Gasteizko Manuel Iradier Txangolari Elkartea eta Eibarko Klub Deportiboa aspaldikoak dira. Gasteizkoa 1949an eratu zuten, eta, beraz, 75. urteurrena ospatzen ari da aurten; Eibarkoa, berriz, 1924an sortu zen, eta mendeurrena ari da ospatzen. Aspaldikoa da bien arteko harremana ere. Deportiboko kide arabar batzuek eta Arabako beste mendizale batzuek, mendirako zaletasunak eta ikuspegi berak baturik, jarri zuten Manuel Iradier Txangolari Elkartearen lehen ernamuina. Aste honetan, hartu-eman hori berretsi eta senidetze historikoa sinatu dute bi elkarteek Manuela-ren egoitzan (hala esaten diote taldeari), Pintore kaleko 15.ean.
Bien arteko lokarri historiko horiek tarteko, eta filosofia bertsua oinarrian, bi elkarteek hainbat hartu-eman izan dituzte 2024. urtean, eta, aste honetan, senidetze hitzarmena sinatu dute, urteurrenak ixteko besarkada bat nola. Iñaki Osoro Eibarko Klub Deportiboko presidentearen eta Fernando Casi Manuel Iradier Txangolari Elkarteko presidentearen esanetan, senidetze horrek «esperientziak eta ezagutza elkarri emateko aukera» ekarriko du. «Gainera, lankidetza sortuko du bi elkarteen interesekoak izan daitezkeen esparruetan eta ataletan. Senidetze hori gauzatzeko, urtero mendi eta dantza atalen topaketa egingo dugu, txandaka, urte batean Araban eta hurrengoan Gipuzkoan», azaldu dute bi presidenteek.
Senidetze ekitaldian bi elkarteetako zenbait bazkide elkartu ziren Gasteizen. Goizean, mendi txangoa egin zuten, eta, ondoren, SEMIko Txistulari Taldeak harrera egin zien bertaratutako guztiei Manuel Iradierren egoitzan, eta Eibarko Kontrapasa jo zuen.