dit. Behintzat, mikrofono txiki bat jarri nuen haien autokarabanan, biak bakarrik zeudenean, Zegama-Aizkorriren bezperan. Ez nuen beste aukerarik izan. Pica d´Estatsera familiarekin egindako igoerak ere amaiera paregabea ematen dio dokumentalari.
Batera igarotako aste guztiko une bat aukeratu beharko bazenute, zein aukeratuko zenukete?
ZARRANZ: Bi une aukeratuko nituzke. Lehena, Tucarroyako [Bielsa, Frantzia] aterpetxera iritsi ginenean. Lehen aldia nuen han, eta izugarri gustatu zitzaidan; eta, bigarrena, Gavarnieko [Okzitania] aterpetxera iritsi ginenean. Oso aterpetxe txikia da. Ez dut ahaztuko han, eguzkitan geundela, garagardo bat hartzen igarotako unea.
ARRIETA: Nik ere bi aipatuko ditut. Lehena, Luz-Saint-Sauverrera [Okzitania] iritsi, eta eskaladako material guztia Iruñera bidali genuenekoa. Hurrengo egunetan bizikletan arinago jarraitzeko, gauzak asko erraztu zizkigun. Eta, ondoren, Vielhara [Herrialde Katalanak] iritsi ginena. Egun horretan, 150 kilometro egin genituen bizikletan, tartean, Tourmalet, Aspen, Peyragudes, eta Portillonera igo ginen. Izugarrizko euri erauntsia izan genuen azken portu horretan! Gauean iritsi ginen, eta, gure harridurarako, mendi lasterketa bat jokatzen ari ziren. Pentsa zein eguraldi petrala zegoen: lasterketa bera ere bertan behera utzi behar izan zuten.
Zarranzi omenaldi bat egiteko aukera izan da dokumentala?
ARRIETA: Xabierrek bere kirol ibilbidea azkenekoetan ikusten zuelako hasi zen dena. Aldiz, ez dakit dokumentalarengatik izan den-edo, baina hura ere indarberritu egin da azken hilabeteetan. Grabatzen hasi ginenean, euskal selekzioa uztera zihoan, goi mailako lasterketak ere bai... Gaur egun, ez dakit zer egingo duen, baina oraindik ere motibazioz gainezka ikusten dut [barrezka].
Udan lortutako azken garaipenak eta gero, oraindik ere uzteko asmoarekin jarraitzen duzu, Xabier?
ZARRANZ: Nire asmoa gutxinaka uztea zen. Lehen, urtero lasterketa asko jokatzen nituen. Aurten gutxiago jokatu nahi nituen. Hala ere, gonbidatzen nauten lasterketei ez dakit ezetz esaten! Lasterketa asko errepikatu egin izan ohi ditut urte askotan, eta, egunen batean, agian, Zegama-Aizkorri bera korritzeak ere ez nau motibatuko. Gutxien espero nuenean emaitza onak iritsi dira, eta ez dakit zer egingo dudan.
Aurrestreinaldia ostiralean egingo duzue, Iruñean, baina ofiziala Bilboko Mendi Filmen. Zer esan nahi du horrek zuentzat?
ARRIETA: Bilbon aurkeztuko dudan laugarren lana da, eta beste lanekin alderatuta oso ezberdina izan da. Niretzat, gainera, euskaraz egitea izugarria izan da. Konturatu naiz, protagonista on batekin, eta mendian azkar mugituta, gauza politak egin daitezkeela. Abenduaren 16an izango gara Bilbon, eta saio berezi batean sartu gaituzte Euskalduna aretoan. Ezin genuen leku hoberik aukeratu.
ZARRANZ: Urduri samar nago. Nire etxeko txikien aurpegiak ikusi nahi ditut aita pantaila erraldoian ikusten dutenean. Oso gogotsu nago. Lagun askok aipatu didate dokumentala ikusi nahi dutela, eta ni ere irrikaz nago. Estreinaldia eta gero, ikusi egin beharko dugu zein ibilbide izango duen dokumentalak. Gure aldetik, ez dugu arazorik izango deitzen diguten lekuetara joateko.