Mendi duatloiak abian dira

Gaur jokatuko da Durangon XIV. Euskal Herriko Zirkuituko lehen proba. Sei izango dira guztira.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua
Partaide bat aurreko ekitaldiko Aiako proban. FERNAN PURAS PHOTO
ramon olasagasti
2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

Durangoko II. Mendi Duatloia jokatuko da gaur, 16:00etan; Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko (EHMDZ) lehen proba da, Durangoko Mugarra Triatloi Taldeak antolatua. Distantziak hauek: zazpi kilometro korrika eta hamasei mendiko bizikletan. Mendian izango da ibilbide gehiena, Tabira eta Izurtzako antena inguruetan. Iazkoa baino ibilbide laburtxoagoa dela jakinarazi dute antolatzaileek, «baina baita erakargarriagoa ere».

Arratsaldeko probaren aurretik, goizean beste bi proba herrikoi ere egingo dira kirol hau sustatzeko. 11:00etan, 7 eta 14 urte arteko gaztetxoentzako duatloia izango da, eta 12:30ean, duatloi herrikoi bat, distantzia laburragoekin: 1,5 km korrika, 5,5 km bizikletan eta 1 km korrika. «Durangaldeko denak parte hartzera gonbidatuta zaudete. Oso giro herrikoia egoten da, eta distantziak egingarriak dira», jakinarazi zuten Mugarra TT-ko ordezkariek aurkezpenean.

Urrian eta azaroan jokatuko dira Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko probak. «Aurtengoa XIV. edizioa izango da. 2011n hasi ginen, eta hasierak oso potenteak izan ziren; izen emateak beti bete egiten ziren. Lehen, urrian ez zegoen beste probarik, mendi duatloiak besterik; azaroan ziklo-kroseko probak hasten ziren, baina gaur egun, urrian eta azaroan beste proba pila bat dago, mendi lasterketak, triatloiak... Asteburu honetan bertan, Durangaldean bakarrik, larunbatean mendi duatloia eta Anbotoko kilometro bertikala daude, eta igandean Aramotz mendilerroko lasterketa. Jendea sakabanatu egiten da gehiago. Hala ere, gure probak hor daude, eta jende askok leial eusten dio», jakinarazi du Juan Zubiak, Zirkuituaren antolatzaileetako batek.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua
Korrikalariak lehia bizian, aurreko ekitaldiko Adunako proban. FERNAN PURAS PHOTO

Sei proba izango dira guztira: gaur Durangokoa; urriaren 12an, Kanpezukoa (Araba); urriaren 19an, Amasakoa (Gipuzkoa); urriaren 26an, Aiakoa (Gipuzkoa); azaroaren 16an, Ibarrakoa (Gipuzkoa); eta azaroaren 23an, Adunakoa (Gipuzkoa). Aurten, Euskal Herriko Txapelketa Aiako proba izango da. «Zirkuituko bi irabazleek 500 euroko saria izango dute. Proba bakoitzean sariak eman beharrean, leialtasuna saritu nahi dugu, sei probatatik gutxienez lautan parte hartu eta azkenean puntu gehien batzen duenak jasoko du sari hori».

Zirkuituko proba bakoitzak bere izaera eta ezaugarriak ditu. Batzuek hiru sektore egiten dituzte: korrika lehendabizi, mendiko bizikletan ondoren eta ostera korrikako beste sektore laburrago bat amaieran. Beste batzuek, berriz, bi sektore, korrika hasi eta bizikletarekin bukatu. Mendian beti. Tokian tokiko mendi bideen ezaugarrien araberakoa eta, batez ere, urte garai honetako lokatzaren araberakoa ere izaten da proba bakoitzaren izaera.

«Bikoteka egiteko aukera ere badago, bat korrika eta bestea bizikletan. Hori da gure nahia, kirolari herrikoi hori ere animatzea»

JUAN ZUBIAEHMDZaren antolakuntzako kidea

Txirrindulariak, txirrindulari ohiak, mendiko lasterkariak... mendi duatloien zirkuitu honetan aurrean dabiltzanak, lehiatzera datozenak, ondo prestatutako kirolariak izan ohi dira, baina beste asko herrikoiak dira, eta Zubiak horiek animatu nahi izan ditu. «Adibidez, bikoteka egiteko aukera ere badago, bat korrika eta bestea bizikletan, eta bikotekako sailkapena ere aparte egiten da. Hori da gure nahia, kirolari herrikoi hori animatzea. Bakarrik ezin badu, bikoteka. Ondo pasatzeko helburu hutsarekin». Aurten, lehen aldiz, bizikleta elektrikoarekin ateratzeko aukera ere izango da mendi duatloia hauetan, baina lehiatik eta sailkapenetatik kanpo.

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak bat egin du aurten Etiketa Berdearen egitasmoarekin, ingurumenaren aldeko eta lasterketa etikoen aldeko mugimenduarekin. «Egia esan, guk betidanik eutsi diogu auzolanaren filosofia horri, eta horrelako zerbaiten falta sumatzen genuen. Ingurumenaren aldeko jarrera horrez gain, irabazi asmorik gabeko proben alde egon gara beti», nabarmendu du Zubiak.

Dagoeneko irekita daude Kanpezuko eta Amasako mendi duatloietarako izen emateak. Informazio guztia Zirkuituaren webgunean.

EGUTEGIa

  • Urriak 5. Durango. 6,79 km korrika (317 m+) eta 17 km bizikletan (492 m+). 
  • Urriak 12. Kanpezu. 4,82 km korrika (154 m+) / 21,68 km bizikletan (798 m+) / korrika 1,53 km (18 m+).
  • Urriak 19. Amasa. 6,93 km korrika (196 m+) eta 17,14 km bizikletan (406 m+).
  • Urriak 26. Aia. 6,21 km korrika (275 m+) eta 13,2 km bizikletan (642 m+).
  • Azaroak 16. Ibarra. 11,5 km korrika eta 16,1 km bizikletan.
  • Azaroak 23. Aduna. 3,66 km korrika (118 m+) / 14,5 km bizikletan (541 m+) / 1,83 km korrika (59 m+).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.