Bortitza da Khumbu eskualdeak jasaten duen mendi kontsumoaren kolonizazioa. Ezagunak dira Chomolungma (Everest) gailurrerako bidean sortzen diren ilarak, baina ez da hori arazo larriena. Arkitektura, ingurumena (zaborra) eta hizkuntza dira erasorik bortitzena jasaten dutenak. Arkitekturan igartzen da gutxien, nahiz eta lehen arrastoak agertzen hasiak diren. Etxeen neurriak eta mendebaldeko edozein inguru turistikotako etxeen antzekoak eraikitzen hasiak dira, estilo aldetik itsusiak eta nortasun propiorik batere gabeak. Behin hasiz gero, zaila izango zaie geldiaraztea. Aipatzekoak Namche Bazar, Lobuje, eta orain arte herri lasaia zen Dingbocheko azken eraikuntzak.
Larria da zaborrarena. Ondo dakigu zaborra goiko kotetan metatzen dela, baina trekkingeko bide nagusietan eta edozein bidezidorretan pilatzen dena ere kezkagarria da, batez ere bertakoak direlako zarama zati handi baten eragileak. Non-nahi aurki ditzakegu zamalariei hainbeste gustatzen zaizkien Coconuts galleten paper horiak. Khumjung, Thame, Portse inguruko zulo naturalak zabor biltegi bihurtu dira.
Haien izaeran eta kulturan duen eraginagatik, xerpa hizkuntzaren gainbehera egiten zaigu deitoragarriena. Ezaguna da Himalaiara joaten direnak gailur ospetsuen argazkien bila joaten direla, eta horietako askok ez dutela inolako interesarik bertako biztanleen bizimoduari buruz. Ez dira bidaiariak, kontsumitzaileak baizik. Baina deigarriena zera da, bertako biztanleek kolonizazio horretan jokatzen duten rola. Iritsi zaien oparotasunarekin liluraturik, lana, dirua, turista aberatsak, eta horrekin guztiarekin beste hizkuntza indartsu batzuk heldu zaizkiela ikusita, baztertu egiten dute beren hizkuntza turistekin duten harremanetan. Hiru aste taldea gidatzen igaro ondoren, ez zaie bururatzen taldekideei beren hizkuntzaren hitz bat ere erakustea. Ezkutatu egiten dute beren hizkuntza, eta sukalde zuloan gordeta uzten. Era horretan, xerpa gidariak kolonizazioaren konplize nagusi bihurtzen dira. Mendi turistok dugu erantzukizuna, baina kolonizazioa jasaten duten biztanleen jarrera ere garrantzitsua da hizkuntzari bizirik eusteko.