Mendia. Mendi lasterketak. Hassan Ait Xau. Mendi korrikalaria

«Maldan behera lasterka egitea da nire alderdirik indartsuena»

Iazko Euskadiko Koparen garailea da Hassan Ait Xau, eta euskal selekzioko kide berria; helburu handiak ditu denboraldi berrirako.

GRAFSESTAO.
2013ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
2000. urtean iritsi zen Hassan Ait Xau (1977, Todra, Maroko) Euskal Herrira. Urte gutxiren buruan hasi zen asfaltoan korrika egiten, baina, asfaltoak ez zuen asebetetzen, eta mendiko lasterketei ekin zien orduan. Bere jaioterria Atlas mendikatean dagoelako edo, beti maitatu izan du mendia.

Pixkanaka, sailkapenetan gorantz igotzen hasi zen, eta iaz, euskadiko kopako txapeldun bihurtu zen. Aurten, euskal selekzioko kide da, eta helburu handiagoak jarri dizkio bere buruari. Espainiako Kopa eta Munduko Kopako probaren batean parte hartzea.

Noiz hasi zinen mendi lasterketetan parte hartzen? Zergatik?

2005an parte hartu nuen, lehen aldiz, mendi lasterketa batean. Marokotik etorri nintzenean, oso erretzailea nintzen, eta uztea erabaki nuen. Orduan, 2003. urtearen inguruan, asfaltoan hasi nintzen lasterka egiten, eta Behobia-Donostia lasterketa egin nuen. 2005ean mendi lasterketetara egin nuen salto. Ordutik, zigarroaren bizioa utzi, eta korrika egiteak harrapatu nau.

Mendiko zein lasterketatan parte hartu zenuen, lehenengoz?

Villabonako mendi lasterketa izan zen lehenengoa, nahiko motza eta erraza zelako. Niri beti gustatu izan zait mendia, jatorriagatik akaso; menditik lasterka egitea askoz ere entretenigarriagoa ikusten dut asfaltoan aritzea baino. Orain, Sestao Alpino taldeko kide naiz, baita euskal selekziokoa ere.

Zer dute mendiko lasterketek, hainbeste harrapatzeko?

Ez dakit, ba! Akaso, askatasun sentipena handiagoa izango da. Mendiko lasterketak aldakorragoak dira, asfaltokoak berriz, monotonoagoak. Mendikoetan gorantz eta beherantz egiten da, harri tartean, lokatzetan. Oso lasterketa gogorrak izaten dira, baina asko gozatzen dut.

Aurreko urtean euskadiko kopa irabazi zenuen. Zure ibilbideko urte onena izan zen? Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Bai, ziur aski, hoberena izan zen! Oso urte borobila izan zen aurrekoa, oso pozik gelditu nintzen. Urte osoan ez nuen lesiorik izan, eta sasoiari eusteko gai izan nintzen. Zaila izango da iazkoaren antzeko denboraldi bat berritzea.

Zein lasterketa gustatu zitzaizun gehien? Zergatik?

Euskal Herriko lasterketa asko dira ederrak eta asko gozatzekoak. Zaila da guztietan bat azpimarratzea, baina, aukeratu behar badut Camille Extreme lasterketa hartuko nuke. Pirinioetan egoteak berezitasuna ematen dio; oso lasterketa polita da.

Zein iruditu zitzaizun gogorrena?

Camille Extreme izango da, ziurrenik, guztietan gogorrena ere bai baita. Oso lasterketa luze eta teknikoa da, harri solte asko dituena. Iaz nahiko eguraldi ona izan genuen, baina, normalean, lasterketa horretan eguraldi oso beroa izaten da; horrek ere asko gogortzen du lasterketa. Gorbeiako lasterketa ere oso gogorra da.

Zenbat lasterketa dituzu irabaziak?

20tik gora lasterketatan parte hartu ohi dut denboraldi bakoitzean; iaz, 8 lasterketa irabazi nituen, eta beste hainbatetan igo nintzen podiumaren bigarren edo hirugarren koskara.

Aurten ere parte hartzeko asmoa duzu? Zein da helburua?

Zaila izango dut kopako lasterketa guztietan parte hartzea Espainiako eta Munduko lasterketekin bat datozelako lasterketa batzuk. Aurten, Euskal Selekzioko kide izanik, beste helburu batzuk ditut. Hala ere, beste lasterketa batera joan behar ez dudan kasuetan, Euskadiko kopakoetan parte hartzeko asmoa daukat. Gorbeiako azken probara ziur joango naizela; irailean ere edukiko dut probaren batean parte hartzeko aukera.

Nola ikusten duzu zeure burua aurtengo denboraldirako?

Orain arte egin ditudan lasterketetan oso ongi sentitu naiz, eta denboraldi ona izango delakoan nago. Urte hasieran, ziatika dela-eta hiru hilabetez geldirik egon behar izan nuen, eta ez nengoen batere sasoiko, baina, martxa hartutakoan nahikoa azkar errekuperatu naiz.

Berako eta Larrungo lasterketetan parte hartu nuen, eta, artean onenean ez nengoen arren, gustura sentitu nintzen. Espainiako Kopako Otañesko lasterketan ere izan nintzen; maila handiagoa dago han, eta, hala ere, bosgarren sailkatu nintzen. Azken kilometroetaraino hirugarren postuan aritu nintzen, baina, azken txanpa horretan, bikiek huts egin zidaten, eta bi postu galdu nituen esprintean. Hala ere, pozgarria da, niretzat, podiumetik gertu egon nintzela jakitea. Aurreko igandean Amasako lasterketa irabaztea lortu nuen.

Euskal Selekzioan zaude aurten, lehenengoz. Zein laguntza eskaintzen dizkizu hor egoteak?

Kanpoko lasterketetako izen emateak eta egonaldiak ordaintzen dizkigute. Horrez gain, Jokin Lizeaga entrenatzaileak laguntzen digu, denboraldiko plangintza egiten eta prestaketak hobekien nola egin erakusten. Zegama-Aizkorriko lasterketan lortutako emaitzen arabera jakingo da selekzioko zein korrikalari joan ahal izango den Munduko Kopako beste probetara.

Orain arte nola prestatu zara lasterketetarako? Bizikleta eta gimnasioa erabiltzen dituzu?

Ez dut entrenatzeko tarte handirik izaten, lanak denbora asko kentzen didalako. Gainera, nire ofizioak muskuluen aldetik asko nekatzen nau, eta lanetik irten eta asko entrenatuz gero oso nekatuta iristen naiz asteburuko lasterketara. Gehienez, hiru egunetan entrenatzen naiz astean barrena; astean behin, ordubete egiten dut lasterka mendian, eta beste behin serieak egiten ditut. Masajistarengana ere joan ohi naiz astean behin. Lehen asko ibiltzen nintzen bizikletan, baina, gaur egun ez; gimnasiora oso noizbehinka joaten naiz.

Zure ustez, zer ezaugarritako korrikalaria zar? Non moldatzen zara hobekien?

Lasterketa teknikoak izatea gustatzen zait gehienbat, lokatz eta harri asko edukitzea tartean. Maldan behera lasterka egitea da nire alderik indartsuena; lasterketa askotan, maldan behera aldentzen naiz gainontzeko korrikalariengandik gehien. Tenperaturari dagokionez, nahiago izaten dut hotz egitea bero baino. Bero handia egiten duenean gaizki pasatzen dut.

Noizbait pentsatu duzu ultra trailetara salto egitea?

Ez; egia esateko, ez. Oraingoz, gehiegi dela iruditzen zait; denbora asko beharko nuke, hain distantzia luzeko lasterketak prestatu ahal izateko. Gainera, ez naute gehiegi erakartzen; oso gustura aritzen naiz distantzia laburragoko lasterketatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.