Laskungo mendietan murgilean

Juan Mari Ansak Pirinioetako zirku eder hari buruzko liburu bat ondu du, hamabi urteko lan handiaren ondotik. Auñamendi, Bilhara, Hiru Erregeen Mahaia, Dec de Lhurs eta beste zenbait gailur ezagutzeko 24 ibilbide bildu ditu, baita ingurunearen giza alderdia ezagutzeko kondairak eta istorioak ere.

Juan Mari Ansa, Laskungo mendiak atzean dituela. JUAN MARI ANSA.
ramon olasagasti
2023ko martxoaren 28a
00:00
Entzun

Hitzaren beharrik ez da; Laskuni buruz hasi orduko ezagun da zirrara haren hizketa moduan. Baina agertu da hitza ere: maitemina. Juan Mari Ansa mendizalea da mintzo dena (Donostia, 1956): «Leku batez maitemintzen zarenean... Garai batean, Izaban gertatzen zitzaidan: sarrerako lehen bihurgunean herria bistaratu, eta kristoren poza sortzen zitzaidan gorputzean. Laskunen ere gauza bera gertatu zait. Herriaren sarrerako azken bihurgunean sartu, eliza eta Bilhara mendia atzealdean ikusi, eta urduri jartzen nintzen. Errepide ertzean autoa utzi, eta argazkia atera arteko onik ez nuen izaten. Joaten nintzen bakoitzean, zirrara, poz edo urduritasun bera. Eta nahi izaten nuen une hori neureganatu, aldiro argazki bat atera, gaur elurtuta, hurrena argi bereziarekin... Gero etorriko zen mendi buelta edo dena delakoa, baina goizeko sentipen hori, lehen argiekin eta Laskungo eliza eta atzean Bilhara, hori sekulakoa zen». Maitemina.

Zinez maitemintzeko lekua baita Laskun ingurua, Biarnon. Ansak aipatzen duen ikuspegi hori, Laskun herriko arbelezko teilatuen gaienean hedatzen den tontorren zirkua, Pirinioetan berdinik gabeko ikuskizuna baita. Karpa beharrik ez duen anfiteatro harritsua. Hiru geruzako mihise naturala: belardien berde argia oinarrian, basoen orlegi ilunagoa gorago, eta kareharrizko piramide grisen larderia goi-goian. Somporteko mendatean behera, Gave d'Aspe errekak hondeatutako eztarri ospela alde batera utzirik, errepide sigisagatsu batek zabaltzen du zirkurako atea. Han dira Bilhara arranditsua, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Dec de Lhurs, Ansabereko orratzak eta beste hainbat, 64 gailur guztira.

Ansa 1992an heldu zen lehenbiziko aldiz Laskunera. «Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Acherito eta beste hainbat mendi aspalditik igoak nituen ordurako, baina beti hegotik, Belaguatik eta Linzatik. Gaztetan, mendi haien beste aldea, Biarno, Frantzia, urruti ikusten genuen. Hala ere, 1992ko lehen bisitaldi hartan, izugarri gustatu zitzaidan ingurua». Lehen sartu-irten haren ondotik etorri ziren beste batzuk, harik eta duela 12 bat urte, Aralarko Malloei buruzko beste liburu mardul eta sakon bat bukatu, eta bete-betean zirku honetan murgil egitea erabaki zuen arte.

Ikusi gehiago:Renaud de Changyren ihesa eta mugalariei aitortza

Maitemintzea bada murgiltzea ere. Mendian murgilean ibili, hori egiten du Ansak leku bat gogoko duenean. «Hasten zara hasieran ohiko txangoak egiten, gero alboko mendi hari ematen diozu begia, hurrena kaxko txiki hari, bidezidor hark nora eramaten duen jakin nahi izaten duzu hurrengoan... eta jabetzen zara inguruak askorako ematen duela». Zenbait eta gehiago barneratu, gainera, orduan eta sakonago ezagutu nahi. Hamabi urte iraun duen murgilaldi horretan, ezin konta ahala bidaia izan dira Laskunera. «Batek esan dezake: zenbat aldiz joan haiz leku berera, ez al haiz aspertzen? Ba, ez: aldiro bada pizgarriren bat».

Erabat katigatuta sentitu zen unea ere gogoan du. Bilhara tontorrera igo zen bigarren aldi hura. «Anayeteko txaboletan ginela, emazteak esan zidan egun hartan ez zeukala ibiltzeko gogo handirik eta han geratuko zela. Bizi-bizi igo nintzen. Bilharak hiru tontor ditu, eta normalean jendea aurrenekora igotzen da, altuenera, eta ez da besteetara joaten. Egun hartan beste bietara joan nintzen ni. Hirugarrenera joan eta hantxe Laskun herria behean ikusten nuela, hamar bat minutu egon nintzen eserita, erabat beteta. Ez nuke asmatuko deskribatzen une hartako sentimendua, baina pentsatu nuen: 'Zer gehiago eska diezaioket bizitzari?'». Zirkuaren magia, inguruaren eta norberaren bakarkako une intimo horien betetasuna, mendian murgil eginez baino lortu ezin diren plazer txikiak.

Laskunen, batez ere bi edo hiru lekutara joaten da jendea: Ansabereko orratzen azpiko txaboletara, Lhurseko lakura eta Laberouateko aterpetik Auñamendira. Zirkua askoz zabalagoa da, ordea, eta hori erakusteko, Ansak hogeita lau ibilbide proposatu ditu liburuan, zehaztasun osoz deskribatuak, 24 gonbidapen gailurrez gailur murgil egiteko. «Mendian pixka bat ibiltzeko ohitura dutenentzat, ez dira ibilbide zailak. Hori bai, edozein tontorretara iristeko, 1.000 metrotik gorako desnibela gainditu beharra dago, Laskunen behe samarretik abiatzen baitira ibilbideak», ohartarazi du. Mapak ere berak landu ditu: «Horretan eman dut ordu gehien, altimetria eta toponimia ondo zaintzen».

Barrio, Cadier anaiak...

Ansaren murgiltzea ez da, ordea, geografiara mugatu. Hogeita lau ibilbide horiez gain, liburuak beste hogeita lau kondaira eta istorio ere jasotzen ditu, zirkuaren eszenatokia deskubritzeko ez ezik laskundarren bizimodua eta historia barrutik ezagutzeko ere. Henri Barrio eskalatzaile hezigaitzaren bizitza, Ansabereko orratzetako konkistak eta epopeiak, Le Chemin de la Mâture bide ikusgarriaren historia, ontzigintzarako egurra almadietan Baionaraino eramaten zuten radeleurs adoretsuen historia, artzainen eta galtzear den bizimodu baten lekukotza...

Historiari buruzko lerroetan, badira pertsonaia entzutetsuak ere: bost Cadier anaiak, esaterako. Murgilaldi haietako batean, haien arnasa sentitu ere egin zuen Ansak une batez. «Nire joan-etorri haietako batean, Cadier anaietako baten biloba ezagutu nuen. Hitzaldi bat eman zuen herrian, eta, ondoren, bere etxera eraman gintuen; Cadier anaien jaiotetxera, alegia. Halako batean, koaderno batzuk erakutsi zizkidan: 'Begira, hauek dira haiek idatzitako eskuizkribuak'. Ostra! Jatorrizko eskuizkribuak! Pene Blanqueko lehen igoerari buruzkoak eta… Argazkia ateratzeko baimena eskatu nion. Hura altxor bat zen!». Murgilean aurkitzen diren horietakoa.

Izan ditu bidelagun leialak ere. Txaro emaztea, nola ez, murgilari batek behar duen arnasa emateko gertu beti. François Carrafancq laskundarra, artzainei ateratako argazkien baimenak eskatzen eta beste hainbat kontutan laguntzaile prestua. «Berak margotutako 50 bat akuarela ere eman zizkidan, Laskungo paisaienak, nahi genituenak aukeratzeko». Rafa Elorza Donostiako Club Vasco de Camping elkarteko presidentea, libururako margotutako akuarelen egilea... Vasco de Camping elkartearen beraren eskutik argitaratu da liburua ere.

Ansa kezkatuta dago Laskungo etorkizunarekin. Paisaia idilikoetan bizimodua, sarri, ez baita hain idilikoa izaten. 1870era arte, ia 2.000 biztanle ziren, eta gaur egun 160 inguru dira. Aljeriako gerrak eta Gerla Handiak eragindako sarraskia, artzaintzaren eta bizimodu tradizionalaren gainbehera, gazteen exodoa Bedousera, Pauera... «Hemendik 20-30 urtera, paisaia zaintzen duten abeltzain horiek joaten direnean, zer? Carrafancek kontatzen zidan nola saiatu ziren 1963an, Pirinio Atlantikoetako Parke Nazionala izendatu aurretik, Ansabereko orratzen azpian eski estazio bat egiten. Izugarrizko eztabaida izan zen, eta azkenik, udalak, bere aitaren botoarekin, estazioa ez egitea erabaki zuen. Ingurua salbatu zen, baina Carrafancek dio oraindik ere zahar batzuek nola aurpegiratzen dioten 'aitaren erruz' estaziorik gabe geratu zirela eta bizi diren moduan bizi direla».

Laskungo zirkuan, 12 urteko murgilean, hainbat altxor azaleratu ditu Ansak liburuan, eta altxor kutxa eder batean atonduta erakutsi ditu, bihotz-arimak horretara jarrita. «Hauxe da nik eman dezakedan guztia. Liburu hau ni naiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.