Mendia

Malloei sakoneko begiratua

Aralarko Malloak ardatz dituen liburu mardula idatzi du Juan Mari Ansa Munduatek: 'Las Malloas de Aralar'. Mendi ibilbideak, istorioak eta kondairak bildu ditu bederatzi urteko ikerketa lanean.

'LAS MALLOAS DE ARALAR / BESTEAK.
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Kalean da, azkenean. Horixe pentsatu dute Juan Mari Ansak Aralarko Malloen inguruan egindako lan mardula esku artean hartu duten askok. Ez alferrik. Jakin badakite liburuak atzean duen lana eta dedikazioa. 2003an 75 urte bete zituen Aralarko Adiskideak elkarteak, eta urteurrena ospatzeko argitaratzekoa zuten aldizkarirako Malloen inguruko artikulu bat eskatu zion elkarteko orduko presidente Lukas Mendikutek. Ansak baietz, idatziko zuela. Beste hainbatetan bezala, ordea, txiki geratu zitzaion abiapuntuko asmo hori. Hari bati tira egin, beste istorio bat ezagutu; nola utzi hori kanpoan? Lan luzeago bat osatzeko mamia bazuela ikusi zuen, eta azkenerako bederatzi urte pasatu dira. Gabon jaien atarian aurkeztu duLas Malloas de Aralar liburua Juan Mari Ansa Munduatek, ia hiru kiloko pisua eta bostehun orrialdetik gorako lana. Aralarko Malloen inguruko entziklopedia modukoa da, eta ikerketa lan handiaren emaitza.

Nekez argitaratuko da ingurune hain txiki baten inguruan halako azterketa lan zabala. Ez da Malloei buruzko liburu bat, Malloei buruzko liburua baizik. Bi zatitan bereiz daiteke: mendi ibilbideen berri dakarrena, batetik, eta Malloetako eta Nafarroako Araitz ibarreko kultura, bitxikeria eta istorioak dakartzana, bestetik. Ansak proposatutako 17 ibilbideetatik 13 dira Malloetako lepo eta tontorretara igotzen direnak, eta beste lauak zeharkaldi bereziagoak. «Mila metroko altuerari eutsiz Malloak bere osotasunean zeharkatzen dituenak erakarriko du jende asko. Ongi seinalatu eta markatuz gero, Euskal Herrian osa daitekeen zeharkaldi izarra dela uste dut», iritzi dio Ansak. Hori bai, mendian eskarmenturik ez duenarentzat aholkua eman du egileak: «Altimetroa lagungarria da oso, ezinbestekoa ia. Ibilbideak artzain bide zaharrak dira, eta oso marka gutxi dituzte; lehenengoz Malloetara joaten direnek hobe dute ingurua ezagutzen duen batekin joatea».

Liburuaren ezaugarriak aintzat hartuta, nekez bizkarreratuko du motxilan mendizaleak. Artzain bide galduetako ibilbideetan barneratzeko ezinbestekoak diren mapa, argibide eta irudiak, ordea, liburuarekin batera osatu duten DVD batean datoz.

Ikerketa lan handia

Bigarren zatian Malloei lotutakoistorio eta bitxikeriak bildu ditu Ansak, eta aparteko atal bat eskaini dio inguruetako baserritarrek belarra biltzeko mende erdiz erabili zituzten belar kableei. Hogeita bost istorio dira, hunkigarriak haietako asko; egileak bertatik bertara baserritar eta artzainekin izandako hitz-aspertu luzeetatik eta liburu artean egindako ikerketa lanetik ateratakoak. Errazkingo eta Gaintzako ahuntzariak, Aralarko makien historia, Harri Festa eta Bedaioko Ingurutxoa, Irumugarrieta mendiaren izena Soilazbizkargaina dela azaltzen duenekoa... Mardula da liburua neurrian, eta sakona edukietan. Ez da berehalakoan apalak apaintzen jarri eta ahanzturan erortzeko lana.

Bestelako ezaugarririk ere badu Ansaren lanak: musu truk, irabazirik gabe egin dute lana Ansak eta haren laguntzan aritu direnek. Ezohikoa garaiotan, baina egileak aspaldiko urteetan aukeratutako bidea du. Liburua Tolosako Aralar Kirolak eta Babel dendetan eskura daiteke, eta baita Donostiako Izadi dendan eta Lekunberriko Turismo bulegoan ere, 25 eurotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.