Zegama, maiatzaren 20a, goizeko bederatziak. Abiatu dira Zegama-Aizkorri mendi maratoiko lasterkariak, eta tartean lerroon egilea. Esatariak Aizkorriko Anderearen borondate onaren esku utzi gaitu; laguntza oro ez dago sobera zozketa bidez egun batez mendi maratoilari izatea egokitu zaion honentzat; estreinakoz eta, diotenez, Europako mendi maratoi garrantzitsuenean.
Abiatzeko orduan, Julen Gabiriaren pertsonaia baten moduan, ziklisten ordez, munduko mendi korrikalaririk onenen alboan ehunka amateur. Abiatu orduko, desegin da une hori. Goitik behera ari duen euriak ez du imajinazioa gehiago astintzeko aukerarik ematen. Ahal bezain azkar gorputzak berotu egin behar du, eta adi egon behar non jartzen den oina.
Tropelean aldatz gora, batek irrist, bestea albotik igarotzen, aurrekoa geratu eta zira kentzen. Hauspoa berotzearekin batera, giharrak ere esnatu dira, eta, bidea zabaldu orduko, nork bere erritmoa hartzeko aukeran, lasterketa une horretan hasi dela ohartu zara.
Bostehun lagun korrika, eta zeuk areriorik ez. Irabazi bik bakarrik egingo dute, eta, noski, zu ez zaude Zegaman lehenbizi helmugaratuko direnen artean. Zertarako egin etsaiak, orduan? Ibilbide gogor baina ederra dago egiteko; zer hobe hura disfrutatzea baino. Euripean? Lokatz artean? Edozein unetan lurrak berdinduko zaituenean?... Gozatu? Bistan da, bostehun horien artean gutxi dira Zegama-Aizkorri mendi maratoia behar bezala prestatu ez dutenak. Aurreko asteetan mendian ibili denak (Euskal Herrian, bederen) ez du egokitzeko behar handirik. Eguraldiak oso makurra behar du izan etsitzeko, edo ezbeharren bat...
Ibilbidea aurretik ezagutzeak, eta azkeneko aldiz maratoiaren eguraldi bertsuarekin egin izanak aldez aurretik abisu eman dizu: lehen hamabost kilometroetan nahi beste korrika egin, baina kontuz Otzaurterako azken jaitsieran; Aratzeko tontorretik San Adrianeraino adi ibili, labainkorra da eta. Sancti Spirituko igoera lasai hartu, Aizkorriraino fresko iritsi behar baita; Aizkorritik Atxurirako ibilbidea arriskutsua da, mantso ibiliko zara, eta hozteko arrisku handia duzu; Atxuriko jaitsiera arrisku handikoa da (eskerrak, soka jarri zuten; halere, istripuak izan ziren, eta Gurutze Gorrikoek lanak izan zituzten), joan ote artetik —hobe arrastadak, eroriko larriak baino—; Urbiako zeharkaldian ez eman dena, zainelduen lekua da, Urbian ez bada, Andraitzeko lehen maldetan izango dituzu arranpak; Andraitzetik Zegamara, lehen bide erdia arriskutsua da lokatzarekin, handik aurrera libre...
Aurrez ikasitakoa nola bete den ikusi duzu; erori ere aurreikusitako lekuetan erori zara, hamaika bider. Ikusi duzu zenbait tokitan hobe zela txirristan behera abiatu, ipurdiko galantak saihesteko.Bide osoan blai joan arren, lokatzetan bainatu zara. Aizkorrin-eta, han goitik ez zen itsasoa ikusten; dena zen lurrunezko itsaso. Hunkitu zara jendearen berotasunarekin Otzaurten, Aratzeko lehen maldetan, Sancti Spiritun, Aizkorrin, Urbian... Izen handiko mendi korrikalaribatzuek —Mireia Mirok, Iker Karrerak—, haiek egun horretan ikusle gisa, animoak eman dizkizute.
Oazurtzan behera, gogotik ekin diozu, indartsu, nekerik gabe. Bide osoan lagun izan dituzun bizpahiru korrikalariak xaxatu dituzu, xaxatu zaituzte, «goazen, gogor!». Amaiera jartzen duen marra igaro, elkar besarkatu, eta familiakoen beroa jasotzeko irrika. Zegaman irabazleak adina txalo jaso duzu, hura podiumetik aspaldi jaitsia den arren. Irabazle sentitu zara une batez,zozketan egokituta, mendi maratoilari izan zaren egunean.
Mendi maratoilari, egun batez
42,195 kilometro mendiz, 5.400 metroko desnibel metatuarekin; euria goitik behera, bide irristakor eta lokaztuan; sufritu adina gozatu, nork bere buruarekin baino ez den lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu