Malen Osak bere ahala erakusten jarraitzen du, traileko lasterketetan ez ezik mendiko eskian ere. Ez da denbora asko Osa mendiko eskiko probetan lehiatzen hasi dela, eta asteburu honetan, Munduko Kopako bere debutean, bosgarren izan da Courcheveleko (Frantzia) bertikalean. Oñatiarra podiumetik 40 segundo eskasera geratu da, eta Axelle Gachet Mollaret irabazlearengandik minutu eta 8 segundora.
Mendiko eskiko espezialistarik onenak elkartu dira asteburuan Frantziako Alpeetako Munduko Kopako lehen proban. Lasterketa bertikalean, eskiatzaileek 3,2 kilometroko distantzia eta 520 metroko desnibela gainditu behar zuten, eta Malen Osak 26.38.8ko denbora behar izan zuen proba osatzeko. Urrezko domina Axelle Gachet frantziarrak eskuratu zuen (25.30.0); zilarra, Emily Harrop herrikideak (25.42.9); eta brontzea, Sarah Dreier austriarrak (25:57.5).
Gizonezkoetan, mendiko trailetako beste txapeldun bat nagusitu zen, Remi Bonnet suitzarra (19.47.9), Aurelien Gay herrikidea izan zen bigarren (21.38.2), eta Xavier Gachet frantziarra hirugarren (21:45.7).
Iaz hasi zen Malen Osa mendiko eskiko probetan lehiatzen, eta iazko lehen denboraldian jada Espainiako txapeldun izan zen bertikalean.
Mutilen artean ez zen euskal ordezkaririk izan Courchevelen.
Sailkapen osoak hemen.