Felipe Uriarte
FUJI SAN-ETIK GOSAIKUND-ERA

Langtang

2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun

Txang-aren kiratsa heldu zait balantzaka niregana hurbildu denean. Ondoan eserita, Norbu Tamang berehala hasi zait:

– Duela 10 urte...
– Ez, duela 9 urte –nik.

Bera berriz:

– Duela 10 urte, izugarria, dena ura, denak hilik, dena erori zen...

Hor jarraitu du, eskuak begietan, negar zotinka. Jaiki, eskutik heldu, eta bere etxetxora eraman nau. Aldarean otoitz txikian hasi da, Dalai Lamaren argazkiaren aurrean. Eskutik heldu dut 85 urteko gizona, eta ttirriki-ttarraka itzuli gara Mingmar alabak gobernatzen duen landetxera. Honi senarra eta alaba hil zitzaizkion lurrikaran.

2015ean Nepalen gertatu zen lurrikarak Langtang eskualdea larriki astindu zuen, eta Langtang herria (3.430 m) erabat suntsitu. Iritsi zitzaien laguntza kanpotik, baina haien eskuz eta lanaren bidez lortu dute herria berreraikitzea. Landetxeak lanean ari dira, eta ari dira une latzak atzean uzten.

Felipe Uriarte eta Norbu Tamang Langtang herrian (Nepal)
Felipe Uriarte eta Norbu Tamang berriketan, Langtang herrian (Nepal).

Hiru ordura dagoen Kyangjin Gonpa-n (3.850 m), lurrikararen aurretik, 7.000 kilo nak gazta egiten zuten; egun 2.000 kilo besterik ez. Nonbait lurrikarak yak-nak taldeak kolpatu zituen.

Beheko eskualdetik jende asko igo da lanera: rai, maldur, chetri etniako jendea, eta haien arteko uztartzea eta nahasketa handia da. Hotel View Point izena duen landetxeko etxekoandrea, Txoten Lama, 38 urteko anderea, tibetarra bera, duela 35 urte iritsi zen hona, gurasoekin mendiz Tibetetik Himalaia zeharkatu eta mendikatearen hegoaldera heldu ondoren. Suni Tamang neskatilak eta Ram Rai sukaldariak laguntzen diote ostatuan. Hiru egun egin ditugu Hotel View Pointen, altuerarako egokitze lanean. Arratsaldeetan, menditik itzuleran, egongelan, lehenengo te-esnearekin eseri izan naizenean, Txoten Lama ikusten nuen, isilik, geldirik, leihotik begira. Zer zuen pentsamenduetan? Tibeteko haurtzaroko bizimodua? Himalaia zeharkatu zutenekoa? Bizitzaren misterioa?

Thulo Syabru, Gosaikund
2024ko urriaren 24a

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.