Maddi Agirre garaile zailtasuneko Espainiako Kopan, 18 urtetik beherakoetan

Aurreko asteburuan jokatu da Vilanova i la Geltru herrian hirugarren eta azken proba. Elur Arteaga eta Lur Guenetxea hirugarren izan dira azken sailkapenean.

Lur Guenetxea, Maddi Agirre eta Elur Arteaga eskalatzaileak
Lur Guenetxea, Maddi Agirre eta Elur Arteaga beren dominekin. EMF
ramon olasagasti
2024ko urriaren 29a
10:00
Entzun

Kirol eskaladako Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba jokatu zen asteburuan Kataluniako Vilanova i la Geltru herrian zailtasuneko modalitatean. Euskal ordezkaritza Sant Marti de Touseko bigarren proban baino txikiagoa izan zen, eta emaitzak ere apalagoak izan ziren. Maddi Agirrek urrea lortu zuen 18 urtetik beherakoetan, eta Elur Arteagak brontzea, maila berean. 14 urtetik beherakoetan, berriz, Lur Guenetxea bigarren izan zen proban, eta hirugarren Kopako azken sailkapenean.

Ainhize Belar atxondarrak (Bizkaia) aukera handiak zituen Kopa irabazteko –bigarren proban garaipena lortu zuen, eta aurrenekoan laugarren izan zen– baina ez zuen hirugarrenean parte hartu, eta, beraz, eskura utzi zien garaipena lehiakideei. Vilanova i la Geltruko proba Julia Benach 16 urteko gazteak irabazi zuen, eta Kopako azken garaipena, berriz, Paula Traverso extremadurarrak. Maila nagusi horretan finalerako sailkatu ziren Maddi Agirre, Ainhoa Uskola eta Maria Feo. Agirre podiumaren ateetan geratu zen, laugarren azkenean; Uskola seigarren izan zen eta Feo zortzigarren.

Mutiletan, maila nagusian, euskal ordezkari bakarra izan zen lehian, Martzel Vicario; arrasatearra zortzigarren izan zen azkenean. Proba bera Manuel Pastor valentziarrak irabazi zuen, eta, hiru proben emaitzak kontuan hartuta, Kopako azken garailea, Raul Escribano izan zen, valentziarra hori ere.

Gazteen artean, 18 urtetik beherakoetan, Maddi Agirre ordiziarra (Gipuzkoa) izan zen garaile, bai Vilanova i la Geltruko proban eta bai Kopako sailkapen nagusian. Denboraldi bikaina ari da osatzen Agirre, jauzi nabarmena emanda. Elur Arteaga bosgarren izan zen proban, eta hirugarren Kopako sailkapen nagusian. Brontzea, beraz, tolosarrarentzat (Gipuzkoa).

16 urtetik beherakoetan, Udane Mujika elduaindarra (Gipuzkoa) seigarren izan zen Vilanova i la Geltruko finalean, eta sailkapen nagusian podiumaren atarian geratu zen, laugarren. Eta, azkenik, nabarmentzekoa Lur Guenetxearen lana 14 urtez azpikoetan. Aretxabaletarra (Gipuzkoa) lehen aldiz aritu zailtasuneko Espainiako Kopan, eta azken proban bigarren eta sailkapen nagusian hirugarren izan da.

Denboraldia amaitzeko boulderreko Espainiako Txapelketa eta Kopako azken proba geratzen dira Jakan (Aragoi, Espainia), azaroaren 9an eta 10ean.

Emaitza guztiak FEDMEren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.