Lide Urrestarazu sasoiko dago berriro, eta joan den asteburuan garaipen handia lortu zuen Skyrunner World Series zirkuituko 19. eta azken-aurreko lasterketan, Malaysiako Kailas Penang Skyrace proban. Bigarrena du aurten. Distantzia, maratoia (42 km), desnibela, 3.800 metro positibo, eta ingurunea, Penang Hilleko Biosfera, Unescok gizateriaren ondare izendatua, basa bizitzaz beteriko oihan tropikal hezea. Ibilbide gogor eta eskakizun handikoa Malaysiara bertaratu ziren mundu zabaleko ehunka korrikalarientzat.
Ilunpetan eta euripean ekin zioten partaideek probari, kopetako argiak piztuta, eta hasiera samarretik hartu zuen lasterketaren burua Lide Urrestarazuk. Lehen kilometroetan, gertu suma zezakeen Iris Pessey frantziarraren eta Marcela Vasinova txekiarraren arnasa, baina ondo eutsi zion erritmoari, eta ondo neurtu zituen indarrak. Azkenean, berak hautsi zuen helmugako zinta lehen postuan, bost ordu eta laurden pasatxoan (5.16.37), Pessey bigarrenari 9 minutu eta Vasinova hirugarrenari 37 minutu aterata.
Urrestarazuk adierazi zuen «asko gozatu» zuela lasterketan: «Ez nago ohituta klima tropikal honetara: hezetasun eta bero sargoria izan dugu, eta ondo kudeatu behar izan dut dena. Erritmo egoki bati eusten eta ur asko edaten saiatu naiz, eta uste dut azkenean lasterketa ona egin dudala».
Urrestarazuk bigarren garaipena du 2024ko Skyrunner World Series zirkuituan; denboraldiaren hasieran Kanarietako La Palma uharteko Acantilados del Norte lasterketa irabazi zuen. Garaipen horiei esker, laugarren jarri da zirkuituko sailkapen nagusian, eta proba baten faltan, aukeran da azken sailkapen horretako podiumera igotzeko. Turkiako Sagalassos Skyrace izango da azkeneko proba, larunbat honetan bertan. Skyrunner World Serieseko finala edo Skymasters proba, berriz, azaroaren 16an izango da, Marato dels Dements proban (42 km, 3800 m+), Herrialde Katalanetako Serra d’Espada mendigunearen bihotzean.
«Ez nago ohituta klima tropikal honetara: hezetasun eta bero sargoria izan dugu. Erritmo egokiari eusten eta ur asko edaten saiatu naiz, eta uste dut azkenean lasterketa ona egin dudala»
LIDE URRESTARAZUMendiko korrikalaria
Urrestarazuk handia egin bazuen, Ioseba Eskuderok ere ez zuen makala egin. Idiazabaldarra bigarren izan zen Malaysiako proban, eta horixe du nazioarteko proba batean lortzen duen lehen podiuma. Oihaneko baldintzetara, ibilbide tekniko eta lokatzetara moldatzeko gaitasun handia erakutsi zuen Eskuderok. Proba Lorenzo Beltrami italiarrak irabazi zuen, erraz samar, Eskuderori ordu erdi pasatxoko aldea aterata. Hirugarren Yusof Abdul Manan malaysiarra izan zen.