Lucas Egibar: «Orain, pentsa dezagun datorren denboraldian»

Basque Teameko snowboarderra etxera itzuli berri da Innsbruckeko ebakuntzaren ondoren. Donostiarrak bi hilabetez eraman beharko du ortesia, eta, ondoren, errehabilitazio aldi aktiboagoa hasiko du.

Lucas Egibar
Olatz Legarza Basque Team fundazioko koordinatzailea eta Lucas Egibar, gaur, Donostian, prentsaurrekoa eman aurretik. JESUS MARI PEMAN / BASQUE TEAM
ramon olasagasti
2024ko martxoaren 15a
21:00
Entzun

Lucas Egibarrek prentsaurrekoa eskaini du gaur Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan, Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzailearekin batera, Innsbrucketik (Austria) etxera itzuli ostean. Ebakuntza egin diote han, martxoaren 9an izan zuen ezker oineko Akilesen orpazurdaren haustura sendatzeko. 

Egibarrek larunbatean izan zuen lesioa, Italiako Cortina d’Ampezzoko estazioan jokatutako proban. Zortzigarren amaitu zuen Eliot Grondin kanadarrak irabazi zuen proban (kanadarrak lidergoa sendotu zuen bosgarren garaipena erdietsita).

Luki, Munduko snowboardcross txapelduna 2021ean, Munduko Kopan sei garaipen eta 20 podium lortutakoa, txapeldunorde bikoitza 2017an eta Munduko Kopako irabazlea 2015ean, erori egin zen final txikia jokatzen ari zela, bihurgune batean barrualdetik aurrera egiten saiatuta. Donostiarrak zortzigarren bukatu zuen Cortinan, baina postua garesti atera zitzaion. Gipuzkoako txapelduna Cortinan bertan aztertu zuten hasieran, eta ez zioten lesio larririk antzeman, baina, mina sentitu zuenez, Innsbruckera eraman zuten, Tiroleko hiriburura. Han Akilesen orpazurdaren haustura diagnostikatu zioten, eta ebakuntza egin zioten astearte arratsaldean, arazoa ahalik eta lasterrena konpontzen saiatzeko eta errekuperazio luzeari ahal bezain pronto ekiteko.

«Hasieran ez nintzen konturatu lesioa zenbaterainokoa izan zitekeen. Gero, lotailua eta taula kendu nituenean, ia lurrera erori nintzen; orkatila oso zurrun nuela nabaritzen nuen».

LUCAS EGIBARSnowboarderra

«Kontsolazio finalean izan zen, final txikian. Egia esan, oso azkar nindoan. Hasieran laugarren nindoan, eta, jaitsieran aurrera egin ondoren, lehenari erasotzen saiatu nintzen. Bihurgune baten aurretik dubbi batzuk zeuden, eta, oso azkar nindoanez, luze joan nintzen. Eta erori egin nintzen. Eta, erortzean, orkatilari tira egin nion. Egia esan, oso azkar goaz, eta, erorikoaren abiaduragatik, hasieran ez nintzen konturatu lesioa zenbaterainokoa izan zitekeen. Gero, lotailua eta taula kendu nituenean, ia lurrera erori nintzen. Orkatila oso zurrun nuela nabaritzen nuen, eta orduan bota nuen neure burua lurrera», esan zuen Egibarrek Innsbrucketik, Alex Aguirre bere fisioterapeuta ondoan zuela.

Austrian egindako ebakuntza ondo joan zen. Atzo, osteguna, goizean, orbana berriro aztertu eta garbitu, eta dena oso ondo zegoela ziurtatu zuten; beraz, orain hurrengo urratsa errehabilitazio prozesua martxan jartzea da. Lehen bi hilabeteetan, Lucasek hankan jarri dioten ortesia eraman beharko du, aldaketa txikiak gehituz (eta bosgarren astetik aurrera mugimendu pixka bat eginez), eta zortzi aste horien ondoren, errehabilitazio aldi aktiboena hasiko du.
 
Donostiarrak Munduko Kopako sailkapen nagusian postuak igotzea zuen helburu, baina denboraldiari agur esan dio. Iaz bigarren izan zen Munduko Kopako sailkapen nagusian, eta aurten Les Deux Alpesen eskuratutako hirugarren postua eta Sierra Nevadan erdietsitako laugarren postua izan dira lortutako emaitzarik onenak.

«Berriro ondo egoteko gutxienez sei hilabete beharko ditudala esan didate; beraz, hemendik aurrera gauzak lasai hartu beharko ditut, eta datorren denboraldian pentsatu», adierazi du Lucas Egibarrek, etsita baina itxaropentsu.

«Lucasek sekulako indarra du; bere bizitzako beste une zail batzuetan erakutsi du, eta Basque Teamen konfiantza osoa dugu. Badakigu inoiz baino sendoago itzuliko dela, eta fundazioa harekin egongo da behar duen guztian laguntzeko», ziurtatu du Olatz Legarzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.