Lau erraldoi hiru handitarako

Lasterketa bat baino gehiago da Hiru Handiak, tradizioagatik, ibilbideagatik eta sonagatik. Mendi lasterketen sukarraren aurretik sortu zuten, eta oraindik ere erreferentzia da bi urtetik behin. Azkorbebeitia, Maiora, Dominguez eta Garai dira larunbaterako faboritoetako lau.

Unai Ugartemendia.
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Larunbatean jokatuko da Hiru Handiak probaren 21. ekitaldia. Bi urtetik behin jokatzen den ultra lasterketa inoizko onena izango da aurten. Baina Hiru Handiak ez zen mendi lasterketa bat izateko asmoarekin jaio. Mendi martxa gisa sortu zen, 1987an. Aldaketa asko izan ditu geroztik. Lehen hamar urteetan, urtero egin zuten; gero, bi urtetik behin. 2006tik lasterketa da, eta garaile handiak izan ditu: Oihana Azkorbebeitia, Silvia Trigueros, Iker Karrera, Javi Dominguez eta Jose Luis Albizuri, besteak beste.

Euskal Herriko mendirik esanguratsuenetako batzuk zeharkatzen ditu 100 kilometroko ibilbideak: Gorbeia (11. kilometroa), Anboto (40. kilometroa) eta Aizkorri (91. kilometroa). Aurtengo berritasunik handiena da lasterketa Gopegitik irten beharrean Murgiatik aterako dela, ostiralean, 00:00etan. Lehen zazpi kilometroak aldatuko dira. «Murgia herri handiagoa da, eta bertan baliabide gehiago daude edozer gauzetarako», azaldu du Eloy Corresek, Hiru Handien sortzaileetako batek.

2016an, data aldarazi zieten antolatzaileei, ekainetik urrira, Gorbeiako parke naturaleko animaliak babesteko. Hala ere, probak ez zuen inolako aldaketarik izan ez ibilbidean, ez mendizaleen gogoan. «Ekainetik urrira aldatu genuenetik gauzak ez dira asko aldatu. 2016a izan zen aldaketaren lehen urtea, eta eguraldiarekin zorte handia izan genuen. Agian, nabarmenduko nuke eguna motzagoa dela, eta gaua lehenago egiten dela. Askori oraindik Aizkorriko gailurra gelditzen zaie igotzeko, eta eguraldi txarrarekin oztopo bat izan daiteke». Irteeran, 1.700 mendizale izango dira —3.000 eskari baino gehiago jaso zituzten antolatzaileek—, eta 400 boluntario horiei laguntzeko.

1. Sasoiko iritsi al zara Hiru Handietara?

2. Zein izango da zure planteamendua lasterketarako?

3. Zerk ematen dizu beldur handiena?

4. Zein izango da azken garaipenerako aurkaririk indartsuena?

5. Zerekin geldituko zinateke gustura?

5. 2018ko helburuetako bat al da lasterketa?

6. Urteko azken lasterketa izango al da?


OIHANA AZKORBEBEITIA (Abadiño, Bizkaia, 1981)

Irabazle 2010ean. Irabazle 2012an

1. «Bai. Denboraldia aspaldi hasi nuen, baina oraindik badut indar apur bat. Atsedena hartzeko gogoa ere badut, baina gogoz nago Hiru Handiak egiteko».

2. «Inoiz ez dut izaten planteamendu finkorik lasterketa baten aurretik. Batek daki egun horretan nola egongo naizen, momentua iritsi ahala joaten naiz gauzak irudikatuz. Oraingoz, hasi eta bukatzea dut buruan. 2012ko Hiru Handiak dut erreferentzia gisa, eta badakit non eta nola sentitu nintzen. Baina orduan ekainean izaten zen lasterketa, eta aurten urrian izango da. Horrek gauzak aldatu egingo ditu, are eta gehiago eguraldia aldrebesten bada. Gainera, nire entrenamenduak ez daude 100 kilometroko lasterketa bat egiteko pentsatuak, ezta gutxiagorik ere. Beraz, lasai hartuko dut, eta ondo bukatzen saiatuko naiz».

3. «Beldurra, ezerk ez. Ardura eta errespetua bai, ez dudalako horren lasterketa luzerik egin 2012tik eta ez dakidalako nire gorputzak eta nire hankek nola erantzungo duten».

4. «Garaipena? Ni ez nago horri begira. Tentu handiz irtengo naiz, nire martxan, inori begiratu gabe. Egia esan, ez diot begiratu korrikalarien zerrendari, eta ez dakit zein neska datozen. Entzun dudanez, Maite Maiora irteeran izango da, baina ez dut gainerako nesken berririk. Ez dut inolako lehiarik espero inorekin; ni neu ez noa lehiatzera, behintzat».

5. «Bukatu eta nire marka berdintzen badut, ezin gusturago geratuko naiz; hala ez bada, bukatzearekin pozik. Hiru Handiak ez dut lasterketa gisa hartzen, gure inguruko mendietan ibiliko gara, etxean, eta beste jarrera batekin biziko dut».

6. «Ez. Aurtengo helburua Euskal Selekzioarekin Munduko Kopa egitea izan da, ahalik eta emaitza onenak lortuz, baina betiere lasterketa bakoitzarekin gozatuz, eta helburua betea da jada. Italian, Andorran, Katalunian, Eskozian eta beste izan gara, eta esperientzia politak izan ditugu lasterketa bakoitzean. Esan beharrik ez dago Munduko Koparekin batera Euskal Herriko lasterketak ere sartu direla gure 2018ko helburu horietan, eta agian hemen bizi izan ditugu, gure jendearen babesean, lasterketa baten barnean bizi daitezkeen unerik hunkigarrienak. Horregatik, agian ilusio berezi bat daukat Hiru Handiekin: etxeko giro epela bizitzeko gogoz nago, eta badakit datorren astean epeltasun hori benetan sentituko dudala».

7. «Baietz esango nuke, baina auskalo. Azkena ez bada ere, badut denboraldi batean lasai ibiltzeko gogoa».
 

Andoni Canellada, Foku

 

MAITE MAIORA (Mendaro, Gipuzkoa, 1980)

Lehen aldia Hiru Handietan.

1. «Oso gutxi lehiatu naiz aurten, eta sasoiko ez dakit, baina inongo arazorik gabe nago. Ez daukat aitzakiarik».

2. «Lasterketa guztietan bezala, helmugara iristeko indarrak ondo neurtzea eta ezer utzi ez dudan sentsazioarekin amaitzea. Eta, noski, helburu nagusia gozatzea izango da».

3. «Distantziak eta distantzia hori egiteko behar ditudan orduek. Ez da lehen aldia horrelako distantzia bati aurre egin behar diodana, baina beldurra baino gehiago errespetua ematen dit. Beldur handiena, hala ere, gauean argirik gabe gelditzeak ematen dit!».

4. «Ez diot kasu askorik egin korrikalarien zerrendari, baina Oihana Azkorbebeitia irtetekoa da, eta neska gogorra da».

5. «Egindako lanarekin pozik gelditzea da nire helburu nagusia. Oraingoz, oso pozik nago lasterketa honetara iristeko egindako ibilbidean gozatu dudan guztiarekin».

6. «Hasieran ez zegoen nire asmoen artean, baina denboraldi aldrebes honi bukaera polita ematea gustatuko litzaidake. Hiru Handiak aukeraketa polita izan da».

7. «Bai».
 

Juanan Ruiz, Foku

 

JAVI DOMINGUEZ (Gasteiz, 1974)

Bosgarren 2010ean. Bigarren 2012an. Irabazle 2014an

1. «Ez dut inongo arazorik, eta proba jokatzeko gogo handiz noa. Hori asko da denboraldi amaiera izateko. Baina denboraldi guztiko nekea nabaritzen hasia naiz, eta gorputza atsedena eskatzen ari da».

2. «Nire erritmora joatea, lasterketa bakarrik egiten ariko banintz bezala. Sentsazioekin jokatu nahi dut, hasieratik denak emanda joan gabe».

3. «Nire lehen UTMBan gertatu zitzaidan antzera, kopetako argi nagusiak ez funtzionatzeak eta larrialdiko argia ere indarra galtzen ari dela ikusteak».

4. «Iokin Garai gero eta indartsuago dago, eta gero eta gehiago ezagutzen du lasterketa. Bestalde, gero eta jende gehiago dago estutzeko moduan, eta edonork eman dezake sorpresa».

5. «Helmugara sentsazio onekin iristearekin, behetik gora egin izanaren sentsazioarekin iristearekin eta, batez ere, aurpegi onarekin iristearekin [barrez]».

6. «Ez nuen izenik eman duela hilabete arte, aurten inoiz baino lasterketa gehiago nituelako. Azken unean erabaki dut».

7. «Eurafrica, hiru etapako lasterketa bat jokatuko dut Hiru Handiak bukatu eta bi astera. Horrekin amaituko dut denboraldia».
 

Juanan Ruiz, Foku

 

IOKIN GARAI (Oñati, Gipuzkoa, 1983)

Hirugarren 2014an. Irabazle 2016an

1. «Denboraldia luze doa. Neguko eski lasterketen ondoren, apirilean hasi nuen korrikako denboraldia. Uztailean atseden hartu nuen bi astez. Uztailaren bukaeran eta abuztuan gogor entrenatzen aritu naiz denboraldiko bigarren zatirako, eta ematen du nahiko lan txukuna egin dugula udan. Konfiantza eman dit Bocineros Deiadar lasterketan, irailaren 15ean, arazoak arazo azken unera arte lasterketa irabazteko lehian izateak. Uste dut ondo iritsiko naizela. Hala ere, uste dut freskotasun pixka bat falta dudala; burukoa, batez ere».

2. «Erraza da. Gure artean ez dago misterio handirik, badakigu nor ibiliko den aurrean, gutxi gorabehera, nahiz eta beti egoten den sorpresaren bat. Ni baino azkarrago aterako diren lasterkeriak daudenez, ni lasai aterako naiz. Aurreko aldiko denboran aterako naiz, gutxi gorabehera, eta, lasterketa aurrera joan ahala, nire lehiakideekiko aldea jaten saiatuko naiz, nire erritmoari eutsiz eta Landatik aurrera erritmoa igoz. Badakit ze denboratan ibiltzeko gaitasuna dudan, eta ez dut txorakeriarik egingo».

3. «Ez gozatzeak ematen dit. Iragan urtean entrenamendu eta lehiaketa guztietan sufritu nuen, anemia baten ondorioz. Gogorra da hainbat sakrifizio egin eta egiten duzunarekin ez gozatzea, gorputzak ez dizula laguntzen sentitzea, inertziaz aritzea. Baina iazkoa ahaztuta dago eta aurten izugarri gozatzen ari naiz. Haizeak errespetua ematen dit; Elgean, esaterako, haizeak kontra jotzen badu eta bakarrik bazoaz, oso luze egin daiteke 78 haize erroten atzerako kontaketa [barrez]».

4. «Niretzat, bi korrikalari dira irabazteko hautagai nagusiak: batetik, Javi Dominguez, edozein lasterketatan baita faborito, bai bere eskarmentuagatik, bai bere curriculumagatik; bestetik, Julen Martinez de Estibariz, korrikalari azkarra delako eta azken urteetan lasterketa luze pare batean oso ondo aritu delako. Horien atzetik, aldaratzearen bila, beste korrikalari multzotxo bat dago, eta neure burua hor ikusten dut, Mikel Etxeberriarekin, Goar Lopetegirekin, Iban Agirrezabalarekin, Juan Romanorekin eta ziur ahazten dudan norbaitekin batera. Uste dut neskak ere oso aurrean sartuko direla».

5. «Gozatzera aterako naiz, beti bezala, baina gezurretan arituko nintzateke horrekin konformatuko naizela esango banizu. Podiumean egon nahiko nuke, eta aurreko bi faboritoei sustoren bat eman ahal badiet, askoz hobe».

6. «Denboraldiko helburuetako bat bada ere, denboraldi polita egiten ari naiz, eta, alde horretatik, ez dut presio handirik sumatzen emaitza on bat lortzeko. Emaitza ona izango ez balitz ere, oraindik ere denboraldi ona litzateke».

7. «Sorpresarik ezean, azken lasterketa izango da, bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.