Ultratrail hitzak indar handia hartu du mendi lasterketen munduan. Garai batean maratoiaren distantzia —42,195 kilometro— askorentzat ia ezinezkoa izaten bazen ere, gaur egun ohikoa bihurtu da korrikalariek urtean hiru edo lau maratoi egitea. Eta zer da ultratraila? Gehienek 42 kilometro baino gehiago dituen mendi lasterketei deitzen diete. Urteak dira Ameriketako Estatu Batuetatik (AEB) mota horretakolasterketak iritsi zirela.
1974an, Western States Endurance Run lasterketan (Kalifornia, AEB) parte hartzea erabaki zuen Gordon Ainsleigh-ek. Irteeran, berrehun zaldi eta lasterkari bat soilik. Ordura arte zaldien lasterketa bat zena handik aurrera korrikalarien lasterketa ere bihurtu zen. Kondairak dio Ainsleighren zaldi batek, entrenatzen ari zela, min hartu zuela hanka batean, lasterketa izan baino egun gutxi batzuk lehenago. Lasterketa jokatu ezinik, Ainsleighek zaldien lasterketa korrika egitea erabaki zuen.
Garai hartako albisteek diote lasterketan 42 graduko tenperatura izan zutela eta bi zaldi hil zirela beroarengatik. Ainsleighek 166 kilometroko mendi zeharkaldia amaitzea lortu zuen, 23 ordu eta 42 minutuan. Orduan hasi zen ultratrailen mundua.
Berrogei urte beranduago, ehun miliako (166 kilometro) ehun lasterketa baino gehiago daude munduan; milaka dira, gainera, ultra izena dutenak. Horietako asko, ezagunak: Europan Mont Blanceko UTMB (Chamonix, Frantzia), Lavaredo (Cortina d'Ampezzo, Dolomitak, Italia) eta Eiger Ultratrail (Grindelwad, Suitza), besteak beste; AEBetan Western States (Kalifornia), Leadville Trail 100 (Colorado) eta Tahoe Trail (Sierra Nevada, Kalifornia); AfrikanDiagonale des Fous (Reunion)...
Euskal Herrian ere badira urte batzuk horrelako lasterketak egiten direna. Lau dira garrantzitsuenak, laurak neurri eta ezaugarri ezberdinetakoak: Apuko Extrem, 90 kilometrokoa, Zaramillon (Bizkaia); Euskal Raid, 130 kilometrokoa, Baigorrin (Nafarroa Beherea); Euskal Herria Mendi Erronka, 65 kilometrokoa, Leitzan (Nafarroa), eta Ehunmiliak, 166 kilometrokoa, Beasainen (Gipuzkoa).
Eboluzioaren ondorioa
Ehunmiliak da lauren artean ezagunena. Sei urte dira Mikel Valdivielso Valdi lasterketa antolatzen buru-belarri ari dela. Hasieratik ezagutzen ditu mendi lasterketak: «Orain urte batzuk, mendi martxa gehienetara joaten nintzen. Gero, mendi lasterketak hasi ziren, eta lehenengo Zegama-Aizkorrimendi maratoian parte hartu nuen. Gerora, beste lau alditan parte hartu dut».
Hala ere, konturatu zen distantzia luzeetan moldatzen zela ondoen. Mendi martxa batean aipatu zioten lehen aldiz UTMB Mont Blanceko ultratraila. 2007an eta 2008an parte hartu zuen. 2009an belauneko ebakuntza baten ondorioz denbora batean korrika egin ezinik zegoela, hauxe bururatu zitzaion: «Zergatik ez antolatu Euskal Herrian UTMBren moduko proba bat?». Ingurukoei komentatu, eta bi urte behar izan zituzten lehen ekitaldia prestatzeko. Seigarrena da aurtengoa.
Javi Perez Apuko Extrem ultratrailaren antolatzailea da. Aurrena maratoi erdia eta maratoia egiten zituzten, Apuko igoera. «Harrituta gelditzen ginen, ikusita zein azkar amaitzen ziren izen emateak», dio. «Ultralasterketak egiteko, ordea, beti kanpora joan behar izaten genuen; ez genuen ulertzen horrelako jarraitzaileak edukita zergatik ez genituen baliatzen bertako mendiak eta paisaiak. Horrela murgildu ginen Apuko Extremen prestaketan».
Lehia eta aldarrikapena
Euskal Herria Mendi Erronkaren kasuan, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak jo zuen Leitzara, Iñaki Pazos mendiko korrikalariaren bitartez, lasterketa antolatzeko asmoz. «Lasterketaren helburuak bi ziren», gogoratu du Amaiur Alkainek, antolaketa taldekoak. «Alde batetik, euskal selekzioen aldeko aldarrikapena mendi lasterketen eremura zabaltzea; bestetik, Euskal Herriko inguru zoragarri hau ezagutzera ematea eta bertako garapenean laguntzea». Ideia gustatu zitzaien, eta ibilbidea prestatzen hasi ziren.
Euskal Raiden kasuan, antolatzaileek eskarmentu handia dute kirol probak antolatzen. «Elkartea 1997an hasi zen lanean», zehaztu du Christian Ozafrainek,Euskal Raiden antolatzaileetako batek. «Aurrena raid baten moduko zerbait antolatu genuen, 160 kilometrokoa, lau etapatan egitekoa, San Martingo Harritik, Hendaiaraino. Geroztik, lasterketa mota ezberdinak eta ibilbide ezberdinekin egin ditugu, gaur egun arte». Aurtengoak 130 kilometro izango ditu, eta parte hartzaileek bakarka edo binaka egiteko aukera izango dute.
Mendiko lasterketek goraldia dute. Lasterketen distantziak luzatzen ari dira. Gero eta jende gehiagok parte hartzen du. Baina ultratrailek gaur egun duten egonkortasuna lortzeko bidean, beti izan dira zalantzak ere.
Lehenengo urtean partaidetzari buruzko zalantza handiak eta «beldur pixka bat» ere izan zituztela gogoratu du Euskal Herria Mendi Erronkako Amaiur Alkainek. «Izen ematea hasi ondoren, ordea, parte hartzaileen kopurua azkar igotzen zela konturatu ginen, eta horrek lasaitasuna eman zigun. Nik uste orduan hasi ginela arrakasta izan genezakeela sinesten. Ea aurtengoan ere antzekoa lortzen dugun».
Apuko Extremeko Javi Perezek eta antolaketako kideek ere antzeko zalantzak eta beldurrak izan zituzten. «Ez genuen gertuko erreferentzia argirik, eta gu ere harrituta gaude probak gure lurraldetik haratago izan duen hazkundearekin».
Atzerrian, oihartzun apala
Euskal Herrian sona handia dute lau probek. Euskal Herritik kanpo, ez hainbeste. Podiumetan ohikoak dira nazioarteko lasterketetan oso emaitza onak lortzen dituzten euskal korrikalariak. Nazioarteko korrikalari sonatuak, gutxi.
Ehunmilietako Mikel Valdivielsok ez dauka zalantzarik: «Lanagatik ez da izango! Aurrekontu oso handiak beharko genituzke nazioarteko ligahorretan egoteko eta, momentu hauetan, gauden egoeran, ez da erraza. Urte guztia lanean pasatzen dugu proiektu hau ekonomikoki bideragarria izan dadin eta, horrez gain, lasterketa antolatu behar da». Valdivielsok ez dauka kexarik Ehunmilien oihartzunaz. Euskal Herriko korrikalariez gain, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Portugalgo hainbatek parte hartzen dute, beste korrikalari batzuen hitz onak entzun eta gero.
Christian Ozafrain bat dator Valdivielsorekin. «Bi eratako lasterketak daude: gu bezala, oso komunikazio gutxirekin eta babesle handirik gabe ibiltzen garenak, eta babesle handiekin lan egiten dutenak. Oso zaila da horien aurka lehiatzea».
Javi Perezek, berriz, beste zerbaiten falta nabari du lasterketa ezagunagoa izan dadin: «Agian lasterkari oso ezagun bat etortzea falta zaigu lasterketa ezagunagoa egiteko. Bestalde, zirkuitu ezagunen batean murgiltzeak ere asko lagunduko liguke».
Ziurtagiria bai, ziurtagiria ez
Korrikalarien prestakuntza fisikoa eztabaidagai da. Badirudi korrikalariak eta hain korrikalariak ez direnak errespetua galtzen ari zaizkiola maratoitik gorako distantziari. Duela urte batzuk, asko jota, maratoi bat egiten zen urtean; gaur egun, berriz, asko dira urtean lau edo bost ultratrail egiten dituztenak.
Proba batzuetan derrigorrezkoa da parte hartzaileek medikuaren ziurtagiria aurkeztea, erronkari aurre egiteko osasunez ondo daudela jakiteko. Medikuaren ziurtagiria lortzeko, esfortzu proba egiten dute korrikalari gehienek.
Ehunmilietan, eskatzen dute. «Pertsonen osasuna da lehentasuna, gero dator beste guztia», dio Valdivielsok. Apuko Extremen, berriz, esfortzu proba egiteko gomendatzen diete parte hartzaileei, baina ez dituzte egitera derrigortzen. «Uste dut proba hauetan parte hartzen dugunok nahiko helduak garela eta bakoitzak ikusi behar duela zertarako gai den», azaldu du Perezek.
Ultratrailen goraldiak korrikalariak prestakuntza hobetzera bultzatu dituela uste du Ozafrainek. «Gauza ona da ultrentzat», dio. «Lasterkariak geroz eta hobeto prestatzen dira, eta gero eta urrunago jartzen dituzte mugak». «Hala ere, lasterkari batek urtean ez lituzke bi ultra baino gehiago egin behar, bere kirol bizitza luzatu ahal izateko», ohartarazi du.
Eskaintza zabalagoa
Maratoitik gorako distantzien eskaintza zabala da. Ultra distantziakoak dira izarrak, baina Apukoren, Euskal Raiden eta Ehunmilien antolatzaileek eskaintza mailakatua egiten dute, parte hartzaileek beren neurriko distantzia eta lasterketa egin ahal izateko: Apukok 65 kilometroko Long Trail eta 42 kilometroko maratoia; Euskal Raidek bi etapako Trail Gourmand (25 kilometro etapa bakoitzean) eta Euskal Trail (40 kilometro bakoitzean); eta Ehunmiliek 89 kilometroko Goierriko Bi Handiak (Euskal Herriko Ultren Txapelketa izango da) eta Marimurumendi maratoia, aurten lehen aldiz.
Maratoitik gorakoak, hastear
Maratoia labur geratu da mendiko korrikalari askorentzat, eta geroz eta gehiagok parte hartzen dute ultratrailetan. Baita Euskal Herrian ere. Maiatzaren 2an eta 3an izango da lehena: Apuko. Gero etorriko dira Euskal Raid, Euskal Herria Mendi Erronka eta Ehunmiliak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu