Mendi lasterketen argiak eta itzalak

Azken urteetan gero eta mendi lasterketa gehiago daude, eta gero eta kirolari gehiagok hartzen dute parte. Horrek ekarri dituen ondorioez hausnartu dute Oihana Azkorbebeitiak, Xabier Zarranzek eta Asier Labairuk, 2024ko Mendialdian.

Zegama-Aizkorri
Mendi korrikalari bat Zegama-Aizkorri maratoian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Unai Ugartemendia.
2024ko maiatzaren 8a
05:10
Entzun

Mendi lasterketak loraldi betean daude azken urteetan. Gero eta jende gehiago hasi da mendian korrika, eta, horren ondorioz, gero eta korrikalari gehiagok parte hartzen dute lasterketetan. Horrek bere argiak eta itzalak ditu, eta hainbat gai jarri ditu mahai gainean: mendi lasterketen zirkuituen masifikazioa, atletismoak ekarri dituen korrikalari berriak, mendi lasterketek olinpiar joko izateko aukera, edo sortu berri den Etiketa Berdea manifestua.

Horren inguruan aritzeko elkartu zituen Berriozarko Mendi Eskolak (Nafarroa) Xabier Zarranz (Irunberri, Nafarroa, 1982), Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, Bizkaia, 1981) eta Asier Labairu (Iruñea, 1996) mendi korrikalariak. 2024ko Mendialdiko egitarauaren barruan izan zen. BERRIAren babesa izan zuen hitzaldiak, eta mendi lasterketetako hainbat jarraitzaile bildu zituen Zulo Alai elkartean.

Mendi lasterketak ugaritzeak ekar ditzakeen arriskuak dira askorentzat eztabaida nagusia. Zarranzek ia hogei urte inguru daramatza mendi lasterketetan parte hartzen. Garai batekoak nolakoak ziren galdetu, eta lehen hausnarketa egin zuen. «Lehen, mendi lasterketetan izena ematea oso erraza izaten zen. Ia-ia azken egunean edo egun berean eman zenezakeen izena. Gaur egun, hori ezinezkoa da hainbat lasterketatan. Oso herrikoiak ziren lasterketa haiek. Inguruetako korrikalariak izaten ziren lasterketa haien protagonista nagusiak».

Azkorbebeitiak ere orain dela ia hogei urte, 2006an, ekin zion mendi lasterketen ibilbideari, atletismoan hainbat urte igaro ondoren. Galdera berari erantzunez, ez zuen zalantzarik egin. «Ez daukate zerikusirik. Herrikoiak eta oso berriak ziren mendi lasterketak. Orduan, helburu bakarra geneukan: irteeran egotea, parte hartzea eta amaitzea. Nire lehen lasterketa Izarraizko mendi lasterketa izan zen. Hiru emakume bakarrik elkartu ginen lasterketa hartan, pentsa…».

Mendi lasterkaria den arren, bere burua beti ikusi izan du «mendizale» gisara. Bera ere menditik zetorren kirolaria zen, eta, askok egin bezala, mendi lasterketetara egin zuen jauzi. «Orduan inork ez zuen erlojurik eramaten. Gaur egun, ordea, irteeran, denak 100 metro korritzera joango balira bezala ikusten ditut, erlojuarekin. Iruditzen zait orduan askoz ere sanoagoak zirela mendi lasterketak», amaitu zuen Azkorbebeitiak.

«Lehen, mendi lasterketetan izena ematea oso erraza izaten zen. Ia-ia azken egunean edo egunean berean eman zenezakeen izena. Gaur egun, hori ezinezkoa da hainbat lasterketatan».Xabier Zarranz Mendiko korrikalaria

Asier Labairu izan zen hiru korrikalarien artean gazteena. Txirrindularitza mundutik egin zuen jauzi mendi lasterketetara, eta, gaur egun mendi korrikalaria eta mendiko eskiatzailea izateaz gain, mendi lasterketetako Nafarroako selekzioko kidea da. Bertako teknifikazio zentroko arduradun nagusia ere bada. «Nik zazpi urte besterik ez daramat mendi lasterketetan, eta ez daukat hain ibilbide zabala. Baina hasi nintzenetik aldaketak ikusi ditut. Izugarrizko gorakada egon da pandemiaren geroztik. Eztanda egin zuela esango nuke», azpimarratu zuen. Zarranz berak ere pandemia aipatu zuen gorakadaren argudio nagusi gisa. «Pandemia aurreko bi edo hiru urteetan jada nabaria zen. Lasterketa batean izena emateko bi edo hiru ordenagailuren aurrean egon behar izaten genuen. Eromena zen».

Atletismotik emandako jauzia

Mendi lasterketen gorakadak beste ondorio bat ekarri du: mendi martxen eta errepideko lasterketen jaitsiera. «Korrikalari asko iritsi da azken urteetan mendi lasterketetara. Errepidean oso azkar ibili izan den jendea da, gainera, nahiz eta mendian asko ibilia ez izan eta mendia asko ezagutu ez. Gaur egun, oso ohikoa da mendian korrika joatea musika entzuteko kaskoak jantzita, edo lurrera begira, atletismoko pista batean egongo balira bezala», azpimarratu zuen Azkorbebeitiak.

Errepidetik etorritako jendeak mendi lasterketei zein gauza on eta zein txar eman dizkien galdetzean, azpimarra hau egin zuen Zarranzek: «Jende berria etortzea beti da ona, horrek maila hobetzen baitu». Labairuk ondorengoa erantsi zuen. «Errepidetik etorritako jendeak gauza asko ditu ikasteko mendiko jendeaz, baina alderantziz ere bai. Uste dut beste kiroletatik datorren jendeak ere gauza asko eman diezazkiekeela mendi lasterketei». Hauxe izan zen Azkorbebeitiaren iritzia: «Errepidetik datorren jendea mendiko balioetara gerturatuko balitz, onura izango litzakete. Eta maila, noski, izugarri handitu da. Nik Munduko Kopan lehiatzeko aukera izan dut azken urteetan, eta oso gertutik ikusi dut bilakaera hori guztia. Asko eta asko horretara bideratu dituzte. Ikuskizuna lortzeko asmotan, ibilbideak ere horretarako prestatzen dituzte».

Gauza txarrez galdetzean, Zarranzek txirrindularitzarekin egin zuen alderaketa. «Lehen, txirrindularitzan, baten bat erortzen bazen, gelditu eta laguntzen saiatzen ginen. Gaur egun, badirudi gaizki ikusita dagoela laguntzea, eta mendi lasterketa batzuetan ere halakorik gertatu izan da. Geroz eta lehia gogorragoa izan, orduan eta gutxiago laguntzen zaio ondokoari. Ez nuke nahiko mendiko lasterketetan ohitura hori ezartzea. Lehen, mendian hori eztabaidaezina zen. Norbaiti zerbait gertatuz gero, ezinbestekoa da laguntza ematea».

«Nik, lasterketa askotan, zabor-biltzaileen sindromea izaten dut. Azkenean, bidean ikusten dudan zabor guztia jasotzen dut. Ezin dut zaborrik ikusi mendian».

OIHANA AZKORBEBEITIAMendiko korrikalaria

Labairuk ere bere gogoeta utzi nahi izan zuen. «Nik ere beldur pixka bat dut mendiak izan dituen balioen gainean. Ikusi izan dut jendea, gelak amaitu, eta lurrera botatzen. Mendiarekiko errespetu falta horiek ematen didate beldur handien». Zaborraren gaia aipatzean, Azkorbebeitiak hauxe esan zuen. «Nik, lasterketa askotan, zabor-biltzailearen sindromea ere izaten dut. Azkenean, bidean ikusten dudan zabor guztia jasotzen dut. Ezin dut zaborrik ikusi mendian».

Olinpiar Jokoen itzala

Olinpiar Jokoen itzala iritsi da dagoeneko mendi lasterketen burbuilaren inguruetara ere. 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoetan eskaladarekin gertatu bezala, eta 2026ko Cortina d'Ampezzoko (Italia) neguko jokoetan mendiko eskiarekin, asko eta asko dira mendiko lasterketak ere Olinpiar Jokoen kirol jardueren barruan sartzen dituztenak. Eta, horretan, ezinbestekoa izango dira Espainiako Atletismo Federazioaren jarrera eta ekarpena. Azken urteetan igoera handia izaten ari dira federazioak mendi lasterketen egutegian prestatu dituen probak. Apustua argia dela dirudi, eta txapelketak ere indar handia hartzen ari dira hainbat mendi korrikalariren prestakuntzan. Mendiko eskiaren adibideari erreparatuta, Labairuk hartu zuen hitza. «Baliteke mendiko lasterketak olinpiar kirol izatea. Horrek gauza onak eta txarrak izango lituzke. Mendiko eskian, adibidez, profesionalizaziora eraman du kirola, baina mendiko esentzia galdu du. Esprinten eta erreleboen formatuan jokatuko dira, baina ez dira mendian izango. Zirkuitu itxiak eta laburrak izango dira, grabatzeko errazak izango direnak, eta soilik ikuskizunerako prestatuak. Mendiko lasterketekin ere hori gertatzen bada, ez dira mendiko lasterketak izango. Hori atletismoa besterik ez zen izango».

«Baliteke mendiko lasterketak olinpiar kirol izatea. Horrek gauza onak eta txarrak izango lituzke. Mendiko eskian, adibidez, profesionalizaziora eraman du kirola, baina mendiko esentzia galdu du». ASIER LABAIRU Mendiko korrikalaria

Zarranz ere antzera mintzatu zen. «Adibide asko daude mendiko eskiaz gain: mendiko bizikleta, esaterako. Zirkuitu itxiak dira gaur egun, nahiz eta mendian izaten diren probak. Mendiko lasterketak ez dakit nola imajinatu ere; agian, mendi txiki batean, zirkuitu motz bat, beti aldapa bera igotzen… Hori ez da mendian korrika egitea». Azkorbebeitia izan zen hitza hartzen azkena. Bizitza erdia mendian korrika, eta ez da mendi lasterketak Olinpiar Jokoetara eramatearen aldekoa. «Ez dut horren kontra egingo, baina ez naiz horren aldekoa. Profesionalizazioarekin batera gauza asko galduko lirateke. Nik mendi lasterketak beste modu batean sentitzen ditut. Dena ez da korrika egitea. Nik ez ditut mota horretako lasterketak imajinatzen».

Olinpiar kirol bilakatuko balitz, zein federaziok kudeatu beharko lukeen galdetu zieten hirurei. Azkorbebeitiak ez zuen argi. «Gaur egun ez dakit nondik nora joango litzatekeen kontua. Gatazka handia dago mendiko eta atletismoko federazioen artean». Labairuk ere zalantza zuen. «Mendiko lasterketetan, gaur egun, Espainiako bi txapeldun daude: mendikoa eta atletismokoa. Horrez gain, beste hainbat zirkuitu daude, eta, gainera, batera joaten direnak normalean ez dira besteetara joaten. Mendiko eskian ez da horrelakorik gertatzen. Han, txapelketa bakarra dago, eta hara onenak joaten dira».


Lasterketen jasangarritasuna

Euskal Herriko mendi lasterketetan puri-purian dagoen beste gai bat da etiketa berdearena. Lasterketen jasangarritasuna landu nahi duten hainbat lagunek sortu dute Etiketa Berdea manifestua (etiketaberdea.com). Webgunean argi azaltzen duten moduan,elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako lasterketen aldeko manifestu bat da. Dagoeneko 40 lasterketatan baino gehiagotan konpromisoa hartua dute manifestuan diotena betetzeko. Euskal Herriko lasterketetatik harago, Aragoiko eta Kataluniako baten batek ere egin du bat. Oihana Azkorbebeitiak argi utzi zuen zein iritzi zuen: «Lasterketak erregularizatzea baino garrantzitsuagoa izango da jendea kontzientziatzea. Denok ibiltzen gara oso gustura mendi lasterketetan, baina ezinbestekoa da jakitea horrek zer eragiten duen mendian. Manifestuak oso ondo azaltzen du hori dena, eta horregatik batu dira lasterketa asko zigilu horretan. Albiste ona da etiketa berdearen asmoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.