Lehenbizikoz, nazioartean

Eskaladako euskal selekzioak beste mugarri bat ezarri du: larunbatean debuta egin zuen nazioarteko proba batean, Ingalaterran. Zazpi eskalatzailek ordezkatu zuten selekzioa.

Sheffielden euskal selekzioarekin aritu diren eskalatzaileak. ESKALADAKO EUSKAL SELEKZIOA.
Unai Ugartemendia.
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Aurten zazpi eskalatzaile joan gara Euskal Herritik, baina etorkizunean gehiago eramatea espero dugu». Sergio Delgadoren hitzak dira, eskaladako euskal selekzioko hautatzailearenak (Gasteiz, 1995). Larunbata egun berezia izan zen selekzioarentzat, estreinakoz nazioarteko lehiaketa batean hartu baitzuen parte. Sheffielden izan zen (Ingalaterra), The Rab Climbing Works festibalaren barruan.

Europan jokatzen diren txapelketa ezagunetako bat da Sheffieldekoa. Leedsekin batera, eskaladaren gune nagusi da Sheffield Ingalaterran. Urtero, han elkartzen dira Europa guztitik joandako eskalatzaile onenetakoak. Euskal selekzioko seikoa ere ez zen nolanahikoa izan: Mikel Linazisorok, Eneko Carreterok, Andoni Espartak, Haizea Osesek, Ainhize Belarrek eta azken urteetan txapelketa jokatu den leku berean bizi den Eder Lombak osatuzuten. Eskalatzaile gazteak dira, gogor ari dira lanean, eta etorkizun oparoa dute.

Haiekin batera izan zen Delgado ere. «Izugarrizko asteburua izan da guretzat. Gainera, larunbata egun historikoa izan zen eskaladako euskal selekzioaren historian. Lehenbizikoz lehiatu gara nazioartean euskal selekzioaren elastikoarekin. Inoiz ez genuen aukerarik izan selekzio moduan kanpoan lehiatzeko, gehienbat, Europako txapelketetan edo munduko txapelketetan Espainiako selekzioarekin lehiatzera derrigortuta gaudelako», azaldu du Delgadok.

Nazioartean selekzio gisa lehiatzeko ofizialtasunik ez dagoen arren, urtean badira lehiatzen uzten duten hainbat master, esaterako, Arcokoa (Italia) eta Sheffieldekoa bera. Euskal selekzioak, ordea, orain arte ez zen han lehiatu.

Ez dira txapelketa ofizialak, baina selekzio gisa parte hartzen uzten duten txapelketak dira biak ere. Hasieran, Darmstadten (Alemania) jokatzen den Studio Bloc txapelketara ziren joatekoak euskal selekzioko kideak, baina, beste kasu askotan bezala, pandemiagatik bertan behera gelditu zen txapelketa hori.

Blokeko diziplinan lehiatu behar izan ziren hara joan ziren ia 260 eskalatzaileak. Oso txapelketa irekia da Sheffieldekoa, eta, horretan, beste zortzi herrialdetako eskalatzaileak ere bildu ziren asteburuan, esaterako, alemaniarrak, frantziarrak, eskoziarrak, irlandarrak, lituaniarrak eta Britainia Handiko selekziokoak.

Goi mailako txapelketa

Maila handiko txapelketa izanik, sorpresak izan ziren eskalatzaileen artean. «Urtero Munduko Kopan lehiatzen ibiltzen diren asko gonbidatzen dituzte parte hartzera; aurten, esaterako, Alex Megos alemaniarra eta Will Bosi eskoziarra bertan ziren, baina askotan ez dira finalera ere pasatzen. Aurten ere goi mailan lehiatzen ibiltzen den lituaniar bat finaletik kanpo geratu da. Maila handiko txapelketa da», azpimarratu du Delgadok. Euskal eskalatzaileek gertutik bizi izan zuten lehiaren maila eta gogortasuna, jokoan jarri ziren 30 blokeetan. Lehen postuetatik urrun geratu ziren.

Maximillian Milne eta Ayala Kerem izan ziren irabazleak. Euskal selekzioko gizonezko eskalatzaileen artean, Andoni Espartaizan zen onena; 22. sailkatu zen. Carretero 24. izan zen, Linazisoro 30., Lomba 31., eta Delgado 43. Emakumeen artean, Ainhize Belarra 25. geratu zen, eta Haizea Osesek 30. tokian amaitu zuen txapelketa.

Itzultzea, amets

Baina azken sailkapenak izan ziren gutxienekoa Euskal Herritik joandako eskalatzaileentzat. «Asko borrokatu behar izan dugu denak Sheffielden egoteko». Delgadok argi dauka gauzatzea hainbeste kosta den parte hartzeak jarraipena izan beharko lukeela epe motzean. Horretarako, dagoeneko Frantzian jokatzen diren mota horretako beste bi txapelketetara begira jarrita dago, haien artean, urrian Oloronen jokatzen diren eskaladako 24 orduak. Baina ez da dena txapelketa izan Sheffielden igarotako lau egunetako egonaldian. Lehiaz harago, beste horma eta rokodromo batzuetan eskalatzeko aukera izan dute, eta eskalatzaile berriak ezagutu dituzte. Alde horretatik, oso balorazio «positiboa» egin dute joandako eskalatzaileek.

Baina lehen esperientzia horretatik etxera itzuli eta gero, gogoetarako ere hartu du denbora Delgadok: «Urte askotan Espainiako selekzioarekin parte hartu behar izan dugu. Baina guretzat handia da Euskal Herriko selekzio gisa lehiatzea. Denak pozik lehiatzen dira Munduko Kopan, baina euskal selekzioarekin aritzeak beste zerbait ematen dizu. Denok nahiko genuke euskal selekzio gisa lehiatu, eta sentimendu hori oso garrantzitsua da guretzat. Etorkizunean, aukera gehiago izatea gustatuko litzaiguke, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da eskaladako euskal selekzioan sinestea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.