Leku bat munduan

Jonatan Garciak lau bide berri zabaldu ditu azken asteotan Aneton, laurak mendiaren I-IEko aurpegian, Barrancseko glaziarraren gaineko horman. Dagoeneko 24 bide ditu Pirinioetako gailurrik garaienean. Barakaldoko alpinistak Benasquen errotu du bizimodua.

Jonatan Garcia alpinista
Jonatan Garcia alpinista barakaldarra. JONATAN GARCIAREN BILDUMA
ramon olasagasti
2024ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

«Batek bere lekua aurkitzen duenean munduan, ezin da handik joan». Hala esaten dio aitak semeari Adolfo Aristarain zuzendari argentinarraren Un lugar en el mundo pelikulan. Filmeko protagonistak Argentinako San Luis probintziako nekazari herrixka batean aurkitu zuen bere lekua munduan; bera zen guztia zedarritzen zuten lurralde haien koordenatuetan erabaki zuen behin betiko aingura botatzea. Jonatan Garcia alpinistak ere (Barakaldo, Bizkaia, 1985) aurkitu du bere lekua munduan, eta Benasquen (Huesca, Espainia) iltzatu du pioleta, Pirinioetako mendi handienen altzoan. Han bizi da aspaldiko urteotan, hango mendietan ibiltzen da eskalatzen, eskiatzen, bizikletan, han osatu du familia, eta han aurkitu du zorionerako zidorra. Azaroan, abenduan eta urtarrilean lau bide berri zabaldu ditu Aneton. Eta ez dira aurrenekoak: guztira 24 bide ireki ditu mendi horretan.

Ez dira urte asko Jonatan Garcia mendian hasi zela, dozena bat urte eskas, baina hasi bazen hasi, gelditu gabe dabil geroztik. «26 urtera arte ez nuen nire bizitzan mendi bakar bat ere igo. 2011. urtean hasi nintzen. Aurrez futbolean ibiltzen nintzen, baina mendiak berehala katigatu ninduen, eta bizitza, lana, familia, den-dena beste era batera ikusarazi zidan», azaldu du. Urte hartan bertan egin zuen lehen txangoa Benasquera, eta Anetora igo zen, Renclusako ohiko bidetik igo eta Vallibiernatik jaitsi. «Izugarri gustatu zitzaidan mendia, eta bailara bera. Maitemindu egin nintzen. Hasiera haietan, beste hainbat mendigunetan ere eskalatu nuen, Gredosen, Europako Mendietan, Pirinioetako beste leku batzuetan, baina beti Benasquen bukatzen nuen», oroitu du.

Benasqueko lehen bidaia haietan, ostiral gauean iritsi eta beti taberna berean hartzen zuen bere cola caoa, gorputzari epeltasun pixka bat emate aldera. «Ondoren, furgonetarik eta halakorik ez nuenez, elizako, posta bulegoko, kiroldegiko edo gaur egun nire semea doan haurtzaindegiko arkupeetan lo egiten nuen». Larunbatean mendiren bat eskalatu, herrira itzuli, mokadu bat jan, beste cola cao bat, eta berriro arkuperen batera lotara. Eta igandean, berriro mendira eta arratsaldean buelta etxera. «Hala, etengabeko joan-etorri haietan, ametsetan hasi nintzen hona bizitzera etortzearekin».

Jonatan Garcia alpinista
Anetoko bideetako batean. JONATAN GARCIA

Benasquen bizitzen daramatzan urteotan, mendia beste begi batzuekin ikusten ikasi du, eta, bailara ezagutu ahala, hango jendearekin eta gailurrekin hartu-eman estuagoa lortu du. Aneto du mendi kutuna, eta azken bi hilabeteotan lau bide zabaldu ditu mendiaren I-IEko aurpegian, Barrancseko glaziarraren gainean dagoen horman. Neguko denboraldiaren hasieran, Felix Sanchez lagunak eta biek Jean Arlaud korridorea (1935ean zabaldua) eskalatu zuten, eta ikusi zuten korridorearen ezkerrera hormak hainbat aukera eskaintzen zituela lerro berriak zabaltzeko, eta baldintzak onak zirela. Hala, azaroaren 17an Ser aventureros bidea zabaldu zuten justu Jean Arlaud korridorearen ezkerrera. «Bideak 235 metro ditu, bost luze, 90 graduko zailtasunak izotzean, eta M5+-ekoak mistoan».

aneto eskalada-1
Felix Sanchez eta Jonatan Garciak azaroan zabaldutako bi bideak: ‘SiGa’ (235 m, 90º, M6, A1) eta ‘Ser Aventureros’ (235 m, 90º, M5+). JONATAN GARCIA

Pare bat eguneko atsedenaren ondoren, azaroaren 20an, beste bide bat ireki zuten Sanchezek eta biek, aurreko lerroa baino pixka bat ezkerrerago: SiGa (bien semeen izenak uztartzetik dator bidearena: Jonatanen Simon, eta Felixen Gael). Aurrekoa bezala, 235 metroko bidea da, zailtasun aldetik zertxobait gogorragoa: 90º izotzean eta M6 mistoan; zati bat, berriz, artifizialean (A1) gainditu behar izan zuten.

Lana uztea, familia...

Bost urtean, 2011tik 2016ra, asteburu askotan egin zuen Garciak Barakaldotik Benasquerako joan-etorria, cola cao asko hartu zituen betiko kafetegian, eta hantxe ezagutu zuen etxeko alaba, Sara. «Berak kanpoan ikasten zuen, Bartzelonan, eta hasiera haietan ez zidan kasu handirik egiten, baina, pixkanaka, lagun harremana zertxobait estutu zen, eta, Manaslutik itzuli nintzenean, erlazioa jada serioagoa bihurtu zen». Ordurako Garciak garbi zuen bere lekua Benasquen zegoela, mendi artean, eta maitasunak hondorago ainguratu zuen desira hori. 2018an bota zuen txikota behin betiko Pirinioetako herri hartan: «Hamabost urtean izan nuen lan finkoa utzi, eta hona etortzea erabaki nuen. Sarak ere garbi zuen, nahiz eta zuzenbidea eta turismoa ikasi, ez zuela Benasquetik atera nahi, eta familiaren negozioan hasi zen lanean. Esan zidan: ‘Zuk argi ikusten baduzu, bideragarri ikusten baduzu eta gogoa badaukazu, hemen gera gaitezke’. Beraz, erraz-erraza izan zen dena». Duela bi urte pasatxo jaio zen Simon, Sara eta bien semea, eta haurrak areago lotu ditu herrira.

aneto eskalada-2
Abenduaren 18an Ruben Martinezek eta Jonatan Garciak zabaldutako bidea: 'Saca la frontal' (80º, M7, A1). JONATAN GARCIA

Ezin konta ahala eskalada eta jarduera egin ditu Jonatan Garciak Benasqueko bailaran. Azaroko bi bideen ondoren, abenduaren 18an Ruben Martinezek eta biek beste bide bat zabaldu zuten Aneton, hirugarrena denbora gutxian. Abendukoa «gogorragoa» izan zen, haren hitzetan. Hasteko, hormara inguratzeko bidea bera dezente gogorragoa izan zen, ia zazpi ordukoa. «Azaroan Besurtatik abiatu ahal izan genuen, eta oraingoan Llanos del Hospitalen utzi behar izan genuen autoa. 3:30ean hasi ginen oinez, eta 10:45ean eskalatzen. Hurbiltze bidean, elur gehiago zegoen azaroan baino. Horman, aldiz, elur eta izotz gutxiago», azaldu du.

Izotz gehiago espero zuten, baina zati askotan harkaitza biluzik aurkitu zuten. «Bota zurrunekin joateko apustua egin genuen, eta ez zitzaigun burutik pasatu katu oinak eramatea. Bost luzeetatik lehen biak ez, baina goiko hirurak ia katu oinekin egiteko moduan zeuden. Eremu batzuetan verglas-a zegoen, eta horrek are zailagoa egin zuen eskalada, garbitu egin behar baitzen dena, aseguruak jartzeko. Izotza egon izan balitz errazagoa izango zen eskalada, eta babesteko seguruagoa». 200 metroko bidea atera zitzaien, azaroko biak baino «dezente gogorragoa», Garciaren arabera: 80 gradu, elur eta izotz ustel samarrean, M7 mistoan eta A1 artifizialean. 19:30ean iritsi ziren tontorrera. «Azkeneko luzea gauez egin genuen, frontalarekin. Hortik bidearen izena: Saca la frontal». Jaitsiera osoa ere gauez egin zuten, eta Portillon pasatu arte ez zuten inoren arrastorik aurkitu. «23:15ean heldu ginen Renclusako aterpera, baina, argirik ez zegoenez, jaisten jarraitu genuen. 00:30ean heldu ginen autora, eta 01:00etan Benasquera, 22 orduren buruan».

aneto eskalada-3
Santi Callejok eta Garciak aurreko astean zabaldutako lerroa: ’Caprichos del viento’ (180 m, 85º, M7). JONATAN GARCIA

Aurreko astean, berriz, urtarrilaren 4an zehazki, beste lerro bat zabaldu zuen Aneton, aurreko hirurak baino zertxobait ezkerrerago, oraingoan Santi Callejorekin batera: Caprichos del viento (180 m, 85º M7). «Urtezaharrean Bilbon izan nintzen familiarekin, eta handik bueltan Santi Callejok deitu zidan elkarrekin zerbait egiteko. Egunik egokiena osteguna izan zen, eta Anetora abiatu ginen beste behin. Aurreko lerroak baino ezkerrerago zabaldu genuen laugarren hau, elur eta izotz gutxirekin oraingoan ere, mistoan gehiena», jakinarazi du.

Zerain, Himalaia...

2019ko ekainean zabaldu zuen Jonatan Garciak lehen bidea Aneton, Sergio Marco lagunarekin: Zerain, bi urte lehenago Nanga Parbateko Mazeno ertzean elur jausi batek harrapatuta hil zen Alberto Zerain gasteiztarraren omenez. Izan ere, Alberto Zerainekin egin zuen lehen espedizioa Himalaiara, Annapurnara hain zuzen. «Zorionekoa izan nintzen Annapurnakoa Zerainekin batera egiteko. 2017an, gainera, zortzimilakoen komertzializazio basati hori lehertzeko zorian zegoen, baina artean lehertu gabe, eta antzeko filosofia genuen hiru talde bakarrik elkartu ginen mendian». Zerainentzat hamargarren zortzimilakoa izan zen, eta Garciarentzat, lehena. «Himalaismoko master bat izan zen. Zerainek jakintza eta diziplina handia zuen goi mendian, eta asko irakatsi zidan».

Alberto Zerain eta Jonatan Garcia
Alberto Zerain eta Jonatan Garcia, Annapurnako espedizioan. JONATAN GARCIAREN BILDUMA

Annapurnaren ondoren, 2018ko udazkenean Manaslu igo zuen Garciak, eta 2020ko urtarrilean, negu bete-betean, Ama Dablam (6.858 m) eskalatu zuen Alex Txikonekin batera. Ama Dablametik segidan Everestera jo zuen, baina otsailaren 2an elur zubi bat hautsi eta istripua izan zuen, pitzadura batera erorita. Lesioetatik osaturik, 2021ean Dhaulagirin egin zuen ahalegina, baina, mendiaren baldintza txarrek eta kanpaleku nagusian izan ziren COVID kasu ugariek behartuta, bertan behera utzi behar izan zuen espedizioa. Ordurako jada lehertuta zegoen lau urte lehenago antzematen hasia zen desmasia. Etsipenez azaldu zion BERRIAri: «Jende gehiegi zegoen Dhaulagiriko kanpaleku nagusian. Ez nuen inola ere Himalaiako girorik sentitu: jendearen artean lanerako gogorik eta koordinaziorik batere ez... Bizitakoak etorkizunean gauzak beste ikuspuntu batetik planteatzera eramango nau. Ez dakit behar ez dudan leku batean ez ote nagoen...».

«Pirinioak zoragarriak dira, eta batzuetan gutxietsi egiten ditugu. Kanpora joan, dirua parrastaka gastatu eta egun mordo bat etxetik kanpo egitea da askotan mendizaleon grina, eta galdu egiten dugu etxeko mendiek duten esentzia eta egiazko balioa».

JONATAN GARCIAAlpinista

Horregatik, eta batez ere Benasquen behar duen guztia duelako, gaur egun ez du horrenbesteko beharrik sentitzen espedizioak egiteko. «Pirinioak zoragarriak dira, eta batzuetan gutxietsi egiten ditugu. Kanpora joan, dirua parrastaka gastatu eta egun mordo bat etxetik kanpo egitea da askotan mendizaleon grina, eta galdu egiten dugu etxeko mendiek duten esentzia eta egiazko balioa, eta arreta handiagoa jarri beharko genieke, zer deskubritu eta non gozatu asko baitago urrutira joan gabe». Hori dela eta, lerro berriak esploratzen jarraitzen du, eta aldian-aldian erronka gogorrak jartzen dizkio bere buruari: duela pare bat urte, esaterako, 34 orduan Maladeta-Aneto mendiguneko 51 hirumilakoak igo zituen, Benasquen hasi eta bukatu (bizikletaz mendien oinarriraino eta bizikletaz etxera buelta); 2022an, Anetoko Salenques, Llosas eta Alba ertzak kateatu zituen hogei orduan; eta iazko uztailean, jarduera gehixeago zailtzeko, Salenques-Llosas-Cregueña-Alba ertzak eskalatu zituen bata bestearen atzetik 22 orduan.

Autorik ez dauka, eta besteena ere ahalik eta gutxien hartzen du. «Kasurik gehietan bizikletan ateratzen naiz, eta gero eta gehiagotan jarduerak uztartzen saiatzen naiz. Gailurretara eskalatzen igo, ondoren parapentean jaitsi... Hau paradisu bat da hegan egiteko ere, eta jada berrehun bat hegaldi egin ditut, gehienak mendi altuetatik. Hori dela eta, gero eta gehiago kostatzen zait bailaratik ateratzea. Hauxe da nire lekua, eta etxean daukat behar dudan guztia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.