Asteburu batez bada ere, mendi tontorrek protagonismoa galdu dute Euskal Herrian. Garaiera gutxiko gailurrean egin dute bilgunea mendizaleek zubian, Ficoban, Irunen (Gipuzkoa). Izan ere, herenegun hasi eta gaur arte VIII. Mendiexpo Outdoor Experience mendi azoka antolatu dute.
Mendizaletasunaz gozatzeko aukera oparoa eskaintzen du Mendiexpok. Arropa erosi, turismoa egiteko argibide liburuxkak hartu, liburuak erosi, hitzaldiak entzun... Hamaika aukera bisitarientzat. Hala, mendiko arropa saltzen duten guneetan bildu da jende asko, azokari begira egindako prezio bereziek erakarrita. Ikastaroek ere arrakasta handia izan dute, eta gazteenek ederki gozatu dute rokodromoan gora, tibetar zubian aurrera eta tirolinan behera. Irribarretsu amaitu ohi dute ibilbidea, berriro egiteko prest.
Jendearen interesaren erakusle da Santiagotarrak elkarteak antolatutako piragua irtenaldiak izan duen harrera. Bidasoan behera aterako dira gaur goizean, eta aldez aurretik bete dira irtenaldirako plazak. Pozik agertu da elkarteko kideetako bat izandako harrerarekin. Herriko elkartea izanik, urtero hartzen dute parte Mendiexpon. Dena den, piraguismo elkarte bat izanik, haientzat azoka martxo aldera egitea egokiagoa litzatekeela azaldu du.
Guztiak ez daude hain pozik, hala ere. Eguraldiak ez du asko lagundu, eguraldi ederra egin du zubian, eta horrek azokaren bisitak murriztu ditu. Erakusmahai batzuetara espero baino jende gutxiago hurbildu da. Dena dela, orokorrean Ficobako jendea pozik agertu da azokak izandako harrerarekin. Gaur jaieguna izanik jende gehiago bilduko dela uste dute.
Arropa erosi eta argibide liburuxkak hartzeko aukera ematen du azokak, baina hitzaldiak eta proiekzioak dira Mendiexporen ikur nagusia. Eskarmentu handiko pertsonek beren esperientziak kontatu dituzte, eta ekimen jendetsuenak izan dira. Mireia Miro atletak atzo 12:30ean egin zuen hitzaldian 40 lagun inguru egon ziren, eta antzeko kopurua bildu zen ordu erdi geroago Javier Busseloren eskutik Euskal Herriko kobazulorik interesgarrienak ezagutzeko.
Ohiko hitzaldiez gain, Jakin ezazu eta Har ezazu kafea horrekin izeneko guneen berritasuna du aurten Mendiexpok. Lehenengoan, bisitarien galderak erantzuten, haien jakin-mina asetzen dute hizlariek; eta bigarrengoan, kafe baten inguruan, era informalagoan, biltzen dira hizlaria eta bisitariak.
Gaurko egitaraua
Hainbat hitzaldirekin amaituko da gaur azoka. Axi Muniain surflariak, Josu Feijoo alpinista eta astronautagaiak, Adam Ondra eskalatzaileak eta Cory Richards alpinista eta argazkilariak hartuko dute parte. Antxon Burciok eta Zuriñe Forondak irakatsiko dute norberak bere burua mendian nola babestu, Antonio Perezgruesok Al filo de lo imposible saioko kamerari nola izan erakutsiko du, eta Peio Ruiz Cabestanyk azalduko du munduan zehar bizikletan nola bidaiatu daitekeen. BERRIA solastokian Alberto Zerainek Himalayari begiratua emango dio 17:00etan.
Mendia, azokan bilduta
Mendiaren eta abenturaren zaleek VIII. Mendiexpo Outdoor Experience azokaz gozatzeko parada izan dute zubian, Irunen, Ficoban. Gaur dute azken eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu