Gazteak dira, oso, baina eskarmentua dute txapelketetan Mikel Linazisorok (Bergara, Gipuzkoa, 2000) eta Muriel Ruiz de Larramendik (Iruñea, 1999), Euskal Herriko eskalada txapeldunek. Euskal Herriko Boulder Txapelketa jokatu zen larunbatean, Iruñean, BiHatz eskalada gunean. Biek nagusitasunez irabazi zituzten beren txapelketak, baina nabarmentzekoa da eskalatzaileek erakutsi zuten maila, gazteenetatik hasi eta helduetaraino. Bi txapeldunek aukerak dituzte 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan egoteko.
Seniorretan, gizonetan, Linazisororekin batera igo ziren podiumera Ander Mendieta, bigarren, eta Bittor Esparte, hirugarren. Emakumeetan, Ruiz de Larramendik ondoan izan zituen Maria Amasene eta Miriam Mulas. 20 urtez azpikoetan, mutiletan Julen Arriolak irabazi zuen, eta nesketan, berriz, Irantzu Porresek.
Txapelketaren datuei begira jarrita, aipagarria da elkartu ziren eskalatzaileen kopurua: guztira 104, adin ezberdinetako lehiaketetan, Euskal Herriko harrobiaren erakusgarri.
Gustura zegoen Gorka Karapeto Euskal Selekzioko hautatzailea: «Oso gustura gaude txapelketarekin. Blokeak gogorrak ziren, eta maila batzuentzat gogorregiak ere bai agian, baina orokorrean denak gustura gelditu dira, eta oso giro polita egon da».
Linazisoro eta Ruiz de Larramendi Euskal Herriko boulder txapeldun
Guztira 104 eskalatzailek parte hartu dute Iruñeko BiHatz eskalatzeko gunean egindako txapelketan, harrobiaren erakusgarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu