Euria zegoen iragarrita, baina tanta lotsati bakan batzuk gorabehera, Murgiatik (Araba) abiatu ziren Hiru Handiak lasterketako 1.000 partaideek ateri eta lasterka egiteko eguraldi nahiko ona izan zuten atzo; aurreko egunetako berorik gabe, haize leuna eta zorua lehor. Ingurune teknikoenetan ere, Anbotoko gailurrerian eta Aizkorrikoan, harkaiztiak lehor izan zituzten lasterkariek, eta eskertu zuten, probak baduelako bestela ere nahikoa gogortasun: 101 km eta 10.200 metroko goranzko desnibela. Nolanahi ere, larrialdi zerbitzuek partaide bat erreskatatu behar izan zuten Anboto aldean, eta helikopteroz eraman behar izan dute ospitalera.
Emakumezkoetan, Ane Zabala arrasatearra izan zen irabazlea. Besaide taldeko kideak 14 ordu, 30 minutu eta 2 segundo behar izan zituen proba osatzeko. Bigarren, Aida Delgado araiarraizan zen bigarren, ordu erdi pasatxora, eta, hirugarren, Xari Adrian castellotarra, 35 minutura. Zabalak, maila absolutuan eta beteranoetan, bietan irabazi zuen. Beraz, Arrasate-Udalatx edota Ahuntzen lasterketako irabazleak distantzia luzeetan ere bikain moldatzen dela erakutsi zuen. «Ez nuen espero txapela irabaztea, sorpresa izan da. Aste osoan eguraldi iragarpenei begira egon gara denok, zer giro izango genuen jakiteko; izan ere, bagenuen ardura puntu hori», adierazi zuen helmuga gurutzatu eta berehala.
Gizonezkoetan, Julen Martinez de Estibariz gasteiztarra izan zenirabazlea: Murgiatik gauerdiko 00:00etan atera, Gorbeia, Anboto eta Aizkorriko gailurretara igo, eta 101 kilometroak osatu ondoren, 10 ordu 44 minutu eta 48 segundoren buruan iritsi zen Araiako (Araba) helmugara. Aurreko aldian ere, duela bi urte, Martinez de Estibariz bera izan zen irabazle; orduko hartan 11 ordu 13 minutu eta 30 segundo behar izan zituen proba osatzeko. Oraingoan, beraz, ordu erdian hobetu du aurreko marka.
Proba hasi eta lasterrera, Martinez de Estibariz eta Alvaro Ramos espainiarrak hartu zuten aurrea. Otxandio eta Urkiola artean, korrikarako baso eta eremu nahiko garbian, Ramosek, erritmoa bizitu,, eta bakarrik jo zuen aurrera. Gasteiztarrak helmugan aitortu zuenez, horixe izan zen probako unerik zailena: «Zalantza izan dut neure burua pixka bat behartu eta hari jarraitu, baina hanka pixka bat altxatzea erabaki dut, eta bera aurretik joan da. Pazientzia izan dut, nik nire erritmoan eta nire planarekin jarraitu dut, eta gero harrapatu egin dut». Ondoren, berriro ere elkarrekin joan ziren 80. kilometroraino. Hor, Ramos atzean geratzen hasi zen, oin zolan zuen zauriak sortutako minaren ondorioz.
Denbora hobetzea helburu
Azken 20 kilometroak bakarrik egin zituen Martinez de Estibarizek, entrenamendu saio luzeetatik ondo baino hobeto ezagutzen duen ingurunean, eta 11 orduren azpitik gurutzatu zuen helmuga. Ia 12 minutura heldu zen Ramos. Hirugarren, herrikideen txalo beroen artean, Carlos Jimenez araiarra helmugaratu zen, semea besoetan zuela. Martinez de Estibarizek helmugan adierazi zuenez, duela bi urteko «garaipenaren presioa gainetik kenduta», oraingo honetan denbora hobetzea zuen helburu.
Martinez de Estibariz eta Zabala garaile
Bi korrikalariak izan dira onenak Hiru Handiak lasterketan. Euria egingo zuela iragarrita zegoen arren, nahiko eguraldi ona izan dute lasterkariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu