Bilboko Mendi Filmen hamazazpigarren ekitaldiak marka guztiak hautsi ditu: 9.837 ikusle joan dira mendiko zinemaldira, iaz baino %34 gehiago. Zinema saioetan, batez beste, aretoen edukieraren %81 bete da, eta, egitarauko gainerako ekitaldiak kontuan hartuta, hala nola liburu aurkezpenak, hitzaldiak eta tailerrak, %77 izan da okupazio tasa. «Inoizko portzentaje handiena da hori, 2022ko %74 gainditu baita, eta iazko beherakada (%60) irauli», jakinarazi dute zinemaldiaren arduradunek. Sumendi bat erupzioan, aurtengoa hala izango zela iragarri zuen BERRIAk jaialdia aurkeztu zen egunean, eta iragarpenak bete egin dira.
Euskalduna jauregian eta BBK Aretoan, guztira 23 zinema saio izan dira aurten, eta haietako hamarretan aretoa bete egin da, eta sarrerak bukatu. «Atmosfera eta giro itzela izan dela azpimarratu dute bai ikusleek, bai Mendi Filmera beren lanak aurkeztera etorritako eragile guztiek». Mundu osotik etorritako 50etik gora zinemagile, ekoizle eta protagonista bildu dira Bilbon abenduaren 6tik 15era.
«Mendi Film nazioarteko komunitatearen topagunea izan da mendiko kulturaren inguruan. Horren erakusgarri, Euskal Herriko eta Espainiako ordezkariez batera, besteak beste Japoniako, Pakistango, Australiako, Amerikako Estatu Batuetako, Kanadako eta Europako hainbat herrialdetako jendea bildu da Bilbon», azpimarratu dute zinemaldiaren arduradunek. Nazioarteko mendi zinemaldietako ordezkariak ere etorri dira: Herbehereetako Dutch Mountain Film Festivaleko kideak eta Heerlen hiriko batzorde instituzionala, Koreako Ulsan-Ulju zinemaldiko eta Mendi Federazioko ordezkaritza, eta Kanadako Banff zinemaldiko, Poloniako Krakow zinemaldiko eta Bordeleko Les Quais de L’Aventure zinemaldiko ordezkariak, besteak beste.
Gogoangarria izan zen hasiera ekitaldia. Irekiera saio hartan, Nafarroako eta EAEko Mendi Federazioek WOP-Mendi Film saria jaso zuten beren mendeurrenean. Ondoren, omenaldi hunkigarria egin zieten Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima alpinista japoniarrei, lehenaren alarguna, Shoko Etoh, eta seme-alabak bertan zirela. Haietaz gain, entzute handiko alpinistak, zuzendariak eta eragileak bildu dira aurten Bilbon: Helias Milleriux eta Thomas Huber alpinistak, Aniqa Bano emakume ekintzaile pakistandarra, Erri de Luca idazle eta alpinista italiarra, Eliza Kubarska, Bertrand Delapierre, Kenji Tsukamoto, Luke Kaneb, Marco Zingaretti, Mateo Maggi, Cristiana Pecci, Vincent Groos, Yohan Guignard, Pierre Cadot zinemagileak...
Etxekoen artean, Bilboko Alborde Films eta Labografias ekoiztetxeek aitortza handia jaso dute Flying Hands lanarekin, Marta Gomez eta Paula Iglesias zuzendariek zuzendaritza onenaren saria jaso baitute. Mikel Lizarralde eibartarrak ere pozarren jaso du Euskarazko Film Onenaren EITB saria, Zazpi filmarekin.
Mendi Tour zirkuitu jendetsua
«Mendi Tour zirkuituko datuak ere aintzat hartzekoak dira», zinemaldiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez. 2024 osoan 50 herri edo egoitza izan ditu zirkuitu ibiltariak, 88 zinema saio osotara, eta horietan 13.000 ikusle bildu dira. Beraz, jaialdiak iraun duen hamar egunetan bertaratu direnak eta Mendi Tourreko ikusleak kontuan hartuta, 23.000tik gora pertsona batu dira 2024ab Mendi Filmeko ekitaldietan, iaz baino ia 2.000 ikusle gehiago.
«Orain, 2025eko Mendi Tourraren hasierari begira lan egiteko garaia da. Urtarrilean abiatuko da zirkuitua, eta mendiko pelikula onenak ikusteko aukera izango hainbat tokitan», aurreratu dute antolatzaileek.