Juanra Madariaga. Idazlea eta alpinista

«Manaslu ametsa zen, ziklo bat ixteko sasoia zela ikusten nuelako agian»

Gailurrera iritsi gabe baina mendirako eta goi mendietarako grina bizi-bizirik itzuli da Madariaga udazkenean Manaslutik. Eskola zaharreko alpinista da, eskarmentu eta indar handikoa, eta ez du baztertzen berriro bueltatzea zortzimilako horretara.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
Bilbo
2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Manaslun izan da aurten. Bost zortzimilako igoak zituen hara joan aurretik, baina oraingoan gailurrera iritsi gabe itzuli behar izan du. Euskal Herriko alpinisten artean maitatuenetakoa da bilbotarra. Idazten ere berezko gaitasuna du, eta sari asko irabazitakoa da.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Etxean ez dut bereziki mendizalerik izan. Koadrilarekin Pagasarrira, Gorbeiara-eta joaten nintzen. Gogoan dut nola, halako batean, eskalatzaile batzuk ikusi genituen Atxarten. Harrituta gelditu ginen! Juventus mendi taldean sartu, eta, egun batean, bertan soka bat alokatzea otu zitzaigun. Labargorrira joan ginen, ideiarik eduki gabe. Eskerrak bikote bat aurkitu genuen eta haiek zuzendu gintuzten saio hartan. Han hasi zen arrokari diodan maitasuna.

Alpeetarako lehen bidaia 18 urte betetzerako egin zenuen.

Gurasoei Pirinioetara nindoala esan, eta Alpeetara joan nintzen lagun batekin. Ordurako Pirinioetan saio batzuk eginak genituen, eta Mont Blancera [4.810 metro] igo behar genuela pentsatu genuen. 17 urte nituen. Alpeak deskubritzea izugarria izan zen niretzat.

Eta Perurako jauzia noiz egin zenuen?

20 urterekin. Orduan hasi nintzen altuera eta materiala serioago hartzen. Altuerak benetan liluratuta uzten ninduen. Beti hurrengo mendian pentsatzen egoten nintzen.

Zazpimilakorik egin zenuen edo zuzenean zortzimilakoetra joan zinen?

Ez, ez, lehenik Aconcagua [6.962 metro] eta Indiako zazpimilakoak igo nituen, Satopanth [7.035 metro], bat aipatzearren, Himalaiara joan aurretik.

1997an Everestera joan zinen, garai hartako espedizio handi haietako batekin. Zer izan zen Everest aurrez aurre ikustea?

Oso espedizio handia izan zen, tartean ziren Alberto Posada, Fernando Rubio, Guillermo Bañales, Javi Mugarra... Jende asko elkartu ginen beheko kanpalekuan. Lan handia egitea tokatu zitzaigun, baina gu ez ginen 7.200 metrotik pasatu. Hala ere, argi neukan noizbait igo behar nuela Everest.

Everestek obsesio puntu bat sortzen al du?

Niri ez, behintzat. Urte batzuetan mendirik altuenekin obsesionatu nintzen, baina ez bereziki Everestekin.

Zortzimilako batean hurrena eginiko saialdia, Broad Peaken (Karakorum, Himalaia, 8.035 metro), betiko sokalagunekin.

Satopanth mendian Jaume Gibernau kataluniarra ezagutu nuen. Ordurako asko ibiltzen nintzen Jordi Estanyolekin, eta hirurok joatea erabaki genuen. Saio ustela izan zen hura, 7.400 metroan oso eguraldi okerra izan genuen. Oso oroitzapen politak ditut: hiru lagun, mendi erraldoi bat, dena bizkarrean eta inolako laguntzarik gabe. Oso indartsu ginen garai haietan, eta izugarrizko desnibelak igotzen genituen. Zorte txarra izan genuen.

Zer moduz moldatzen zinen altuerarekin?

Gaizki, beti buruko min handia izaten dut. 6.000 metroan hasten zait, baina egia da gero 7.000 metroan ondo sentitzen naizela berriro ere.

2003an, zure lehen zortzimilakoa, Cho Oyu (8.201 metro).

Errazena zelako aukeratu genuen. Juanito Oiarzabal ere han zegoen, hamalau zortzimilakoak bigarren aldiz igotzeko ahaleginetan. Tontorreko unea sekulakoa izan zen, gailurrean ordubete egin nuen bakar bakarrik. Askatasunaren eta bakearen arteko nahasketa bat sentitu nuen. Betirako gelditu zait buruan han sentitutakoa.

Betiko ametsa bete zenuela sentitu al zenuen?

Bai, betiko ametsa zen. Modu naturalean garatutako ibilbidea izan da nirea. Egia da bazirudiela zortzimilakokekin amaitzen zela dena, baina gehiegi gustatu zitzaidan. Zera pentsatu nuen: «Uf, honek beste magia bat dauka!».

Gailurrean Juanito Oiarzabali emandako besarkada ere ez omen zaizu ahaztuko.

Ez, ez. Ez zen batere ondo iritsi gailurrera. Bigarren igoera zuen bi hilabetean, eta motxila ere nik jaitsi nion.

Hiru urte pasatu ziren berriro ere itzuli zinen arte. Zergatik itxaron zenuen hainbeste?

Oso pisutsua izaten da espedizioak antolatzea. Dirua ere behar da. Ametsetik errealitatera doan ibilbidea oso luzea izaten da.

Ez zinen igo gailurrera. Hori porrota izaten al zen zuretzat orduan?

Niretzako ahalegin itzela izaten zen horrelako espedizioak antolatzea eta hara joatea, diruarengatik gehienbat. Urtea beti aurrezten pasatzen genuen, hurrengo espedizioan pentsatzen. Noizbait udaletxean proiekturen bat aurkeztu eta zerbait ematen ziguten, baina orokorrean gure kontu izaten zen dena, eta halakoetan ez lortzea...

2007ko Broad Peakek balio izan al zizun aurreko urteko arantza ateratzeko?

Bai, bakeak egin nituen neure buruarekin. Espedizio horretarako diru pixka bat eman ziguten eta ilusio berezia nuen Broad Peakerako. Jaumek ezin zuen etorri eta une batean bakarrik nengoen. Halako batean, Koke Lasaren deia jaso nuen, haiekin joateko gonbitearekin. Oso indartsu ibili ginen espedizio guztian zehar, haiek bai garaiak!

Sasoiko egonda, askoz gehiago gozatzen dira horrelako erronkak.

Bai. Gorputzak izugarrizko astindua hartzen du horrelako espedizioetan. Benetako gozamena da oso ondo egoten garenean.

Broad Peaketik jaisterako, Everesti buruz pentsatzen hasi zinen berriro.

Ordurako ibilbide pixka bat egina nuen. Everesten gipuzkoarrak egonak ziren ordurako, arabarrak ere bai Juanitorekin, Robert Larrandaburu ere bai Iparraldetik, nafarrak ere bai... Bizkaitar gutxi eta oxigenoa erabilita, eta hortik heldu genion ideiari. Lehenengo bizkaitarrak izan nahi genuen oxigenorik gabe igotzen. Hala ere, garbi neukan espedizio txikia izango ginela, Jordi Estanyol eta biok. Azkenean, beste espedizio komertzial batean murgildu ginen. Dirutza kostatzen zen espedizioa.

Gailurrera iritsi zineten, baina oxigenoa erabilita.

Urte hartan Txinako Olinpiar Jokoak jokatzekoak ziren. Guk iparretik igo nahi genuen, Tibetetik, baina Txinako Gobernuak muga itxi zuen olinpiar sua Everesteko gailurrera igotzeko. Tibeten aldeko aldarrikapenak saihestu nahi zituen. Guztiok Nepalera joan behar izan genuen. Sei edo zazpi alpinista ginen oxigenorik gabe saiatu nahi genuenak, baina ez saiatzeko gomendatu ziguten. Ordurako hasiak ziren, gutxinaka bazen ere, Everesteko gailurrerako pilaketak. Egun hartan 75 pertsonak egin genuen gailurra. Tontorrerako azken metroak oso luzeak egin zitzaizkidan. Jaitsiera ere oso gogorra izan zen. Jordi Estanyol soka laguna oso nekatuta iritsi zen. Hitz egiten nion eta ez zidan erantzuten, edemaren bat-edo bazuela konturatu nintzen. Argi neukan bera gabe ez nintzela jaitsiko. Sentsazio gazi-gozoa izan zen hura.

Lagunen bat galtzea izaten da espedizioetako alderik txarrena. Zuk ez duzu inor galdu zure espedizioetan. Hori izan da zuretzat beldurrik handiena, lagunak galtzea?

Gazteagoak ginenean agian ez, baina orain bai. Lagunekin joaten naizenean, askotan pentsatzen dut. Lagunik ez dut galdu, baina gertuko asko bai. Lhotsen geundenean, Juanjo Garra hil zen Dhaulagirin. Oso lagun handia zen eta espedizio hartara berarekin joateko gonbitea ere egina zidan. Ordurako hitza emana nien Jose Carlos Tamayori eta Alex Txikoni, Lhotsera eta Nuptsera joateko. Espedizio horretan ezagutu nuen Alexei Bolotov errusiarra ere, eta egun gutxira bizia galdu zuen Everesteko eginahalean. Espedizio hura bertan behera uztekotan egon ginen.

Edurne Pasabanen azken zortzimilakoan ere gailurrean topo egin zenuten, Shisha Pangman (8.013 metro), 2010ean. Historiara pasatu zen Pasaban.

Izugarria izan zen. Gogoan dut nola negar egiten zuen gailurrean. Dena ondo atera zitzaigun, nahiz eta oso eguraldi txarra izan espedizioan zehar. Nik argi neukan Edurne gailurreruntz irteten zenean, ni berarekin aterako nintzela, eta hala esan nion. Berak zuen esperientzia gehien, eta uste dut berari esker iritsi ginela. Alex Txikon ere bertan zen.

Urte askoan ez zinen Himalaiara itzuli. Zergatik?

Gehienetan bezala, diru kontuak tarteko. Familia daukat, bi seme-alaba... Proiektu bat dut familiarekin eta hori ere elikatu beharra dut. Pasio pribatua da zortzimilakoena, baina oso pasio garestia. Urte askotan dirua lortzeko zailtasun handiak izan genituen.

55 urterekin, aurten itzuli zara berriro Manaslura (8.156 metro). Nolatan?

Pasioa dudalako oraindik ere. Pasio bera sentitzen dut igandetan Otxandioko basoetatik paseatzen gailur txiki batera iristeko, zein Valdegovian [Araba] eskalatzen, Pirinioetan eskiatzen edo espedizio handi batean.

Nola sentitu zara hainbeste urte eta gero?

Iaz ere Manaslun izan nintzen udaberrian. Oso baldintza propioak ditu eguraldiak, eta orain ulertzen dut zergatik joaten den hain jende gutxi udaberrian. Iaz egunero elurra egin zuen eta ez ginen bigarren kanpalekura ere iritsi. Aurten udazkenean joan gara.

Zer falta izan zaizue gailurrera iristeko?

Agian zorte on apur bat. Dena primeran joan da. Bi alpinista handirekin joan naiz, Julen Errandonearekin eta Alberto Urtasunekin, eskarmentu handikoak biak ere. Haiei esker jaitsi ginen. Gailurra egiteko unean oso argi neukan egingo genuela, baina badirudi nik kontrolatzen ez nuen zerbait gertatzen hasi zitzaidala, eta biek jaisteko hautua egin zuten. Ni ez nintzen jabetzen nola nengoen. Amets handia zen niretzat, agian ziklo bat ixteko garaia zela ikusten nuelako. Baina ez zen posible izan.

Arantzarekin itzuli al zara?

Bai, frustrazio eta amorrazio pixka batekin. Beste irakurketa bat egin nahi dut, itzuli naizela. Hala ere, oso ondartsu ikusi dut nire burua: oxigenoarekin zihoan jende asko aurreratu genuen eta oso denbora onak egin ditugu.

Garrantzitsua izaten da atzera egiten jakitea.

Bai, zalantzarik gabe. Uste dut alpinistok hori onartzen jakin behar dugula.

Azken espedizio honetan gauza harrigarriak ikustea tokatu zaizu.

Azken 20 urteetan gauzak asko aldatu direla konturatu naiz. Manaslun, beheko kanpalekuan, tokatu zait ikustea jendeari kranpoiak nola jantzi behar diren irakasten ari zitzaizkiola, jumarra nola pasa behar den... Jende asko ikusi dut mendian ibiltzeko inolako gaitasunik ez zuena. Pertsona bakoitzeko bi xerpa zeramatzaten, nahi adina oxigeno... Baina dirutza bat ordaindu dute, eta xerpek esaten diete lasai egoteko, igoko dituztela. Egoera horrela dago Nepalen. Dena diruaren mende gelditzen ari da.

Mendian arrisku handiak hartutakoa al zara?

Batzuetan iruditzen zaigu une batzuetan arriskatzen ari garela, baina inor ez da arriskuaren bila joaten. Egia da beldurra gustatzen zaigula, baina beti kontrolpean izaten saiatzen gara.

Zuk esana da sufrimenduak eta oxigeno faltak motibatzen zaituztela. Zenbaietaraino?

Bai, gustatzen zait sufritzea. Eskola zaharrekoa naiz. Entrenamenduetan beti dena ematen dut, bai korrika, bai bizikletan... Mendian orduak eta orduak egin ditzaket sufritzen. Gaitasuna dut sufrimendurako. Oraindik ere, askotan, Cho Oyuko gailurrean nagoela iruditzen zait, nire lehen zortzimilako hartan.

Hurrengoa zein?

Ez dakit oraindik. Jendea gauzak proposatzen ari zait 2020rako. Agian berriro ere Manaslura joango naiz, udazkenean joateko zortzimilako ederra da. Zergatik ez berriro itzuli? Nanga Parbat ere begiz jota dut, baita Manaslu ere...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.