Euskadiko boulder txapelketa jokatu zen aurreko larunbatean, otsailak 1, Donostiako The Factory Boulder rokodromoan, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatuta. Aldi berean, The Factory Open irekia ere izan zen, eta Kataluniako eta Espainiako beste federazio batzuetako hainbat eskalatzaile ere aritu ziren lehian Donostian, 210 guztira. «Partaidetza oso ona, bloke ikusgarriak eta onak, maila handia eta giro paregabea izan zen txapelketan», nabarmendu du Aitor Usonek, EMFko eskalada batzordeko buruak.
Sailkapen fasean, eskalatzaileek 30 bloke zituzten, erraz samarrak, tartekoak eta zailak. Hala, zailtasunaren arabera, blokeek puntu gehiago edo gutxiago balio zuten. «Kateatutako hamar bloke zailenak hartzen ziren kontuan eta jokoa zen ahalik eta puntu gehien lortzea. Sailkapen horietatik atera ziren maila bakoitzeko sei finalistak», azaldu du Usonek.
![Euskadiko boulder txapelketa Euskadiko boulder txapelketa](/uploads/s1/71/16/25/8/ef-736319-17387644554985_49_1000x666.jpeg)
Eneko Carretero, Iker Arroitajauregi, Urko Aranzubia eta The Factoryko ekipatzaileak aritu ziren blokeak ekipatzen, eta «sekulako lana egin zuten», Usonen beraren eta The Factoryn bildutako eskalatzaileen esanetan. «Blokeak oso onak izan ziren, oso ondo doituak adin eta maila bakoitzerako. Partaide guztiek goraipatu zuten ekipatzaileen lana. Finaletan ere blokeek galbahe lana ondo bete zuten. Eneko eta Arroita Euskal Herriko ekipatzailerik onenetakoak izango dira gaur egun, eta nabaritu zen. Luxu bat», nabarmendu du EMFko eskalada batzordeko buruak.
Maila nagusian, Maddi Agirre nagusitu zen emakumeetan. Ordiziarrak maila handia erakutsi zuen, eta finaleko lau bloketatik hirutan jo zuen goia. Euskadiko txapelketan bigarren Elur Arteaga izan zen, eta hirugarren, Intza Elizalde. Kategoria honetan ezustekoa ere izan zen, iazko txapelduna, Idoia Martinez, ez baitzen finaleko seikoterako sailkatu.
Gizonezkoetan, Joanes Esparta nagusitu zen The Factoryn. Joan den urtean hirugarren izan zen Andoni anaiak irabazitako proban, eta aurten, aldiz, podiumeko maila gorenera igo da Joanes, finaleko lau bideetatik bi top eginda. Asier Antunez gasteiztar gaztea, oso indartsu, bigarren izan zen, eta Iñaki Arantzamendi beteranoa, hirugarren. «Polita da gaztetxoen arten beteranoak ere hor daudela ikustea. Finaleko blokeak modernoak ziren, eta Iñaki eskola zaharrekoa da gehiago. Erregeleta txikiak eta hatzak kakotuta amaitu beharreko blokeak jarriz gero, ea nork irabazten dion, baina gaur egungo bloke modernoetan, orain jauzi bat, orain sarrera zail bat, orain koordinazioko bloke bat... bestelako mugimenduak dira, eta gazteak oso-oso indartsu datoz», azaldu du Usonek.
![Euskadiko boulder txapelketa Euskadiko boulder txapelketa](/uploads/s1/71/16/19/7/17387645066455_43_650x650.jpeg)
Gazteen artean, 18 urtez azpikoetan, Udane Mujika izan zen txapeldun, Ines Allende bigarren eta Libe Castillo hirugarren. Mutiletan, Gari Markuerkiaga gailendu zen, Amets Unamuno izan zen bigarren eta Haritz Urkiola hirugarren. Maila horretako bi txapeldunek, Mujikak eta Markuerkiagak, bi bloke gainditu zituzten goreneraino.
Hamasei urtez beherakoetan, ikusgarria izan zen nesken finala: ikusgarri aritu ziren, batetik, Sofia eta Emma Hernandez Lago ahizpa bikiak, eta, bestetik, Elene Otermin. Hirurek gainditu zituzten finaleko lau blokeak, baina Sofia Hernandezek lehen ahaleginean lortu zituen laurak, eta horri esker jantzi zuen txapela. Otermin izan zen bigarren eta Emma Hernandez hirugarren.
«Blokeak oso onak izan ziren, oso ondo doituak adin eta maila bakoitzerako. Partaide guztiek goraipatu zuten ekipatzaileen lana»
AITOR USONEMFko eskalada batzordeko burua
Mutiletan, 16 urtez azpikoetan, Eñaut Usonek erakutsi zuen koska bat gorago dagoela, eta berak lortu zuen txapela. Finaleko lau blokeetatik hiru gainditu zituen Usonek. Bat gutxiago gainditu zuen Lier Perez bigarrenak, eta Miguel Diaz hirugarrenak ez zuen top-ik egin finalean.
Hamalau urtez azpikoetan, azkenik, Maddi Mendiburu eta Markel Korta izan ziren txapeldun. Nesketan, Izar Martin eta Olaia Sagasti izan ziren bigarren eta hirugarren. Mutiletan, berriz, Asier Intxaurbe eta Lur Guenetxea.
Sailkapenak, EMFren webgunean.