Zero azpitik 10 gradu igande goizean Pla de Bereten (Val d’Aran, Katalunia), iraupen eskiko Marxa Beret probaren atarian. Matrailezurra gogortuta eta hatzak suminduta eskiatzaileak. Taldeetako eski prestatzaileak urduri, elurraren tenperatura neurtzen, eskiei zer argizari eman jakiteko. «Asmatuko ote dugu?». Jende mordoa tabernan, irteerako lerrora joan aurreko minutuak kafe baten beroan hurrupatzen. Beste batzuk hotzari aurre eginez fin-fin beroketa ariketak egiten, Irati Cuadrado burlatarra (Nafarroa) horien artean. Abiatzeko ordu laurden baten faltan, irteera lerroan galdera ondokoak: «Ezagutzen al duk hire pareko hori? Jorge Egocheaga alpinista duk. Eta aurreko neska hori, Laura Orgue kataluniarra, Sochiko Olinpiar Jokoetan hamar aurrenekoen artean sailkatutakoa». Edurne Pasaban ere, erdi arandarra jada, irteera lerroan da Max semearekin. 4-5 urteko neska-mutil kozkorretatik 85 urteko adinekoetara, iraupen eskiko festa da Marxa Beret. 10:00 irian, eguzkiak burua agertu du irteera lerroko zelaigunean. Zer goxatua jendeak! Bikaina dator goiza. Apartak dira elur baldintzak ere. Festa erabatekoa!
Iruñeko Irrintzi taldekoak, Uhartekoak, Erronkarikoak, Tolosako Alpino Uzturrekoak, Errenteriako Urdaburukoak, Donostiako Club Vasco de Campingekoak, Eibarkoak... Euskal Herriko eskiatzaileak dira gehiengoa Bereten. Katalanez adina entzuten da euskaraz. «Tradizio handiagoa duzue han, sustraituagoa dago zaletasuna», nabarmendu du probaren zuzendariak, Marc Puigek.
![45. Marxa Beret, iraupen eskiko proba 45. Marxa Beret, iraupen eskiko proba](/uploads/s1/71/05/48/5/ef-600193-17385773541025_49_1000x666.jpeg)
Lau, hiru, bi, bat... Abiatu dira 700 eskiatzaileak. Akabo hotzak. Elurra egin du probaren aurreko egunetan, baina berandutxo aukeran, eta antolatzaileek ezin izan dute Montgarrirako jaitsiera egokitu. Ondorioz, Pla de Bereteko zelaiguneko zirkuituetan prestatu dituzte lau distantziak: 5 kilometrokoa txikienentzat, 10 kilometrokoa, 18 kilometrokoa eta 31 kilometrokoa. Halabeharrez, 21 eta 42 kilometroko proben distantziak laburtu egin behar izan dituzte zertxobait.
Ziztuan abiatu dira federatuak, FIS puntuak dituztenak. Batzuk garaipena lortzeko helburuarekin, beste batzuk ahalik eta denbora edo posturik onena eskuratzeko asmoarekin. Nork bere helburua du Marxa Bereten: aurten lehen aldiz animatu den semearekin edo alabarekin 10 kilometrokoaz gozatzea; aurreneko aldiz tarteko distantzian animatzea; urteroko ohitura berritzea; Joan Navarra 85 urteko kataluniarrari dagokionez, 85 urterekin proba bukatzea, orain arteko 45 ekitaldietan egin duen moduan... Ardatz beraren orbitan 700 helburu, partaideak adina. Iraupen eskia da ardatz hori, eta kirol honetaz eta Marxa Bereteko festaz gozatzeko gogoak birarazten du ardatza.
«Egun ikusgarria izan da, azken urteotako onenetakoa. Pena baldintza hauek egun batzuk lehenago ez eduki izana, Montgarrirako jaitsiera egokitzeko»
MARC PUIGMarxa Beret probaren zuzendaria
Aurrekoen artean, Irati Cuadrado nahiko erraz gailendu da (1:43:47). «Aurten estilo klasikoan ez naiz asko ibili, baina, behin martxan hasita, oso ondo sentitu naiz. Gogorra da zirkuitua, desnibel dezentekoa. Gainera, aurreko urteetan Marta Cesterrekin buruz buru ibili izan naiz lehian, eta aurten hasieratik bakarrik geratu naiz. Niri, buru aldetik, gogorragoa egiten zait bakarrik joatea, baina Vasco de Camping taldeko mutil batekin elkartu naiz, eta ondo», adierazi du Irrintzi taldeko eskiatzaileak. Iazkoaren ondoren, bigarren garaipena du distantzia luzean. Marta Cester bigarrenarekin besarkada batean bildu da helmugaratu orduko. Lehiakideak bezain lagunak dira. Hirugarren Laura Orgue bera izan da.
![45. Marxa Bereteko irabazleak 45. Marxa Bereteko irabazleak](/uploads/s1/71/05/44/5/ef-627742-17385776044065_49_1000x666.jpeg)
Gizonezkoetan, Sadurni Betriu kataluniarra jaun eta jabe izan da (1:27:00.62). Handik ia bost minutura helmugaratu da Diego Ruiz aragoiarra, bigarren, eta Oier Ibergallartu Club Vasco de Camping taldeko beasaindarra (Gipuzkoa) izan da hirugarren. Tarteko distantzian, Nuria Ruiz eta Pau Molins kataluniarrak gailendu dira, eta 10 kilometroko distantzian, June Aranburu Alpino Uzturreko tolosar gaztea (Gipuzkoa) eta Jofre Puigkataluniarra. Distantzia horretan, Libe Curras tolosarra izan da hirugarren. Sailkapen guztiak probaren webgunean kontsulta daitezke.
«Aurten, hasieratik bakarrik geratu naiz. Niri, buru aldetik, gogorragoa egiten zait bakarrik joatea»
IRATI CUADRADOEskiatzailea
Marxa Bereteko zuzendaria, Marc Puig, «ezin kontentago» dago Marxaren martxarekin: «Egun ikusgarria izan da, azken urteotako onenetakoa. Pena baldintza hauek egun batzuk lehenago ez eduki izana, Montgarrirako jaitsiera edo zirkuitu luze bat egokitzeko, baina tira, baldintzak kontuan izanda, kontentago ezingo ginateke egon. Ederra litzateke urte guztiak horrelakoak izatea».
Cuadrado eta Aranburu garaile esprinteko Espainiako Txapelketan
Marxa Bereten bezperan, larunbatean, iraupen eskiko esprint modalitateko Espainiako Txapelketak egin ziren Pla de Bereteko pistetan, 1,4 kilometroko zirkuitu azkar eta ikusgarrian, eta adin guztietako 130 lagun lehiatu ziren. Maila nagusiko finalean, Irati Cuadrado, Naia Gonzalez (FCEH-CAEI), Joana Puig (FCEH-CEFCEN) eta Maddalena Ruiz de Galarreta (FADI-ASPE) lehiatu ziren, eta Cuadrado bera izan zen azkarrena. Podiuma Naia Gonzalez eta Joana Puig kataluniarrek osatu zuten. Mutiletan lehiatuagoa izan zen finala, eta Adrian Lanau aragoiar gaztea (2008) nagusitu zen azkenean. Bernat Cadena izan zen bigarren, eta Guim Gabarro hirugarren.
![45. Marxa Beret 45. Marxa Beret](/uploads/s1/71/05/52/5/ef-661447-17385776639535_49_1000x666.jpeg)
Irati Cuadradorena ez zen izan euskal eskiatzaileek lortutako txapel bakarra. Gazteetan, 16 urtez azpikoetan, June Aranburu tolosarra (NKEF-UZTUR) izan zen irabazle. Maila berean, mutiletan, Jofre Puig kataluniarra gailendu zen. 14 urtez azpikoetan, azkenik, Alvaro Gimeno eta Mariona Matamoros aragoiarrak nagusitu ziren.