Maiora eta Lariz txapeldun kronoigoeran

Mendaroarra eta elgoibartarra izan dira azkarrenak maldan gora Euskal Herriko Txapelketan, Izaban, Bandres-Karoloren Oroimenezkoan

Bandres-Karoloren Oroimenezkoan parte hartutakoak, ahalegin betean. JOSEBA ARLEGI.
Unai Ugartemendia.
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Oso gutxitan huts egiten duten horietakoak dira Maite Maiora mendaroarra eta Iñigo Lariz elgoibartarra, nola elurretan eskiekin, hala mendian korrika. Eta ez zuten hutsik egin. Mendiko Eskiko Euskal Herriko Kronoigoera Txapelketa irabazi zuten larunbatean, Izaban (Nafarroa), Bandres-Karoloren oroimenezkoan.

Urtero legez, eskiatzaile euskaldunez josi ziren Izaba eta inguruak. Dortsal guztiak agortuta eman zitzaion hasiera larunbatean kronoigoerari: lau kilometro, eta 800 metroko desnibel positiboa.

Maiorak ez zuen garaipena erraz lortu. Hasieratik, Laura Sola nafarra bidelagun izan zuen igoeran. Keleta azpiko gandorrera iristear zirela, mendaroarrak Sola aurreratzea lortu zuen, azken unera arte lehian ibili eta gero, eta lehen postuari eutsi zion helmugara heldu arte. Igone Campos izan zen hirugarren. Laugarren, izen handi bat: Izaskun Zubizarreta. Eskiatzaile beteranoak erakutsi zuen oraindik ere lehian jarraitzeko asmoa duela.

Gizonezkoen arteko lehia ere ikusgarria izan zen. Sailkapena ikusi besterik ez dago: lehenengo bostak minutu eta 35 segundoko tartean sartu ziren. Azkarrena: Iñigo Lariz. Berriz ere erakutsi zuen sasoiko dagoela, eta bera dela espezialistarik handiena. Bigarren eta hirugarren postuetan, Mikel Navarro eta Jabi Dominguez sartu ziren, hurrenez hurren.

Herenegun, ordea, Bandres-Karoloko ohiko lasterketa jokatu zen. Aurten 19 kilometrokoa eta 2.000 metroko desnibel positibokoa. Laura Solak bezperako arantza atera zuen: lasterketa irabazi zuen, Zubizarretaren eta Maioraren aurretik.

Gizonezkoetan, irabazle bera: Iñigo Lariz. Altitoyrako prestatuta dagoela erakutsi zuen. Javier Tirapuk eta Javi Dominguezek osatu zuten podiuma. Bi egunetako denborak kontuan hartuta, Laura Sola eta Iñigo Lariz izan dira proba konbinatuko azken irabazleak.

Antolatzaileak pozik daude. «Giro ikaragarria izan dugu asteburu guztian, eta, jendearen hitzetan, inoizko ekitaldirik onena izan da», Mintxo Astizen esanetan. Gustura gelditu ziren Pitxi Egillorren emanaldiarekin ere. Ez da erraza izaten halako proba bat antolatzea, eguraldiak eta elurraren egoerak guztiz baldintzatzen baitute. Aurten «zorte pixka bat» izan dute, elurra ongi baitzegoen. «Haizeak, hala ere, ez digu asko lagundu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.