Mendi eskiaren festa bueltan da

Asteburuan jokatuko da Bandresen eta Karoloren omenezko proba Izaban. Ohi bezala, bi proba jokatuko dira: lineakoa eta kronoigoera

Bandres-Karoloko kronoigoeraren irteera, 2019an. Urte hartan jokatu zen azken aldiz. JOSERRA ALONSO.
ramon olasagasti
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Mendiko eskian Euskal Herrian den topaketa nagusia, Bandres-Karolo oroimenezkoa, bueltan da: asteburu honetan jokatuko da proba, otsailaren 11n eta 12an, Belagua inguruko mendietan, hiru urteko hutsunearen ondoren. COVID-19aren pandemia eta elur falta tarteko, azken hiru urteotan ezin izan da egin proba. Aurten, ordea, elurra bai eta COVIDaren mugarik ez, mendiko eskiaren proba nagusia Erronkarira itzuliko da. Izen emateak aspaldi osatuta eta itxita daude, eta, beraz, osagai guztiak ditu aurtengoak bete-beteko festa izateko.

Ohikoa denez, bi proba jokatuko dira asteburuan. Batetik, lineako lasterketa, eta, bestetik, kronoigoera. Bietan lortutako sailkapenaren baturatik aterako da oroimenezkoaren irabazlea. Azken aldian, 2019koan, Igone Campos zumarragarra eta Ivan Cuesta espainiarra izan ziren txapeldun. Zer egunetan jokatuko den lineakoa eta zer egunetan kronoigoera, eguraldiaren araberakoa izaten da. Bi egunetarako eguraldi iragarpenak onak balira, larunbatean lineako lasterketa jokatuko litzateke, eta igandean kronoigoera, baina hori, asteburua gerturatu ahala, eguraldi iragarpen zehatzen arabera erabakiko du antolakuntzak.

Bandres-Karolo oroimenezkoak, gainera, hainbat txapelketa hartuko ditu. Batetik, lineako proba Euskal Herriko Mendiko Eskiko Koparen egutegiko proba denez, Koparako puntuagarria izango da, eta, aldi berean, Nafarroako Txapelketa ere bai. Kronoigoera, berriz, modalitate horretako Euskal Herriko Txapelketa izango da.

'Into the ice' proiekzioa

Mendiko jardunaren ondoren, arratsaldean festak Izabako zineman eta kaleetan jarraituko du. Antolatzaileek urtero aitortza egiten diote mendiko eskiatzaile bati edo kirol honen hedapenean lan handia egin duen norbaiti. Aurten, Jumere aita-semeek jasoko dute Bandres-Karolo saria. Hutsik egin gabe, Wilfrid semea urtero-urtero izan da Bandres-Karolo oroimenezkoan, eta hainbatetan proba irabazi du gainera; eta aurten ere partaideen artean izango da. Aita, berriz, iraupen eskiko eskiatzaile handia izandakoa, semearen ondoan izaten da beti, laguntzen.

Zineman bertan, Eñaut Izagirre glaziologoak Into the Ice proiekzioa emango du. Darwin mendikatera eginiko bidaia azaltzen du ikus-entzunezko horrek. Hego Amerikako muturrean dagoen ia esploratu gabeko mendikatea da Darwin, urrunekoa eta basatia. 2022ko martxoan eta apirilean, zazpi lagunek nabigatu, eskalatu eta esploratu zuten beste inork zapaldu gabeko lurralde hori. Helburua: bertako glaziarrak klima aldaketari nola erantzuten ari diren ikertzea, eta Roncagli eta Cerro Sara mendien lehen igoera egitea.

Ikus-entzunezkoaren ondoren, bertso-poteoa izango da, Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolariekin. Kirolaren ondotik, beraz, lagunartea eta festa giroa nagusituko dira Izabako kale eta tabernetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.