Mendia ere ez da libratu

Koronabirusa eragiten ari den kalteak bete-betean harrapatu du mendiko jarduna ere. Askok amaiera eman behar izan diote neguko denboraldiari. Hainbat proba ere bertan behera geratu dira. Haien artean azkena, Ehun Miliak. Konponbidea ez da erraza, eta bada kezka

Asier Uriarte. Nafarroa Extreme mendi lasterketaren antolatzailea. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun

«Oso gogorra izan da lasterketa bertan behera utzi behar izatea»

 

Asier Uriarte Nafarroa Extreme mendi lasterketaren antolatzailea

Hilabete askoren buruan izandako bileren ondoren, lasterketaren antolakuntza bete-betean behar zuen Asier Uriartek (Iruñea, 1978). Koronabirusaren ondorioz, ordea, erabaki dute bertan behera uztea Nafarroa Extreme lasterketa ezaguna. Apirilaren 25ean zen jokatzekoa. «Bagenekien oso zaila izango zela lasterketa aurrera ateratzea, gehienbat osasunarengatik. Hainbeste egun mendira lasterka egitera atera gabe egon eta gero, ezinezkoa ikusten genuen distantzia horretako lasterketa batean korrikalariek parte hartzea». Antolatzaile askoren moduan, ikusten zuten hainbat eta hainbat proba eta ekitaldi bertan behera gelditzen ari zirela, eta ahalik eta azkarrena erabakitzea tokatzen zitzaiela berei ere. «Nafarroan, apirilaren 20ra arte ez zegoen ezer jokatzerik hasieran, baina gero egoera ikusi beharra zegoen. 1.500 pertsona baino gutxiago biltzen zituzten ekitaldiak jokatzeko aukera bazegoen hasieran». Protokoloa martxan jarri zutenean, ordea, dena aldatu zen: «Lasterkariak bakarrik ez, ikusleak ere kopuru horren barruan sartzen zirela esan ziguten. Orduan konturatu ginen ezinezkoa izango zela proba jokatzea».

Horrelako tamainako lasterketa baten antolakuntzak aldez aurretik egin behar izaten ditu gauza asko. Nafarroa Extreme ere ez zen salbuespena. «Esaterako, lasterkariei banatzen zaizkien poltsa guztiak osatuta geneuzkan. Aurten, gainera, babesle nagusia ere aldatu genuen, eta poltsa guztiak ordaindu behar ditugu». Ez du berehalakoan ahaztuko proba bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan zuten eguna : «Oso egun gogorra izan zen. Jendeak esan zigun ez zitzaiela axola dirua ez itzultzea, baina hori ez da kontua». Hori bideratzeko formulak bilatzen ari dira. Baina diru asko galtzeko zorian daudela ere azpimarratu nahi izan du. Dena den, itxaropen mezua ere bidali du. Izan ere, lasterketaren bosgarren ekitaldia ezin jokatuko den arren, datorren urtean ekitaldi xume batekin estreinatzekoa dute Nafarroa Extremen GR-322 ibilbidea: «Datorren urtekoa ekitaldi bikaina izango da, bi gauzak batera egingo baititugu».

«Lanik ez dugu izango, baina berdin ordaindu beharko ditugu gastuak»

Sonia Casas Eskalatzailea eta mendi gida

Ez da egunik onenak igarotzen ari Sonia Casas (Bilbo, 1976). Etxaurin bizi da azken urteetan, Nafarroan, baina gurasoak 160 kilometrora ditu, Bilbon, eta adinekoak dira. Haietaz kezkatuta dago. «Oso etxe txikian bizi dira, eta aitak, dituen osasun arazoengatik, kalera atera behar izaten du egunero. Arteroesklerosia du, eta mugimendua behar du. Etxean ezin mugiturik dagoela imajinatze hutsak pattal jartzen nau animoz». Lesio batetik atera berritan dagoen arren, indarberritze lanetan ari da azken asteetan. Mendi gidari ere ibiltzen da eskalatzaile bilbotarra, baina etxean egon beharrak galarazi egin dizkio hurrengo hilabetean zituen lan guztiak. «Lehenik, Madrilgo Mendi Federazioak antolaturiko hitzaldi bat egin behar nuen Madrilgo Desnivel liburutegian. Aurrerago, hamabost gazterekin alpinismoan hasteko ikastaro bat nuen Guadarraman; eta beste mahai inguru bat lau eskalatzailerekin. Bukatzeko, bi ibilbide egin behar nituen bi bezerorekin Teleran [Pirinioak, Aragoi, Espainia]. Apirilaren 5era arte egutegi guztia beteta neukan». Hilabete eta erdiko lanik gabe gelditu dela esan ondoren, etorkizunak oraindik gehiago arduratzen duela nabarmendu du. Bikotekidea eta biak mendian egiten diren jarduerez bizi dira. Biak ere lanik gabe izango dira, eta ez da dirurik sartuko etxean. «Hurrengo hilabetean fakturatu behar nuena jada galdu ditut, baina, aldi berean, autonomoen kuotak ordaindu behar ditugu, etxearen hipoteka, BEZak, fakturak, gasolinak, ogasuna…». Etxean gelditu beharraren dekretua ere ez du bete-betean onartzen. «Psikologikoki gaixo daudenei kalte handiagoa egiten die etxean gelditzeak», argudiatu du. Egun hauetan ikusten ari den gauzekin ezin sinetsirik dagoela aitortu du. «Aurreko astelehenean, Etxaurin eskalatzaile mordoa zegoen. Foruzainek etorri behar izan zuten». Casasen ustetan, eskalada izan daiteke jendea kutsatzeko garaian arrisku handiena duten kiroletako bat: «Denek helduleku berberetan ipintzen ditugu hatzak eta oinak; une oro txistua botatzen dugu hatzetan; soka ere ahoarekin hartzen dugu…». Jendeari zentzuz jokatzeko eskatu dio.

«Nahasgarria da Belgikan aire librean kirola egin ahal izatea, eta hemen ez»

Alberto Iñurrategi Mendi gida eta alpinista

Hiru aste ez dira igaro Alberto Iñurrategi (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1968) Patagoniatik itzuli zenetik. Otsailean Cerro Torre (Patagonia, Argentina, 3.128 metro) eskalatzen ibili eta gero, pozik itzuli zen etxera hilaren amaieran. Handik egun gutxira egin zuen eztanda koronabirusaren krisiak. Alpinista izateaz gain, mendiko gidaria ere bada Iñurrategi. Azken urteetan, horretan egiten du lan. «Martxoaren azken asterako, Madrilgo talde bat neukan Aran ibarrera joateko [Lleida, Herrialde Katalanak], eta, ondoren, beste talde batekin nindoan Anetora apiril hasieran [Aragoi, Espainia]». Esan beharrik ez dago bi irteerak bertan behera utzi behar izan dituela Iñurrategik. Azken unera arte zain egon arren, Espainiako Gobernuak dekretu bidez irteera guztiak debekatzea erabaki zuen une berean helarazi zien erabakia bezeroei. Ondorioez galdetzean, argi dauka Iñurrategik: «Inork ez daki zer ondorio izango dituen. Oraingoz, etxean gelditzea tokatzen da, jende guztia bezala. Aurrera begira ez dakigu zenbat luzatuko den, eta luzapenak zer ondorio izango dituen ere ez. Ondorioak esaten dudanean, arlo guztiez ari naiz». Jendeak unean unekora egokitu beharko duela aitortu du. Frantzian eta Belgikan, esaterako, aire libreko kirolak baimendu dituzte gobernuek, metro bateko distantzia zainduz gero. Baimendu bakarrik ez: gomendatu ere egin dute. Gaia aipatuta, hauxe esan du Iñurrategik: «Ez da erraza ulertzen, baina pentsatu nahi dut erabaki hauek hartzen dituztenek badituztela aholkulariak, bai ekonomian, bai osasunean… Gero ez dakit haiek zein neurgailutan jartzen duten hori dena». Dekretua atera eta hurrengo egunean, inork ikusi nahi ez zituen irudiak ikustea ere tokatu zitzaion, kontatu duenez. Halaber, kirolarien tokian ere jarri nahi izan du aretxabaletarrak: «Hemen ere badira lau urtez Olinpiar Jokoak prestatzen aritu direnak. Igeltsero bat lanera joan badaiteke, kirolariek zergatik ezin dute entrenatzen jarraitu? Edo tabernari batek?». Bera ere nahastu eta amorratu samar dagoela aitortu du Iñurrategik: «Honek itxura kaskarra dauka epe laburrera».

«Epe laburrean ezinbestekoa izango da jendeak zentzuz jokatzea»

Josu Iztueta Azkue Bidaiaria

Bidaia antolaketen denboraldi bete-betean dela harrapatu du koronabirusaren krisiak Josu Iztueta (Tolosa, Gipuzkoa, 1957). Aste Santua gainean dagoela kontutan hartuta, bidaiak antolatuta zeuzkan. «Lehenik Eslovenia aldera joateko asmoa neukan, baina ikusirik Europa erdialdean gauzak okertzen ari zirela, Portugal aldera aldatzea erabaki nuen. Orain, berriz, etxean gelditu beharra besterik ez dago». Tolosako Zumardia taldekoekin hitzartuta zeuzkan mendi eta piragua irteera batzuk, eta horiek ere kinka larrian geldituko zaizkio. Udari begira ere zalantzak: «Gauza ez bada asko aldatzen, Poloniara eta Errumaniara egin behar nituen bidaiak ere kolokan geldituko dira». Iztuetaren lanik handiena zera da, berak antolatzen dituen bidaietarako bezeroak biltzea. Batzuk hitzartuta zeuzkan arren, jendea ulertzen hasita dago kontua ez dela brometakoa. «Jendeak zituen kezka nagusien artean zeuden Altitoyra joatea, elur gutxi bazegoen, edo Quebrantahuesos egiteko nahikoa entrenatzen ariko zen. Erdi barrezka ere ibili gara, baina oraingoa gauza serioa da». Bidaiak bertan behera utzi behar izateak galera ekonomiko handia ere eragingo dio Iztuetaren bizimoduari. «Lehen ere beti ibili izan naiz ekonomikoki nahiko larri, eta, oraingo honetan, etxekoei eskatu behar izan diet laguntza ekainera arte». Leku eta herrialde asko ezagututako gizona da Iztueta. Ez du ulertzen Italian, Frantzian eta Belgikan mendira joateko edo kirola egiteko eman duten gomendioa ere. «Nik ulertzen dut hemen egin duten dekretua. Zorrotz ez bada betetzen, eta malgutasunaren arabera jokatzen badugu, behar ez diren ezbeharrak ikustera kondenatuta gaude». Egoera kontuan hartuta, argi dauka ez litzatekeela bidezkoa izango, baten batek elurretan bihurritu bat egin duelako edo bizikletan erori delako, erreskatatu beharra izatea. «Inor ez zaio ezer pasatuko etxean geratzeagatik. Zentzuz jokatu beharra tokatuko zaigu». Epe laburrerako ez du irtenbiderik ikusten Iztuetak koronabirusak eragin duen egoera dela eta. «Ondorioak utziko dituela ziur nago, ez dakit noiz arte, baina utziko ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.