Eskalatzailea eta dantzari bertikala

Janire Etxabe: «Mendi Filmek eman zidan bultzada ezinbestekoa izan da nire ibilbiderako»

Bere hirugarren lana aurkeztuko du Etxabek igandean. Urduri dabil, baina orain artean lortutako emaitzek lasaitasun pixka bat ere ematen diote. Pasioz bizi ditu eskalada eta dantza.

Janire Etxabe eskalatzailea eta dantzari bertikala. E. MORENO ESQUIBEL
Janire Etxabe eskalatzailea eta dantzari bertikala. E. MORENO ESQUIBEL
Unai Ugartemendia.
2024ko abenduaren 4a
05:05
Entzun

Ezaguna bihurtu da azken urteetan Janire Etxabe eskalatzailea (Arrankudiaga, Bizkaia, 1979) Bilboko Mendi Film jaialdian. 2019an aurkeztu zuen lehenbizikoz lan bat jaialdian. Iaz, Iretargi plazaratu zuen, eta, aurten, berriz, Haize lerroak lanaren txanda izango da. Igandean izango da ikusgai, Bilboko BBK Salan, arratsaldeko bostetan. Horrez gain, Amaia Lejarretak zuzendutako Erro film laburreko protagonista ere bada bizkaitarra.

Nolatan hasi zinen eskalada eta dantza bertikala uztartzen?

2016. urtean izan zen, kasualitatez. Eskaladaren bitartez iritsi nintzen dantza bertikalera. Eskaladako sektore zail batean nengoen zintzilik, eta zain nengoen bitartean, ez aspertzeko, mugimenduak eta jauziak egiten hasi nintzen. Hormarekin, sokarekin eta arnesarekin jolasten hasi nintzen. Halako batean, azpitik zihoazen frantses batzuk ni grabatzen hasi ziren, iruditu zitzaielako dantza bertikala egiten ari nintzela. Nik orduan ez nekien dantza bertikala zer zen ere! Hormatik jaistean, Antoine Le Menestrelen bideo bat erakutsi zidaten, eta, hura ikusi bezain laster, neure buruari esan nion: «Nik hau egin nahi dut!». Handik aurrera, ikasten hasi nintzen. Leku batetik baino gehiagotatik igaro nintzen, eta kanpora ere joan nintzen ikastera. Neure kabuz hasi nintzen entrenatzen, eta, orduan, Kortezubira [Bizkaia] joan nintzen bizitzera, hango harrobi batera entrenatzera joateko egunero. Horretan dihardut oraindik ere.

Lehen lana noiz plazaratu zenuen?

Hasiera-hasieratik bete-betean hasi nintzen langintza horretan. Ia-ia dena utzi nuen, eta entrenatzen eta ikasten hasi nintzen buru-belarri, kanpora bidaiatzen, eta formakuntzako ikastaro asko egin nituen aldi berean. Lehen ikus-entzunezkoa, Harria herria, 2019ko abenduan aurkeztu nuen Mendi Film jaialdian.

Nolatan otu zitzaizun Mendi Film jaialdira aurkeztea?

Metanoia filma ikusten ari nintzela otu zitzaidan. Hura ikustean, zerbait piztu zitzaidan barruan. Iruditzen zitzaidan Mendi Filmen eliteko kirolariak agertzen zirela bakarrik, eta galdezka hasi nintzaion neure buruari: «Zergatik ez pertsona arrunt baten proiektua?» Beti izan dut gustuko sokarekin eta arnesarekin ibiltzea, eta eskaladan hasi aurretik, alpinismoan ere ibilia nintzen gaztetan. Ondoren jauzi egin nuen dantza bertikalera. Arnesa eta soka beti egon dira oso presente nire bizitzan. Konturatu nintzen maite nuen guztia uztartzeko aukera nuela, alegia, mendian eta naturan egotea, altueran zintzilik egotea eta dantza egitea. Jendeari ere erakutsi nahi nion hori. Mendi Filmen aurkezteko aukera sortu zitzaidan, eta, gero, beste proiektu bat ere aurkeztu genuen, iaz, Iretargi. Aurten, berriz, Haize lerroak plazaratuko dugu.

Janire Etxabe, 'Haize lerroak' filmean
Janire Etxabe Udalatx mendian, atzean Anboto duela, 'Haize lerroak' filmeko fotograma batean. MENDI FILM
Zure lehen proiektua izan zen Harria herria. Gustura gelditu al zinen lanarekin?

Oso-oso pozik gelditu nintzen. Oier Plazarekin egin nuen lan hura, eta harekin aritzea zoragarria da. Oreka TX ere agertzen zen proiektuan, eta Harkaitz Martinez de San Vicenterekin lan egitea izugarria izan zen. Oso prozesu polita izan zen. Ez nuen inoiz pentsatuko lan hark halakoak ekarriko zituenik: harrera bikaina izan zuen. Mendi Tourren ere ibili zen, eta nazioarteko jaialdi batzuetan saritu zuten gainera. Proiektu hark ate asko ireki zizkidan dantza bertikalean jarraitu ahal izateko. Horri esker, Harrobi Dantza Bertikala konpainia sortzeko aukera ere izan nuen. Mendi Filme bultzada ikusgarria eman zidan. Jendeak esaten zidan ordura arte egiten nuena uzteko eta dantza bertikalaren alde apustu egiteko. Kasu egin nien, eta ez naiz batere damutzen.

«Jendeak esaten zidan ordura arte egiten nuena uzteko eta dantza bertikalaren alde apustu egiteko. Kasu egin nien, eta ez naiz batere damutzen»

Zer gogoratzen duzu eskalatzen hasi zinen garaiez?

Alpinismoan nenbilenean, sokarekin ibiltzen nintzen une oro. Lagunekin Pirinioetara joaten nintzen korridore errazak egitera, gustuko nuelako sokarekin ibiltzea. Elurretan ere asko ibilia nintzen. Handik gutxira, arrokan hasi nintzen eskalatzen. Oso modu xumean eskalatu dut beti. Gerora iritsi zen lehen aipatu dudan uztartze hori.

Gaur egun zure lanak zenbat dauka eskaladatik eta zenbat dantzatik?

Normalean, leku eta haize lerro berri bat probatzera noanean, eskalatu behar izaten dut, gero dantza egin ahal izateko; beste batzuetan, aldiz, ez. Lagunekin edo bikotekidearekin eskalatzera noanean, presentzia hori badauka, baina gaur egun nire bizitzan dantza bertikala da oinarri nagusia. Eskalada bigarren planoan gelditu da. Halere, ez diot eskalatzeari utzi. Gehiegi maite ditut soka eta arnesa!

Musika, dantza eta eskalada uztartzen dituzu zure saioetan. Oso zaila al da hiru elementu horiek sinkronizatzea?

Bai! Pentsa, penduluak bere denbora dauka, dantzari bakoitzaren gorputzak bere pisua, eta pisu horrek ere eragina dauka penduluaren inertzia horretan. Horrez gain, dantzari bakoitzak intentsitate ezberdina dauka mugitzeko erari dagokionez. Hori guztia bateratu egin behar izaten dugu intentsitate bera izateko, denborak bat egiteko, mugimenduak… Entsegu ordu asko eskatzen ditu gure lanak.

Nola entrenatzen zara dantza bertikalerako?

Eguraldi ona egiten badu eta denbora izanez gero, baditut mendian bi txoko non hormak guztiz bertikalak diren. Lehen Andrabideko harrobian entrenatzen nintzen [Gautegiz-Arteaga, Bizkaia], baina gaur egun ez dago aukerarik zintzilikatzeko. Oso leku kutuna zen niretzat. Eskerrak beste bi leku horiek topatu ditudan! Hara joaten ez naizenean, Gautegiz-Arteagako frontoian entrenatzen naiz. Sokak zintzilik ditut han, eta beroketa luze samar bat egin ondoren, hormara igotzen naiz.

Gaur egun dantza klaseak ematen dituzu Gautegiz-Arteagan eta Gernikan (Bizkaia). Erraza al da jendea dantza bertikalera erakartzea?

Orokorrean, jende heldua etortzen da. Gautegiz-Arteagako ikasleen batez besteko adina 30 urtetik gorakoa da; Gernikan, berriz, 14, 16 eta 18 urteko ikasleak ditut. Ikastaro intentsiboetara jende heldua etortzen da, eta, urtero, ikastaro guztiak betetzen ditugu. Jendea kanpoan ere gelditu izan da batzuetan. Iruditzen zait geroz eta erakargarriagoa dela dantza bertikala. Oraindik ere oso ezaguna ez den arren, geroz eta esparru gehiagotan zabaltzen ari da, eta horregatik animatzen da jende gehiago.

Amaia Lejarretaren 'Erro' filma
Amaia Lejarretaren 'Erro' filmeko fotograma bat. MENDI FILM
Zuk egindako Geurera saioa Max sarietarako izendatuta ere egon zen. Zer izan zen hori zuretzat?

Finalista izan zen kaleko ikuskizunik onenaren kategorian, baina azkenean ez zuten saritu. Oso proiektu berezia izan da niretzat, erdi min hartuta nengoenean hasi nintzen-eta hura sortzen. Tartean ebakuntza bat ere egin zidaten… Oso prozesu luzea izan zen, baina, aldi berean polita, batez ere gehien maite ditudan mendiak eta basoak agertzen direlako. Euskal Herriko hainbat paisaia grabatu nituen video mapping-erako, esaterako, cromlechak, sorgin ehizaren inguruan hitz egiteko. Horrez gain, Anboto, Udalatx, Gerriko Koba, Nafarroako baso eta cromlech batzuk, eta Arabako beste batzuk ere agertzen dira. Mitologiaren inguruko proiektu bat da. Bigarren aldia nuen sari horietan, eta publizitatea euskarri ederra dira. Konpainia osoak egin duen lana aitortzeko ere balio du. Sariak ondo daude, baina geure lanari esker jarraitzen dugu honetan.

Aurten, hirugarrengoz izango zara Mendi Film jaialdian, Haize lerroak lanarekin.  Lau urtean Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egindako dantza lerroak dokumentatzen dituzu lan horretan. Zer espero duzu?

Izututa nago [barrezka]. Lau urteko lana izan da, oso gogorra. Askotariko tokietan eta kamerari batekin baino gehiagorekin grabatu behar izan dugu. Tartean beste proiektu batzuetan sartuta ere ibili naiz. Hasieran, gauza bat izan behar zuen, eta azkenean bestelako kontu bat bihurtu da. Beldur pixka bat badaukat, ez dakit-eta jendeari gustatuko zaion. Aurreko bietan ez nengoen batere urduri, baina honetarako ez nago lasai. Presio handia sumatzen dut, jendearena, eta ez dakit gai izango naizen espektatiba horiek betetzeko. Mendi Filmeko jendea ere pozik utzi nahi dut, konfiantza izan dutelako nigan. Presioa daukat horrekin ere.

«Mendi Filmeko jendea pozik utzi nahi dut, konfiantza izan dutelako nigan. Presioa daukat horrekin ere»

Aurreko bi lanez oso bestelakoa al da azkenekoa?

Pixka bat aldatu dut, eta batez ere horregatik nago urduri. Oso lan poetikoak eta bisualak dira nireak, eta, oraingo honetan, testua ere sartu dut. Istorio bat kontatu dut, eta ez dakit jendeak nola konektatuko duen horrekin, beldur naiz. Maila handia egoten da beti Mendi Filmen, eta askotan galdetzen diot neure buruari ni zergatik nagoen hor.

Ikusteko aukera izan dutenek zer esan dizute?

Mendi Filmeko kideek ez didate gauza askorik aurreratu [barrezka]. Proiektu honetan nirekin lan egin dutenei asko gustatu zaie, eta bestelako iritziak ere izan ditut: esaterako, ea zergatik jarri dudan testua, zergatik ez dudan ildo beretik jarraitu… Aipatu didate aurreko biek hain harrera ona izanda zergatik hartu dudan aldatzeko erabakia. Beti pentsatzen dut aldaketak beharrezkoak direla. Arriskatu egin behar da; bestela, gauza bera egiten duzu beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.