Lide Urrestarazu laugarren Skyrace des Matheysins proban

Korrikalari ordiziarra podiumetik minutu eskasera geratu da, eta zirkuituko sailkapen nagusiaren buruan dago. FEDMEk antolatutako Espainiako Txapelketak ere jokatu dira asteburuan, eta Leire Fernandez bigarren izan da.

Anastasia Rubtsova korrikalari errusiarra
Anastasia Rubtsova korrikalari errusiarra izan zen garaile Skyrace des Matheysins proban. VALENTIN ORANGE / SKYRUNNER WORLD SERIES
ramon olasagasti
2024ko maiatzaren 7a
12:30
Entzun

2024ko Skyrunners World Series zirkuituko hirugarren proba jokatu zen igandean St. Honore herrian (Frantzia), Skyrace des Matheysins (25 km, 1930 m+), eta Lide Urrestarazuk (Ordizia, Gipuzkoa, 1999) sasoi betean dagoela erakutsi zuen beste behin, laugarren postua eskuratuta. Anastasia Rubtsova errusiarrak irabazi zuen proba, ingurune teknikoetan eta batez ere jaitsieretan teknika eta abilezia ikusgarria erakutsita. Errusiarrak hiru eguneko bidaia luze baten ondoren eta utzitako zapatila batzuekin korritu zuen, baina, hala ere, zazpi minuturen baino gehiagoren aldea atera zion bigarrenari, Alice Bausseron frantziarrari. Hirugarren, Bailey Kowalczyk estatubatuarra izan zen. Eta haren atzetik, laugarren, Urrestarazu, podiumeko postuetatik minutu bat baino gutxiagora. 2024ko Skyrunners World Series zirkuituko hiru proba jokatu ondoren, sailkapen nagusiaren buruan da Urrestarazu.

Gizonezkoetan, Nadir Maguet italiarrak erakutsi zuen sasoi beteko bukatu duela mendiko eski denboraldia eta indartsu ekin diola trailekoari. Daniel Antoniolli herrikidearekin eta Manuel Merillas espainiarrarekin lehia estua izan ondoren, garaipena eskuratu zuen Maguetek. Antoniolli izan zen bigarren, eta Merillas hirugarren.

Euskal selekzioko bi kide ere izan ziren Skyrace des Matheysins proban. Ibai Cebrian gaztea 52. izan zen, eta Aitor Ajuriak, berriz, 88. postua lortu zuen.

Leire Fernandez bigarren Espainiako Txapelketan

Espainiako Mendi Federazioak (FEDME) antolatutako mendi lasterketen Espainiako Txapelketa ere jokatu da asteburu honetan, Trencacims probaren barruan. Apirilaren 13an eta 14an Atletismo Federazioak antolatutako Espainiako Txapelketak jokatu ziren, eta orain FEDMEk antolatutakoak jokatu dira. Euskal Herriko korrikalari ugari lehiatu zen Trencacims lasterketan, eta, sailkapenari dagokionez, azpimarratzekoa Leire Fernandezek (Errenteria, Gipuzkoa 1998) lortutako bigarren postua, Greta Garcia Moran asturiarraren atzetik. Mutiletan, beste asturiar bat izan zen txapeldun, Dimas Pereira.

FEDMEk antolatutako mendiko lasterketen Espainiako Txapelketako podiuma
FEDMEk antolatutako mendiko lasterketen Espainiako Txapelketako podiuma. Ezkerrean, bigarren postuan, Leire Fernandez. FEDME

Mutiletan, promesa mailan, Gontzal Murgoitio (Elorrio, Bizkaia, 2001) nagusitu zen, eta maila berean bigarren, Aimar Azpiroz arruiztarra (Nafarroa) izan zen. Gaztetxoetan, berriz, Alluiz de Bilbao bigarren izan zen.

Gainerako partaideen sailkapenak, esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.