Malen Osa hirugarren Golden Trail World Seriesen

Sara Alonsok, berriz, bosgarren egin du traileko munduko zirkuitu nagusiaren finalean, eta hamargarren sailkapen nagusian. Osak bederatzigarren amaitu du azken proba, eta ama zena oroitu du helmugaratzeko une hunkigarrian.

Malen Osa, Golden Trail World Series zirkuituko finalean, ama zena gogoan
Osak ama zena izan zuen gogoan helmugaratzeko une hunkigarrian.
ramon olasagasti
2024ko urriaren 21a
13:50
Entzun

2024ko Golden Trail World Series zirkuituaren finala jokatu da asteburu honetan Ascona-Locarno herrian, Suitzan, eta emozioz betetako lasterketa izan da Malen Osa eta Sara Alonso euskal korrikalari gazteentzat. Golden Trail World Serieseko final horretan zirkuituko rankingeko 30 korrikalari onenak baino ez dira lehiatzen, eta horien artean ziren Osa eta Alonso.

Finaleko proban 23,5 kilometro eta 1.400 metroko desnibeleko ibilbidea zuten korrikalariek. Finaleko lasterketa Joyline Chepngeno kenyarrak irabazi zuen, Laure Gregory estatubatuarraren aurretik. Joyce Njeru kenyarrak, beste faborito nagusiak, orkatilan bihurritu bat izan zuen, eta, asko sufritu arren, hirugarren egin zuen azkenean. Hala ere, denboraldian zehar erakutsitako erregulartasunari esker, GTWSko urrea irabazi du Njeruk.

Malen Osak bederatzigarren egin zuen finalean. «Oso azkarra izan da irteera; lehen kilometroak korrika egitekoak ziren. Azkar nindoan ni ere, baina urduritu egin naiz, neska asko ikusten nituelako aurrean. Gorantz hasi garenean, nire erritmoa hartu ahal izan dut, aurkari zuzenengana gerturatu arte. Amaieran, asko moztu ditut tarteak, baina pare bat kilometro gehiago beharko nituen postu gehiago aurreratzeko», azaldu zuen Osak helmugan.

Iaz podiumaren ateetan geratu zen Malen Osa GTWS zirkuituan, eta aurten podiumean egotea zen bere ametsa, jakinik munduko hiru onenen artean egotea ikaragarri zaila zela. Ondo hasi zen, ordea: Asiako lehen bi probetan bosgarren izan eta gero, Zegama-Aizkorriko maratoian, etxeko proban eta distantzia horretako bere estreinakoan, bigarren helmugaratu zen. Ikaragarria izan zen hura. «Oso asebeteta» bukatu zuen korrikalari oñatiarrak Zegama. Ondorengo hilabeteak, ordea, oso gogorrak izan dira Osarentzat eta familiarentzat, Gurutze amaren bat-bateko gaixotasunaren eta heriotzaren ondorioz, eta, horregatik, asteburuko proban, amaren oroimenezko elastikoarekin helmugaratu zen Osa: «Beti zurekin, ama».

Ikaragarri pozik zen korrikalari oñatiarra hirugarren postuarekin: «Erakusten du, nolabait, hor aurrean egon naizela beti. Munduko zirkuitu onenean hirugarren izatea harrigarria da. Oso urte gogorra izan da, eta harro nago nola eraman dudan dena eta nola borrokatu naizen», adierazi zuen.

Sara Alonso Golden Trail World Serieseko finalean, Suitzako Locarno herrian
Sara Alonso pozarren Locarnoko finalean bosgarren helmugaratuta. COPYRIGHT@RISINGSTORY@JUSTINGALANT//GTWS

Sara Alonso ere bikain aritu zen GTWSeko finalean, eta bosgarren helmugaratu zen Locarnon. Zirkuituko azken sailkapenean, berriz, hamargarren geratu da azkenean korrikalari donostiarra. Alonsorentzat ere ez da urte erraza izan: 2023ko lesio larriaren ondoren, aurten itzuli da lehiara, maila ikaragarrian itzuli ere, baina Zegama-Aizkorriko maratoiaren bezperan, pneumoniak jota ospitaleratu egin behar izan zuten, proba irabazteko faborito nagusietako bat zenean. Kolpe gogorra izan zen hura harentzat. Hala ere, sendatu zen, eta maila onean itzuli zen lehiara, eta Mont Blanceko OCC proban laugarren izan zen. «Zegama-Aizkorriko arantza ateratzeko» balio izan zion postu horrek.

Munduko hamar korrikalari onenen artean sendotu dira, beraz, Osa eta Alonso gazteak, aurtengo GTWS zirkuituan.

Gizonezkoetan, Elhusine Elazzaui marokoarrak irabazi zuen azken proba, baita GTWS zirkuitua bera ere, hiru garaipen eskuratuta baitzegoen Suitzako proba baino lehen. Finaleko proban, buruz buruko ikusgarria izan zuten Elazzauik eta Remi Bonnet suitzarrak: lasterketa osoan parez pare ibili ondoren, marokoarrak azken jaitsieran hartu zion aurrea Bonneti. Patrick Kipngeno kenyarra izan zen hirugarren finaleko proban. GTWSko zirkuituan, berriz, Kipngeno izan da bigarren, eta Bonnet hirugarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.