Mendiko eskia

Marta Riba eta Daniel Izquierdo garaile Bandres-Karolo Memorialean

Mendi-mendiko elur baldintzak izan dituzte 200 eskiatzaileek. Hala ere, «ibilbide ederra» izan dela nabarmendu dute. Nahia Quincoces eta Uxue Fraile izan dira bigarren eta hirugarren, eta mutiletan, Asier Labairu eta Ander de Miguel.

Nesketan hiru aurrenekoak: Nahia Quincoces bigarrena, Marta Riba irabazlea eta Uxue Fraile hirugarrena. BANDRES-KAROLO OROIMENEZKOA
Nesketan hiru aurrenekoak: Nahia Quincoces bigarrena, Marta Riba irabazlea eta Uxue Fraile hirugarrena. BANDRES-KAROLO OROIMENEZKOA
ramon olasagasti
2025eko otsailaren 15a
14:45
Entzun

Elur baldintza zailak izan dira aurten mendiko eskiko Bandres-Karolo Memorialean: ostegunean mendian ibilbidea prestatzen hasi zirenetik larunbatera elur asko joan da Lakhura mendiaren inguruetan, eta, ondorioz, hasierako asmoak aldatuz joan behar izan dute antolakuntzakoek egunez egun. Gaur, larunbata, gainera, gaueko izotzaren eraginez oso gogor zegoen elurra, eta horrek ere zaildu egin du jarduna, hala eskiatzaileentzat nola antolatzaileentzat.

Lehen jaitsieran, Igone Campos zumarragarra (Gipuzkoa), garaipena lortzeko faborito nagusietako bat, erori egin da, eta sorbalda atera zaio. Nafarroako suhiltzaileen erreskate taldeko helikopteroak eraman behar izan du eskiatzailea Belaguako aterpera, eta handik anbulantziak Iruñeko Unibertsitate Ospitalera. Elur jausi txiki bat ere izan da jaitsieretako batean, eta, jaitsiera hori birritan egin behar zenez, antolakuntzak puntu horretan lasterketa etetea erabaki du, atzetik zetozen eskiatzaileek handik berriro pasa beharrik izan ez zezaten.

2025eko Bandres-Karolo Oroimenezkoa
Partaideak Lakhura tontor nagusitik Hego Lakhura tontorrerako ertzean. BANDRES-KAROLO OROIMENEZKOA

Aurrekoen arteko lehian, gizonezkoetan, Daniel Izquierdo soriarraren eta Asier Labairu eta Ander de Miguel nafarren arteko lehia ikusgarria izan da ibilbide osoan. Azkenean, Izquierdok abantaila txiki bat lortu, eta garaile gurutzatu du helmuga (2.09.15). Doi-doi minutu batera heldu da Asier Labairu, eta hiru minutu eta erdira Ander de Miguel. Hirurak besarkada batean bildu dira helmugako arkuaren azpian; izan ere, lehiakideak izan arren, entrenatu, elkarrekin entrenatzen dira, eta lagun-lagunak dira. «Txikituta dauzkat giharrak. Zer-nolako borroka izan dugun e?», bota die De Miguelek bi aurrenekoei, eta berriro ere sorbaldatik heldu die lehiakideei.

Helmugan, pozik zen Izquierdo, probaren irabazlea: «Zegoen elur gutxirako, ibilbidea oso polita izan da, oso teknikoa. Elur aldakorretan eta baldintza gogorretan esperientziarik ez zuen edozeinentzat zaila zegoen, egia esan. Ondo sentitu naiz, hobera egin dut pixkanaka. Lehen hiru postuetan joan gara elkarrekin entrenatzen garen hiru lagun, eta, alde horretatik, polita izan da. Dortsalarekin egurra ematen diogu elkarri, baina dortsalik gabe jarduera asko egiten ditugu batera, eta oso lagunak gara». Asier Labairu bigarrenak ere ibilbidea «basatia» izan dela nabarmendu du. «Baina hori da gustuko duguna, eta gozatu dugu. Ni oso ondo sentitu naiz, gorantz sentipen onekin eta beherantz konfiantzarekin. Aurrekoak oso gertu ibili gara gure artean, eta oso polita izan da».

Hiru aurrenekoak: Asier Labairu bigarrena, Daniel Izquierdo garailea eta Ander de Miguel hirugarrena
Mutiletan, hiru aurrenekoak: Asier Labairu bigarrena, Daniel Izquierdo garailea eta Ander de Miguel hirugarrena. BANDRES-KAROLO OROIMENEZKOA

Nesketan, Marta Riba kataluniarra izan da irabazle. Bigarren, berriz, Nahia Quincoces mendexarra (Bizkaia), Bandres-Karolo Memoriala behin baino gehiagotan irabazitakoa eta proba ikaragarri maite duen eskiatzailea. Hirugarren, berriz, Uxue Fraile donostiarra, hura ere probaren aspaldiko laguna eta antolakuntzan laguntzen ere ibilitakoa. Hirurak besarkada batean bildu dira Belaguako Angel Oloren aterpearen ondoan.

Quincoces eta Labairu Euskal Herriko txapeldun

Mendiko eskiko Euskal Herriko txapelketa ere bazen Bandres-Karolo Memoriala. Euskal Herriko txapelketan, beraz, Nahia Quincoces eta Asier Labairu izan dira txapeldun. Bigarren Uxue Fraile eta Ander de Miguel, eta hirugarren, Uxue Loizu eta Loic Thevin.

Ribarentzat «oso berezia» izan da aspaldiko lagunak berriro aurkitzea. «Zirraragarria eta hunkigarria izan da. Ibilbide mota hauek, mendikoak, niri ikaragarri gustatzen zaizkit. Elur asko ez zegoen, baina ederra izan da. Hauxe da mendiko eskia. Beraz, eskerrik asko antolakuntza osoari, mendiko eskiko egun eder honengatik».

Quincocesek ere, zeuden elur aukerak kontuan izanda, «ibilbidea zoragarria» izan dela nabarmendu du. Ingurua, giroa, antolakuntza, dena oso berezia da guretzat, eta aurten ere pila bat gozatu dut. Pena izan da Igoneren erorikoa. Karrera guztia horrekin arduratuta pasatu dut. Mendian horrelakoak pasatzen dira; ea orain azkar osatzen den». Ribak ere agur bero bat bidali dio Camposi: «Hemen egon behar zuen eta, gure artean».

Frailek ere Bandres-Karolo Memorialaren berezitasuna nabarmendu du: «Guretzat, antolatzaileentzat, Euskal Herriko mendiko eskiatzaileentzat oso berezia da. Elurraren zailtasunari eta beste batzuei aurre eginez egun eder bat prestatzen dute antolatzaileek, eta guk ere gogotsu parte hartzen dugu, Bandresek, Karolok eta beste hainbatek sortu zuten pasio horri eutsiz. Beraz, gustura, eta jarrai dezatela zailtasunei aurre egiten».

Azkenik, B ibilbidean, Ibai Hernani gaztea eta Ainara Pequeño nagusitu dira.

SAILKAPENAK

BANDRES-KAROLO OROIMENEZKOA

Emakumezkoak
1.- Marta Riba Carlos       2.38.56
2.- Nahia Quincoces Altuna 2.41.59
3.- Uxue Fraile Azpeitia 2.48.10

Gizonezkoak
1.- Daniel Izquierdo Alonso            2.09.15
2.- Asier Labairu Dominguez         2.10.15
3.- Ander de Miguel Aranaz           2.12.46

MENDIKO ESKIKO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA

Emakumezkoak
1.- Nahia Quincoces Altuna 2.41.59
2.- Uxue Fraile Azpeitia 2.48.10
3.- Uxue Loizu Ascasso 3.09.10

Gizonezkoak
1.- Asier Labairu Dominguez         2.10.15
2.- Ander de Miguel Aranaz           2.12.46
3.- Loic Thevin Thevin           2.14.34

B ibilbidea

Emakumezkoak
1.- Ainara Pequeño Uranga           2.04.09
2.- Ane Aspe Etxabe          2.14.26
3.- Andrea Zarranz Ozcariz             2.18.23

Gizonezkoak
1.- Ibai Hernani Garcia    1.27.41
2.- Unax Solagaistoa Zubia             1.34.53
3.- Ruben Epelde Etxaniz                 1.48.21

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.