Malen Osa txapeldun Espainiako Txapelketako bertikalean

Sierra Nevadako proban eskiatzaile oñatiarrak 22 segundoren aldea atera dio Ana Alonso bigarrenari. Beste hainbat euskal eskiatzailek ere hamar aurrenekoen artean bukatu dute. Eguraldi baldintza txarrak izan dituzte.

Malen Osa mendiko eskiko Espainiako Txapelketako bertikalean garaile
Malen Osa podiumaren gorenean. FEDME
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 9a
17:50
Entzun

Mendiko eskiko Espainiako Txapelketak egiten ari dira asteburu honetan Sierra Nevadako eski estazioan (Granada, Espainia). Igoera bertikala jokatu da gaur, larunbata, eta Malen Osa Ansa oñatiarrak (Gipuzkoa) bere ahala erakutsi du beste behin. Ansak 32 minutu eta 10 segundoan osatu du 2.750 metroko ibilbidea (500 m+); ez du urruti izan Ana Alonso andaluziarra, 22 segundo eskasera, eta hirugarren Maria Ordeñez andaluziarrak egin du, hiru minutu pasatxora.

Mutiletan, Antonio Alcalde aragoiarra gailendu da (00:27:23), Jordi Alis kataluniarra izan da bigarren (00:27:51), eta Nicolas Molina andaluziarra hirugarren (00:28:17)

Eguraldi txarraren eraginez, antolatzaileek moldatu egin behar izan dute ibilbidea, eta, azkenik, kategoria guztiek estazioaren beheko aldean, Pradollanon (2.170 m) izan dute abiapuntua. Proban zehar ere elurra eta haize bolada zakarrak izan dituzte, eta baldintza makur horiek areago gogortu dute ibilbidea.

Gazteen mailetan, mendiko eskiatzaileek 2,3 kilometroko ibilbidea egin dute, 400 metroko desnibel metatuarekin. Seniorrek, berriz, 2.750 metroko ibilbidea osatu dute, 500 metroko desnibel positiboarekin, Sierra Nevadako Borreguiles eremuan helmugaratzeko.

Euskaldunei dagokienez, Malen Ansaren garaipenaz gain, hainbat euskal eskiatzaile sailkatu dira hamar aurrenekoen artean. Senior mailan, Asier Labairu nafarra seigarren izan da, sasoi betean dagoela erakutsiz; Xabier Macias, nafarra hau ere, zazpigarren izan da; Jon Ander Aranburu gipuzkoarra hamaikagarren; eta Ander de Miguel eta Raul Vergara nafarrak, 14. eta 21., hurrenez hurren.

Hogei urtez azpikoetan, mutiletan, Elur Zaldua zazpigarren izan da, eta Oier Moreno, hamargarren. 18 urtez azpikoetan, Hugo Robles zortzigarren izan da, Oier Urkiola hamaikagarren, Markel Barrio hamabigarren eta Eder Tapia hamaseigarren. Hamasei urtez azpikoetan, Ibai Hernani podiumean sartzear egon da, baina laugarren izan da azkenean, eta Unax Solagaistoa, hamaikagarren. Gazteen maila hauetan, ez da euskal emakumezkorik izan lehian.

Mailaz maila, hauek izan dira txapeldunak: 12 urtez azpikoetan, Leonardo Bellini andaluziarra; 14 urtez azpikoetan Iker San Martín asturiarra; 16 urtez azpikoetan, Maria Ramirez eta Pau Baque, biak kataluniarrak, 18 urtez azpikoetan, Lailla Selles kataluniarra eta Gonzalo Casares andaluziarra; 20 urtez azpikoetan, Berta Guitart eta Biel Pujol, biak kataluniarrak; eta 23 urtez azpikoetan, azkenik, Malen Osa bera eta Marc Radua kataluniarra.

Bihar, igandea, Espainiako Txapelketako banakako proba jokatuko da Sierra Nevadan.

Sailkapen guztiak Espainiako Federazioaren webguneko esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.