Mendia

Maiz eta Luke nafarrek bide berri bat zabaldu dute Marboreko Dorrean

Bigarren ahaleginean, 250 metroko bide bat zabaltzea lortu dute, 8a+/b zailtasunekoa, estilo librean

Ainhoa Lendinez
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ekaitz Maiz (Etxauri, 1980) eta Asier Luke eskalatzaile nafarrek Nafarroa Bizirik bidea zabaldu zuten abuztuan, Marboreko Dorrean (Monte Perdido, Pirinioak). 250 metroko bidea egin zuten, bost luzetan (errazena 6c+ eta zailena (8a+/b).

Joan den urteko irailean egin zuten horma horretan lehen ahalegina. Behealdetik librean zabaldu zuten bidea erabat, progresiorako artifizialik erabili gabe. Lehen ahalegin hartan, ordea, elurra uste baino goizago iritsi zen Pirinioetara, eta bertan behera gelditu zen bidea kateatzeko asmoa. Aurtengo udan egin dute bigarren saioa. Marboreko horma egoera onean zegoela jakinik, abuztuaren 21ean lortu zuten.

Aspaldiko helburua beteta, pozik dago Maiz: «Estilo librean zabaltzeak tentsio handia sortzen du eta energia oso azkar xahutzen da. Hasi aurretik min handia geneukan oin eta eskuetan, Alpeetatik iritsi berri geundelako, baina bidea kateatzeak zama arindu zigun, eta energiaz kargatu gintuen berriro». Abuztukoaz gain, hiru bide zabaldu ditu Maizek Pirinioetako horma gogorrenean: Agur eta ohore (300 m, 8a 2011n), Izarren hautsa (300 m, 7a 2012an) eta Hiperamort (300 m, 7a 2012an).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.